Aitziber Perez eta Iker Garin
LAB irakaskuntzako arduradunak

Heziberri: ezerberri hezkuntza propioaren bidean

Jendarteen ezaugarrietako bat da kultur ondarearen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa. Belaunaldi batek hurrengoari hainbat ohitura eta ikusmolde, uste-sinesmen eta jokabide transmititzen dizkio. Eginkizun horretan izan du, historian zehar eta mundu osoan, zer esanik Hezkuntzak.

Bere esanahi zabalean ulertuta, bere ardura edo zeregin nagusienetakoa izan baita, hain zuzen, haur eta gazteengan, eta geroz eta gehiago helduengan ere, halako gaitasun eta trebetasun fisiko, intelektual eta moral jakin batzuk piztu eta garatzea, dagokien jendartean modu eraginkor batean integratuak izan daitezenaren xedez.

Alde horretatik, Hezkuntza, kulturen eta balioen eramalea da, jendarteratzeko bidea eta proiektu komun baten arragoa; eta ondorioz, Curriculuma, hezkuntza praktika gidatzen duten helburu eta edukien arrazoizko programazio tekniko huts bat baino askoz gehiago. Curriculuma jendarte-elkarte baten jendarte- eta kultur egitasmo propioak eskola eremuan duen adierazpen gisa uler daiteke.

Hau honela izanik, azken egunotan EAEko Hezkuntza Sailak, HEZIBERRI proiektuaren baitan, aurkeztu berri dituen curriculum dekretuak okerreko bidea hartu dute. Bide propioa egin beharrean, etengabean Madrili begira dabil, horren lekuko hizkuntza eta eskolako parte hartzearekin lortutako akordioak. Era berean, Madrilen balizko gobernu aldaketa batean jarri dituzte itxaropenak LOMCEa aldatuko duelakoan. Gure iritziz, Heziberri bezalako egitasmo baten zutoinak hauek izatea okerreko emaitza batera eramaten gaitu. Guretzat norabidean dago gakoa, hau da, ariketa honek Euskal Herriko hezkuntza sistema antolatzeko, garatzeko, urratsa den edo ez.

Honetan, Eusko Jaurlaritzak erantzunkizun osoa du, balizko egoerei nola aurre egin baino bide propioa ez duelako garatu. Are gehiago, azken curriculuma aztertuta, dagozkion erantzunkizunak beregain hartu baino ikastetxeen ardurapean uzten dituelakoan gaude, autonomiaren izenburupean.

Bestetik, curriculum dekretuak jasotzen dituen edukiak ikusita LOMCEarekin lotu dutela diogu, bereziki, LOMCEren neurriak bereganatzen dituelako.  Horrela, Euskal Curriculuma garatu beharrean, proposatu duten curriculumean ez da inondik inora modu zehatz, argi eta integral batean euskal kulturaren transmisioari inolako ekarpen estrategiko eta eraginkorrik egiten. Era berean, konpetentzien gaineko formulazio integrala egiten bada ere, konpetentzia horiek ez daude Euskal Herriaren berezitasun eta beharretara egokituak. Izan ere, konpetentzia horiek herri gisa eta euskaldun gisa, pentsatu, bizi eta ekitea ahalbidetu behar dutelako. Horretarako gure herriaren iragana eta oraina, ezagutu behar ditugulako, etorkizun oparoa eraiki nahi badugu bederen. Finean, euskal kulturan bizi behar dugu modu kontzientean, kultura bera biziberritzeko.

Bizirik irauteko gakorik eraginkorrena norberaren izatean konfiantza izatea da, zarenaren kontzientzia eta taldearen kontzientzia izatea eta horrekin pozik eta harro egotea.

Euskal kultura, biziko bada, berritzen joan beharko du, eta egoera eta leku desberdinen baldintzetara egokitzen. Aniztasuna eta aldaketak beharrezkoak dira, baina hauek zerbaiten inguruan egituratzen ez badira, kaosaren norabiderik gabeko lekura garamatza. Herri bat osatzen eta izaten jarraitu nahi dugun neurrian, bateratzen gaituzten guztion uztarri izango diren ideia eta itxaropenak elkarrekin banatu edo partekatu behar ditugu.

Gauzak horrela, burujabetzaren bidea hartu behar dugula uste osoa dugu, gure bide propioa. Horregatik, lehentasunez, Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Propioaren bidean Hezkuntza Lege berria osatzea premiazkoa da. Lege propioa izango da guk geuk geure herri gisa behar dugun hezkuntza eredua erabakitzeko modu bakarra; estatuetatik datozkigun inposaketei aurre eginez.

Honako ezaugarriak bete beharko lituzke lege horrek eta berau osatzeko prozesuak:

Prozesua hezkuntza eragile eta alderdi guztien parte hartzearekin gauzatu eta elkarlanean denon adostasunak bilatu beharko ditu. Legearen osaketak, ezinbestean, orain arte egindako lana kontutan hartu beharko du. Hezkuntza eragileen zein bestelakoen lanak aitortu eta kontutan izan beharko ditu. Legeak Euskal Herri osorako marko pedagogiko eta normatibo bati bidea ireki behar dio. Jakitun gara, hala ere, Euskal Herria zatitutako herria izanik, lege horrek itzulpen propioa izango duela eremu administratibo ezberdinetan.

LABen iritziz, marko berri horrek 3 eztabaida nagusiren baitan egituratu beharko litzateke: Euskal Curriculuma eta honen garapena lokala, Ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen mantentze eta murgiltze eredua eta euskal publikotasunaren definizio berriaren inguruko eztabaida bera, bere osotasunean.

LABek hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean legea osatzeko determinazioa du. Egungo markoa gainditu eta inposaketa orori aurre egiteko gure hezkuntza sistema urratsez urrats eraikitzeko bidegurutzean gaude. Bide hau prest dagoen ororekin konpartitzeko prestutasuna dugu gainera. Ez dezagun aukera hau galdu.

Recherche