Miren Basaldua Garai, Marije Etxebarria Ezpeleta eta Ritxi Hernandez Abaitua
Ekologistak Martxan, Steilas eta Euskal Gune Ekosozialistako kideak

Lankidetzan oinarritu, Aldaketaldia sustatzeko

U30 Aldaketaldiaren indargune nagusia askotarikoen arteko saretzean oinarritu den prozesua izan da. 80 talde baino gehiago aritu dira lanean eta euren artean sortu diren konplizitateak eta elkarreragin positiboak etorkizunerako urrezko altxorra dira.

Zaldibarreko hondamendiaren urteurrena gogoratuz, urtarrilaren 30ean, Larreko Mahaia plataformarekin batera, hainbat taldek deituta «U30 Aldaketaldia» ekimena sustatu zen Bizkaiko, Gipuzkoako eta, maila apalagoan, Arabako herri eta auzo askotan. Ekimen deszentralizatu horretan mota guztietako jarduerak antolatu ziren tokian tokiko arazo ekosozialak bistaratzeko eta, oro har, bizi dugun larrialdi klimatiko, ekologiko eta soziala salatzeko.

Ekimen horrek bigarren mugarri bat izan zuen otsailaren 6an, Zaldibarren, inguruko herrietan eta Zallan zentralizatua. Izan ere, Zaldibar Argitu plataformak antolatuta, Zaldibarren bertan eta alboko herrietan elkarretaratzeak eta manifestazioak egin ziren gertatutakoaren argibideak eskatzeko, egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko eta Joaquin Beltranen gorpua agertu arte ez dadila zabortegia zigilatu exijitzeko.

Gero eta ikerlari gehiago azpimarratzen ari dira hamarkada honek nabarmen baldintzatuko duela gure etorkizuna. Dioskutenez, gizakion historia osoan ezagutu ez dugun moduko egoera baten aurrean gaude. Izan ere, egungo oreka naturalen alterazioa ez da, iraganean bezala, bakarrik tokiko edo eskualdeko eremuen arazoa, planeta mailan ere nabarmen antzematen baita. Eta horren adierazle argiak dira klima larrialdia, biodibertsitatearen galera eta horri loturiko covid-19 pandemia edota desberdintasun sozialen hazkunde geldiezina.

Larrialdi ekosozial hori gizartean indarrean dagoen sistema baten ondorio zuzena da. Jorge Riechmannek aipatu izan duen bezala, horiek guztiak sintomak dira, baina gaixotasuna kapitalismoa deitzen da, diru etekinak maximizatzeko lehia itsuan murgilduta dagoen sistema, hain zuzen. Eta horrek gero eta produktu gehiago ekoiztera eta langile «merkeak» eta diziplinatuak lehenestera bultzatzen ditu kapitalistak. Ondorioz, batetik, baliabide naturalen ustiapena areagotu eta sortuko diren hondakinen kopurua handitu egiten da, eta, bestetik, desberdintasun sozialetan are gehiago sakontzen da.

Ekonomia feministak agerian utzi duen bezala, merkatuetatik harago ere begiratu behar da, eta arreta jarri behar da giza bizitzari eusteko eta, ondorioz, baita ekonomiaren funtzionamendurako ere ezinbestekoak diren zaintza-lan ugari eta anitz horietan guztietan. Gizarte heteropatriarkaletan, zaintza horiek ikusezinak eta balio gutxikoak dira, eta gehienak prekarizatutako eta, sarritan, arrazalizatutako emakumeen lanak izaten dira.

Horrek guztiak ekarri gaitu egungo larrialdi egoerara, eta berdez margotutako errezeta berberek ez gaituzte gauden ataka larritik aterako. Horregatik, paradigma aldaketa sakona beharrezkoa eta premiazkoa da, beranduegi izango den unea gero eta hurbilago baitago.

Horregatik guztiagatik, berebiziko garrantzia dauka, Aldaketaldia ekimenak egin duen bezala, «Ondo bizi eta bizitzen uzteko, alda sistema» aldarrikatzeak, aldaketarako norabidea «bizitza oinarrian duen sistema» dela azpimarratzen baitu. Eta norabide hori zein izan beharko den argi ikusteko, pandemiaren erdigunean bistaratutakoari erreparatu beharko diogu. Gogoratu behar dugu zein nabarmen agertu zen bizitzarako sektore esentzialak zeintzuk diren eta, gainerako sektoreei frenoa ipinita, zein azkar jaitsi zen sortutako kutsadura.

Ikuspegi global hori galdu barik, Aldaketaldiaren komunikatuetan eta jardueretan ere «Planeta hemen hasten» dela nabarmendu da; hau da, planetari eta gizarte globalari gertatzen ari zaiona ulertzeko gureari begiratu behar diogula, gure ekoizpen eta kontsumo moduari, gure garraio ereduari, hondakinen ekoizpen eta kudeaketa erari, sustatzen ari den baso eta landa eremu politikei, aurrekontuetan ezartzen diren lehentasunei, dugun fiskalitateari edo legeek eta arauek errazten dituzten kaleratzeei (Tubacex, ITP, Aernova...) eta areagotzen duten prekaritateari...

Esandakoaren bidetik, gure agintari publikoen zeregin nagusia herritarron «bizitza duinak, natura osasuntsu batean» bermatzea izan beharko litzatekeela ondorioztatu daiteke. Baina, horretarako, ezinbestean iparrorratzaren norabidea guztiz aldatu beharko lukete. Hau da, Confebask-eko enpresa pribatuen lobbyei alfonbra gorria ipini beharrean, erabateko lehentasuna eman beharko liekete zaintza sistema publiko, duin, doako eta unibertsal bati, oinarrizko zerbitzu publikoei (osasuna, hezkuntza...), bizitzarako behar-beharrezkoak diren elikagaiak, ura, energia eta etxebizitza herritar guztientzat eskuragarri ipiniko dituzten politikei eta abarri.

Erronka oso zaila da, eta badakigu denbora kontra dugula. Baina, badakigu, halaber, hori lortzeko gakoa gizarte aktibo, artikulatu eta mobilizatu batean dagoela. Eta horretan, zorionez, euskal gizarteak badu tradizioa eta oraina. Pandemia betean egon arren ere, asko dira mobilizatzen ari diren gizarte taldeak, baina erronka horri aurre egiteko beste pauso bat eman behar da derrigorrez. Zailtasunak zailtasun, gizarte talde horien arteko saretze dinamika bat indartu behar da; hau da, askotarikoen arteko elkarguneak bilatu, indarrak batu, elkar kutsatu eta, ahal dela, diskurtsoak eta agendak partekatu behar dira.

Ikuspuntu horretatik, U30 Aldaketaldiaren indargune nagusia askotarikoen arteko saretzean oinarritu den prozesua izan da. 80 talde baino gehiago aritu dira lanean eta euren artean sortu diren konplizitateak eta elkarreragin positiboak etorkizunerako urrezko altxorra dira. Orain arte, prozesu hori, batez ere, Bizkaian eta Gipuzkoan eta talde ekologisten artean gauzatu da, baina egindako bideak hurrengo ekimenean Aldaketaldiaren sarea Euskal Herri osora hedatzeko eta, ekologismotik harago, beste mugimendu batzuekin (feministak, justizia sozialaren aldekoak...) ehuntzeko aukera ematen du.

Erronka hori errealitate bihurtzeko eta aldaketaren aroari ateak irekitzeko lanean jarraituko dugu beste askorekin batera. Ziur gaude garai beltz honetan itxaropenari eusteko modu onena lankidetzan aritzea dela, orain ezinezkoa dirudiena bihar egingarri bihur dadin.

Recherche