Aitor Montes Lasarte
Familia medikua

Lehentasunezko hizkuntza osasun arretan

Osasun arretan hizkuntzak berebiziko garrantzia dauka, jende gehienak uste duena baino gehiago. XIX. eta XX. mendeetan, medikuntza tradizionala edo medikuntza zientifikoaren ereduan, osasunaren kontzeptua objektiboa omen zen. Hiru irizpide betetzen zituen, irizpide objektiborik badago: osotasun anatomikoa, funtzioaren normaltasun edo osotasun egoera, eta portaera normala.

Osasun egoera beraz egitura, funtzio eta portaeraren arteko oreka bezala ulertu izan da, eta gaixotasuna horien asaldura litzateke. XIX. mendean portaera normala zer ote zen pentsatzea beldurtzekoa da. Arrazak bereizten ziren, garunaren bolumenarekin eta inteligentziarekin lotuz. Alde batean gizon (emakumerik ez) zibilizatuak eta bestean basatiak. Down sindromeari mongolismoa deitzen zitzaion garai hartan. Robert Knox anatomista eta zirujau eskoziarrak adibidez, arlo horretan irakaslerik onenak, irlandarrak garbitzea aldarrikatzen zuen, ingelesen segurtasuna eta osasuna babesteko. Medikua nagusi beraz, eta medikuari berorika. Der Arzt macht frei.

Denbora ez da baratzen, eta medikuntza ere aldatuz doa. Gaur egun Osasunerako Munduko Erakundeak eredu bio-psiko-soziala lehenesten du, eta honen arabera osasuna ongizate osoko egoera da: fisikoa, psikikoa eta soziala. Eredu honi jarraituz, osasuna ez litzateke beraz gaixotasunik eza edo gaixotasunik gabeko egoera, baizik eta ongizate osoko egoera bat. Ongizatea kaltetzen duen edo kaltetu dezakeen edozer gauzak osasuna kolokan jar dezake hortaz. Esaera zaharrak dioenez, osasuna eta bakea, lapiko ondo betea...

Hemendik abiatuz, azken urteotan pazientean zentraturiko zerbitzuaren kontzeptua garatu da. Pazientea edo pertsona da ardatz, ez medikua, eta arreta pazienteen egoerari eta izaerari egokitu behar zaio nahitaez: adina, egoera soziala, ingurunea, sinesmenak, erlijioa, jatorria, sexua, baita hizkuntza ere. Ez dago diabetes mellitus bat, baizik eta diabetes mellitusa duen pertsona bat.

Hizkuntza aipatu dugu, izan ere gure izaerarekin eta nortasunarekin lotuta bait dago. Pertsona eta hizkuntza banezinak dira. Medikuntzak hurbiltasuna behar du, konfiantza, pazientearen gogobetetzea ere kontuan hartu behar da. Jendea ez da ospitalera gustura etortzen. Kalitatezko osasun arreta beraz pazientearen hizkuntzan eskaintzen dena da, batez ere ahuldade egoeran baldin badago: adingabekoak, adimen urrikoak, osasun mentaleko arazoak dituztenak eta adinekoak. Hau da mundu mailan onartzen den egia.

Gauza jakina da medikuok ordenagailuekin lan egiten dugula. Medikuarenera joan dena konturatuko zen pantailari begira gaudela, eta ez zuei begira. Aurten, gure aplikazio informatikoetan pazienteen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa ikusgarri dago pantaila nagusian, lehenengo aldiz. Bazen garaia. Baina jendeak ez daki, eta erabiltzaileei ez zaie aukerarik eman. Eta osasungoan eskaini behar da, ez erabiltzailea eskatzera behartu.

Zuei galdetu gabe, zuen baimenik gabe, gure ordenagailuetan castellano jartzen du, eta horrela egon da urteetan. Euskal Herrian euskaldunik bada, ikusezina edo izango da. Hurkoaren maitasuna, herriaren osasuna. Bada garaia Osakidetzak hiritarrei eskain diezaien nahi duten hizkuntza lehenesteko aukera, euren eskubidea bait da. Baina esan bezala, orain arte ez du egin. Eta guk ez dugu eskatu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea aldarrikatzen dugu, eta gure gogoa lasaitze aldera, Korrikan parte hartu dugu askok, edo euskararen aldeko jaietan. Baina osasun arreta euskaraz ez dugu eskatzen, ezjakintasunagatik edo beldurragatik beharbada. Ia nor ausartzen den mediku jaunari aurre egiten!

Jakin dezazuen bada euskara lehenesteko aukera daukazuela orain, eta ikusgarri egongo dela, osasun langile guztiok argi eta garbi ikus dezagun euskaldunak zaretela eta osasun arreta euskaraz nahi duzuela. Zoazte zuen osasun zentrora eta eskatu, mesedez. Astia eta gogoa izanez gero, Elebidera edo Behatokira zuzendu, zuen kexa plazaratzeko eta zuen nahia adierazteko. Batez ere, gurasoak baldin bazarete, haurren lehentasunezko hizkuntza euskara dela adierazi mesedez. Euren ama hizkuntza euskara dela. Etorkizuna izango direnei erraz diezaiegun bidea. Urteek ez dute barkatzen, ilea urdinduko zaigu, baina ez dezagun hain erraz gure burua zuritu behintzat. Euskara lehenestu, mesedez. Eskatu, eta emango zaizue.

Recherche