Xanti Begiristain Madotz

Lalala, laralala, lalalalalala

Aditu askok eta askok, behin baino gehiagotan esan digute, Euskal Herriak aberastasun ikaragarri handia duela bere musikagintzan eta kantutegietan. Segur aski, hala izanen da. Baina, kasu honetan, bereziki kantutegietan kokatu nahi dut arreta.

Jakina da abestiek bi osagai nagusi dituztela, alegia, musika eta hitzak. Horrela, ba, pixka bat erreparatuta, berehalaxe konturatuko gara, gure abestiek bertso, kopla, olerki, eta abar, ugari dituztela. Hala ere, irakurle hori, ez al zara konturatu gero eta gehiago entzuten direla lalalala; larara; tralalalala eta antzeko urruma aspergarri eta nardagarriak? Ni, bai behintzat, ohartuta nago, eta, egia esan behar badut, aitortu beharrean nago ez didatela batere graziarik egiten, are gehiago oraindik, adierazi beharra daukat gorrotagarriak gertatzen zaizkidala.

Kanta-marmar horiek, jende arruntak asko egiten ditu; gehiegi seguru asko. Zoritxarrez, oso ohikoak dira, Hego Euskal Herrian behintzat. Nire ustez, horrek gauza bat adierazten du argi eta garbi, hau da, euskaldunok geure-geurea den hizkuntzan kantatzeko gaitasuna izugarri galdu dugula. Gainera, susmoa dut euskaldun askori bost axola zaiola hau guztia; gaztelaniaz, frantsesez edota ingelesez askoz ere errazago gogoratzen baitituzte erdal abestien hitzak. Pentsatzen dut kezkagarria dela oso. Era horretan jokatuta bestalde, hots, lalalala... kantatuz, iruditzen zait geuron burua engainatu baino ez dugula egiten; alegia, munduaren aurrean agertu nahi dugu euskaldun peto-peto bagina bezala, eta geure ezintasun eta eskasiak baizik ez ditugu erakusten.

Aurreko guztia jende arruntari buruzkoa izan da, baina orain azter dezagun pixka bat zer gertatzen den abeslari profesionalekin-edo. Neronek, behinik behin, behin baino gehiagotan ikusi eta entzun izan ditut lalalalala kanta-marmarra abesten eta entzuleei zuzenean kantaraziz, eta ez hain zuzen ere, abesti hark ez zeukalako hitz gehiagorik euskaraz, ez. Beraiek jakinen dute zergatik egiten duten honelakorik. Dena den, ni halakoetan zeharo deseroso sentitu ohi naiz; euskaraz abesteko pertsona ezgai eta ezdeusak bagina bezala.

Halako kontzertuetan, abeslari batzuek egin ohi duten beste akats arrunt bat izaten da, azalpenak ematerakoan, erdara mordoa erabiltzea. Badirudi abeslari horiek ez direla fidatzen beren entzuleez; nonbait, pentsatu behar dute beren ikusle gehienak erdaldunak direla, eta horrela justifikatu nahi dutela erdara barra-barra erabiltze hori. Normalean, halako entzunaldietara joaten den jendea nahiko euskalduna izaten da, edo gutxienez euskaltzalea; beraz, begitantzen zait ez dela beharrezkoa eta ezinbestekoa hainbeste erdara erabiltzea, baina, bueno, hau nire iritzia besterik ez da.

Antzeko zerbait gertatu zitzaidan niri urriaren 8an, Burlatan. Izenik ez dut emanen inor nabarmen ez uzteagatik, baina, nik esanen nuke gai honetan beharrezkoak izan daitezkeela hausnarketa eta gogoeta serio batzuk. Neronek, lalalala kantatzekotan, nahiago dut isilik egon edo bestela aurreko hitzak errepikatu.

Recherche