Joseba Garmendia
UPV-EHUko irakaslea

Herrigintzaren corpuserako iturriak

Berrikuntza prozesuak enpresa isolatua gainditzen duten prozesu interaktibo eta kolektiboen bitartez gauzatzen dira

Euskal Herrian garapen eta eraldaketa sozialekin loturiko esperientzia aberatsak ditugu, herri eta eskualdeetatik behetik gorako bultzadaz eraiki direnak. Kooperatibismo industriala da munduan ezagun egin gaituen aipatuena, baina ez da bakarra. Adibide gisa dugu eskualdeetako garapen agentzien sare zabala. Irakaskuntza, alfabetatze eta komunikabide eremukoak ere badira. Eta azken hamarkadetan esperientzia komunitario ugari sortzen ari da auzolanaren kulturan oinarrituta: Eusko moneta, Errigora esperientzia, ekintzailetasun kolektiborako plataformak (Bagara, Olatu Koop, Sakantzen Sarea…), kontsumorako gertuko sareak, Herrikoa arrisku kapitaleko elkartea, baserritarren Sutearo elkarri laguntzeko erakundea… Esperientzia hauetan udalek eta mankomunitate edo herri elkargo publikoek bultzatzaile eta babesle garrantzitsuak izan direla ezin daiteke ahaztu edo gutxietsi. Ez eta historiako une klabeetan munizipalismoak jokatu duen paper artikulatzaile eta proposatzailea: 1931ko Lizarrako Estatutua, 1976ko Alkateen Mugimendua eta 1999an Udalbiltza, esate baterako.

Herrigintza edota eraikuntza nazionala eta soziala eta udalgintza kontzeptuez izendatu ohi dira prozesu hauek. Oinarri demokratikoetan, identitate komunitarioetan eta elkarlanaren kulturan sustraitzen diren praktika hauek askotarikoak izanik ere, udal oinarriko instituzionalizazioa, tokiko garapena eta ekonomia eraldatzailea konbinatzen dituzte beren adierazpen aurrerakoienetan.

Praktika aberatsa izanik ere, beraien tratamendua, azterketa eta sustapena ez dago sistematizatua, ez eta sinergietan mesedegarri gerta dadin koherentziaz landua ere. Era isolatuan ernatzen dira orokorrean eta bere potentzialtasunaren mugetatik urrun geratzen da oraino. Faltan sumatzen da praktikaren ezagutza jasoko duen komunikaziorako narratiba aglutinatzailea eta eraikin metodologikoa. Baita ikasketa prozesu jarraituan beste leku batzuetako egitasmo sozialak arakatuko dituen lanketa ere.
Zeregin horretan diziplina anitzeko ikerketek (ekonomia, geografia, soziologia, antropologia eta abar) praktika hauen egokitasuna eta hainbat mikro-oinarri identifikatu dituzte. Garapen endogenoaren teoria da ezagunena eta erabiliena. Badaude beste iturri batzuk, ordea.

Mugak, distantzia eta denbora desagertu omen diren mundu lau eta globalizatu honetan, non kapital finantzario eta industrialak zein merkantziek mugitzeko oztoporik ez duten, bitxia gertatzen da nola akademia tokiko eskalari, gertutasunari eta komunitate harremanei gero eta balio handiagoa aitortzen ari zaien. Iturri ezberdinetatik dator aitorpen hori eta osagarritasunetik konbergentzia bat marrazten dute. Lehiarako abantailak eraikitzeko faktore klasikoak (baliabide naturalak, lan-esku merkea, finantza-kapitala) denontzat eskuragarri omen daudenez, abantailak sortzeko iturriak beste batzuk bilakatu dira, singulartasunak sortzen dituztenak eta imitatzeko zailak direnak, hala nola, langileriaren kalitatea eta trebetasunak (giza-kapitala), sare sozialen eta marko instituzionalaren hedadura, sakontasuna eta norabidea (kapital sozial/instituzionala), kultur aktiboen hedadura eta kalitatea (kapital kulturala) eta talde sortzaile eta berritzaile baten presentzia (ezagutza eta kapital sortzailea). Beste era batera esanda, faktore ez ekonomikoak; hala nola, faktore kognitibo, sozial, kultural eta instituzionalak, erabakigarriak bilakatu dira garapen ekonomikorako. Faktore hauek guztiak lurraldearen gaitasun eta berezitasunei erabat lotuta dauden heinean, lurraldea eta erregioa abantaila lehiakorrak eraikitzeko gune indartua bihurtzen dira. Ekarpen hauen adibideak dira Michael Porter-en ‘lehiakortasunerako diamantea’ eta Alemaniako Garapen Institutuak garatutako Lehiakortasun Sistemikoaren planteamendua.

Modu paraleloan, berrikuntzaren prozesua ulertzeko marko teoriko modernoek ezagutza eta ikasketa faktore eta prozesu klabe bezala identifikatu dituzte. Ezagutzari dagokionez, sarritan bi osagai mota dituela antzeman dute: alde kodifikatua eta kodifikatzeko zaila den alde tazitua. Adibide sinplea da paellarena: errezeta alde kodifikatua da eta edonorentzat eskuragarri dago; baina plater bikaina lortzeko esperientziaz lortzen den ezagutza tazitua beharrezkoa da. Fundizio bateko labearen erabilera konplexuagoa den neurrian, esperientziaren bidezko ikasketa ezinbestekoa da eta osagai tazituaren pisua handiagoa. Ezagutza tazituaren transmisioak kasu askotan aurrez aurreko komunikazioa eskatzen du eta ondorioz gertutasuna. Ez soilik gertutasun fisiko edo geografikoa. Aktoreen arteko elkarlana eta komunikazioa motibatzen duten gizarte, instituzio eta antolaketa-gertutasunak ere funtsezkoak gertatzen dira. Gertutasun mota hauek lurraldearen berezitasunak, dentsitate sozialak, identitate partekatuak, kohesio mota ezberdinak, plangintza-akordio-antolaketa gaitasunak eta gobernantza eskemak balioan jartzen dituzte.

Berrikuntzaren teoriek ildo berean beste bi ekarpen aipagarri egin dituzte. Alde batetik, berrikuntza prozesuak enpresa isolatua gainditzen duten prozesu interaktibo eta kolektiboen bitartez gauzatzen dira eta ondorioz, inguruko faktore sozial, instituzional, kultural eta historikoek eta ezagutza sortzeko teknologia eta zientzia azpiegiturek enpresen eta lurraldearen berrikuntza gaitasunak baldintzatzen dituzte. Ebidentzia honek tokiko eta erregio-lurraldearen ezaugarriak eta politikak lehen planora ekarri dituzte, Learning Region eta Berrikuntza Erregio-Sistema izeneko eredu metodologiko eta kontzeptualetan plasmatuz. Beste alde batetik, paradigma ekonomizistetatik aldentzen den Berrikuntza Sozialaren proposamena gizartearen arazoak ebaztera bideratzen da, eta komunitatearen baitako norbanakoen eta talde sozialen arteko harreman sareetan, gobernantza-eredu inklusiboetan eta ekintzailetza proaktibo eta aurrerakoian oinarritzen da.

Korronte instituzionalistak, bere aldetik, aztertu du konfiantza, elkarrekikotasuna, balore-eskalak, ohiturak, arau formal eta informalak, elkarlana, harreman dentsitatea eta elkarte-sareak bezalako faktore instituzional eta sozialek aktore ekonomikoen jokaerak nola moldatzen dituzten. Egindako proposamen garrantzitsuenetako bat Kapital Sozialarena da. Robert Putman-en erreferentziazko definizioaren arabera, «Kapital Sozialak antolakuntza sozialerako ezaugarriei egiten die erreferentzia, konfiantza, lege eta sareak bezalakoak, gizartearen efizientzia hobetu dezaketenak ekintza koordinatuen bitartez». Kapital Sozialaren onuretako bat transakzio-kostuen murrizketa da.

Pentsamendu instituzionalistaren beste ekarpen ildo bat Elinor Ostrom Nobel saridunak landu duen kudeaketa komunalari buruzkoa da. Bere ikerketa enpirikoen arabera, komunitateak gai izan daitezke praktika komunal instituzionalizatu eta sofistikatuen bitartez baliabide komunen kudeaketa iraunkorra bermatzeko ingurugiroa andeatu gabe. Kudeaketa eta jabego publiko eta pribatuaren parean, kudeaketa komunitarioaren eraginkortasuna, eta baldintza batzuk jarraituz baita nagusitasuna ere, agerian utzi zuen. Ideia hau garrantzitsua da udalgintza eta herrigintzaren arteko mugak eta funtzio banaketak definitzeko orduan. Indar aurrerakoietan joera baitago gero eta gizartearen alderdi gehiago erakunde publikoetatik arautzeko, baita beharrik ez dagoen kasuetan ere, komunitatearen antolaketa eta auto-arautze gaitasunetan konfiantzarik eza erakutsiz, eta ahalduntze prozesuak ahulduz.

Garapen endogenoaren teoriak, berrikuntza sistemikoaren ekarpenak, berrikuntza sozialak, pentsamendu instituzionalistak, abantaila lehiakorren teoriak eta landu ez ditugun beste batzuek (lokalizazio eta aglomerazio-kanpokotasunen teoriak, Krugman-en Geografia Ekonomiko Berria, Distritu Industrialen teoria, lan eta produkzio-antolaketa eredu postayloristak…) elementu, ideia, kontzeptu eta prozesu baliagarriak eskaintzen dituzte herrigintzatik zein udalgintzatik eraldaketa eta ahalduntze komunitariorako praxia osatzeko, legitimatzeko eta prestigioa emateko.

Recherche