Lomceri ez… baina
Lomcek jarritako 3. mailako diagnosi probak hasi omen dira egiten. Zenbait ikastetxetan proban parte hartzeari uko egin diote eta planto eginez prozesua eten dute. Hezkuntza sailburuak dio LHko 3. mailako probek ez dutela loturarik Lomcerekin. EH Bilduk Jaurlaritzari Lomce aplikatzen hasi izana leporatzen dio. Lakuak Bilduri, erabilera politikoa egitea. Pil-pilean dago gaia.
Komunikabideetan ez ezik, ikastetxeen paisaian (pareta, leiho, ate eta abarretan) Lomceren aurkako paskinak eta leloak ohikoak bihurtu dira azkenaldi honetan. Espainiako Gobernuak inposatu nahi duen lege honen aurka eskola komunitatea indarrez altxatu da. Ahots batez denek egin dute beren «Lomceri EZ» leloa.
Testuinguru honetan gogora ekarri nahi dut ‘Jakin’ aldizkariak orain 18 urte (93-94 zenbakiak) gure ikastetxeetan erabiltzen den ikasmaterialen inguruan egin zuen azterketa sakona. Luze joko nuke han esandakoak aipatzen eta horregatik orain dela gutxi Joan Mari Torrealdaik berak gai honen inguruan egindako gogoetaren pintzelkada gutxi batzuk ekarri nahi ditut.
Ikasmaterialen ekoizpenaren %66 espainiar argitaletxeen esku dago eta hemengo argitaletxe profesionalen lana %29,5 besterik ez da. Ezohiko argazkia, baina ez guztiz berria. Hemengo argitaletxe eta irakaskuntzako elkarteak 80ko hamarkadan hasi ziren hezkuntza proiektuak bertan lantzen, eta gaur egun lan horretan dihardute. Beraz, 35 urte daramatzate proiektu propioak garatzen eta zabaltzen euskal hezkuntzaren unibertsoan. Proiektu propioak garatzen dituztela esaten denean, Euskal Herritik Euskal Herrirako egitasmoak lantzen dituztela esan nahi da.
Espainian hezkuntza proiektuak lantzen ari ziren editorial nagusiak Euskal Herrira hurbildu eta kokatzen hasi ziren izen euskalduna duten filialak sortuz (Anaya-Haritza, Edebé-Giltza, Santillana-Zubia, Edelvives-Ibaizabal, SM-Ikasmina). Une honetan dozena erdi bat hezkuntza proiektu daude espainiar ikuspegia dutenak eta bi soilik, beren ikasmaterialak euskal ikuspegiaz lantzen dituztenak: Ikaselkar eta Erein. Edukien trataeran marra handi batek bereizten ditu proiektuak. Oro har esan daiteke, kanpoko hezkuntza proiektuek, Estatuan egindakoek alegia, batzuetan eskas edo gehienetan gaizki tratatzen dutela Euskal Herria bere historian, bere geografian, bere hizkuntzan. Oinarrian hezkuntza proiektu espainiarra duen ikasliburuak ikuspegi espainiarretik azaltzen ditu edukiak. Argitaletxe horiek jokamolde bera dute, hezkuntza proiektu bera dute autonomia erkidego guztietarako eta gero atal bat eransten diote erkidego bakoitzari. Beraz, ikuspegi orokorra espainiarra da guztiz.
Eusko Jaurlaritzak Lomceren aurka dagoela dio, zenbait alderdi eta sindikatuk ere kontrako jarrera agertu dute eta eskola komunitatea osatzen duten guraso, ikasle eta irakasle askok ekintzen bidez oso jarrera aktiboa agertu dute azken aste hauetan. Espainiako Gobernuak bultzatu duen hezkuntza lege atzerakoi honen aurrean, “Lomceri EZ” leloa nonahi entzun eta irakur daiteke, baina datorren ikasturteari begira, espainiar Estatuko argitaletxe horiek Lomceren espiritua jasoko dute beren ikasliburuetan eta Euskal Herrian zabaldu eginen dituzte. Bitartean, Lomceren edukiak jasoko dituzten ikasmaterialen aurrean ez da ahotsik altxatzen, ezta gogoetarik egiten. Lomceri ez, baina…