Diego Calvo Sanz

Luistxo Fernandezen sustatu.eus-eko iritzi-artikulua dela-eta

Esateko geratzen zaidan bakarra da "Independentea"-k argitaratzeari utzi diola, bai, baina Euskal Herrian eta munduan askatasunaren aldeko mugimendua geroz eta indartsuagoa dela, eta, dirudienez, honek batzuei min ematen diela.

Egunkari digital eta herritar bat sortu behar izan zen pandemiaren errelato inposatzaileari aurre egiteko, «ofizialtasuna» zalantzan jarriko zuen ezer argitaratzen inor ausartzen ez zelako. Herriak behar zuelako. Kazetaritza ez delako kazetariena. Inongo laguntzarik gabe bultzatu genuen "Independentea", ia dena kontran topatuz, azkenean proiektua suntsitu duten arte, bere sostengatzaile nagusiak "Independentearen etenaz" artikuluan azaldu duen bezala, lur jota geratu arte, jasandako erasoei erantzun ezinik. Nik neuk frogatu ahal izan dut hori: ondo koordinatutako gezur traketsak eta difamazio zuzenak jaso ditu, bertan idazten genuen guztion kalterako.

Eraso hau diru publikoa jasotzen duen aspaldiko beste hedabide digital batek egin izana, honen arduradunak artikulu anonimoak idatziz eta hedabidearen izenean zabalduz, zertarako eta hedabide xume eta herritar hori negazionistatzat jotzeko ("Independentea"-ren etenaren berri ematen duen "Sustatu"-ko artikuluan egiten den eran), oso etika gutxikoa iruditzen zaidala esan beharra daukat. «Negazionista» terminoarekin bakoitzak ulertzen duenaz luze eta zabal hitz egin genezake, baina azken urte eta erdian komunikabide-stablishment-ak hitz hau erabili duen modua ikusita, eta Luistxo Fernandezek bere artikuluan esaten duenarekin, ez dugu piropotzat hartzen.

"Independentea" «‘Berria’-ren kontra jaio» zelako kontu hori "Sustatu"-k zabaldutako gezur bat dela ondo dakigu irakurle gehienek eta kolaboratzaile guztiok. Nik, pertsonalki, ez dut helburu hori jartzeko beharrik ikusten. Beste edozein hedabidek bezala, "Berria"-k berak bakarrik desakreditatu du bere burua 2020ko martxotik hona, komunikabide ireki eta anitz gisa behintzat. Alde batetik, ikusi besterik ez dago zeintzuk idazten duten egunero berripaper horretan «zientziari» buruz, beraien tribunetatik, astero hiruzpalau izen-abizen errepikatuz, ildo editorial konkretu eta nabarmen bat zehaztuz covid-19ari eta bere kudeaketari buruz (arlo guztietan). Eta, beste aldetik, "Berria"-k ez die zalantzari eta beste iritziei hedabidean agertzeko zirrikitu txikienik ere utzi, argudioz betetako eta zintzotasunez idatzitako hainbat artikulu argitaratzeari uko eginez.

Esan behar dut, gainera, "Independentea"-n idatzi eta argitaratu dugun pertsona orok aurpegia eman dugula argi eta garbi, izen-abizenekin eta argazkiarekin, gure lanagatik ezer ere kobratu gabe, eta egunkaria egileen borondateari eta babesleen ekarpenei esker bakarrik mantendu dela, egunero artikulu bat argitaratuz 2020ko urritik 2021eko martxora arte, gehi azken egunotako agur-mezu txanpa. Zenbat hedabidek esan dezakete gaur egun gauza bera?

Horrez gain, esan beharra dago maila etiko eskasa eta seriotasun gutxi agertzen dituela pertsona batek beste bat gezurtitzat jotzen duenean, hori batere argudiorik eman gabe egiteaz gain, zergatiak azaldu ere egin gabe egiten duenean. Eta horixe egiten du Luistxok Jon Ander Etxebarria Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren sortzaileetako bat eta dekanoa izandakoarekin. Luistxok egin dizkion deskalifikazioak nire hamabi urteko semeak askoz fundamentu handiagoarekin egingo lituzke.

Ziur nago honetaz ere: Luistxo Fernandezek ez du denbora gehiegirik eman "Independentea"-n idatzi den guztia aztertzen, eta are gutxiago esandakoa kontrastatzen. Baina, bai berak eta bai beste batzuek, denbora dexente inbertitu dute bertan bere iruzkinak uzten «troll» moduan, gure askatasunaren aldeko mugimendua kakazteko asmo argi eta eraginkorrarekin; kaka ultraeskuindar, arrazista, antisemita eta trumpianoekin nahasten saiatuz, mugimendua zapuztu nahian. Nahiz eta "Sustatu"-n idatzitako artikulua sinatuta ez egon, bizi garen sare sozialen garaian ez da zaila arrasto batzuk jarraitzea, eta frogatzea nola pertsona batzuek beren bizitza pribatua erakusteko inongo arazorik ez daukaten, eta, aldi berean, beste batzuk kritikatzeko anonimotasun baten atzean ezkutatzen diren, sekulako koldarkeria lotsagabea erakutsiz.

Berresten dut: Luistxo Fernandez, bere hitzekin, ez da Kote Camacho baten irudi pertsonala bakarrik zikintzen ari, "Independentea"-n idatzi dugun guztiona baizik. Bertan argitaratu dugun pertsona guztiak zapuzten ari da, finean. "Independentea"-ren sortzailearen, bultzatzailearen eta sustatzaile nagusietariko baten lana, irudia eta pertsona bera egiten duen moduan zikintzen duenean, proiektu honetan parte hartu dugun beste guztiona ere zikintzen ari da. Proiektuaren lan-kargarik handienari eutsi dion pertsona lur jo arte erasotzean, gu guztion proiektua ari da lehertzen. Eta hori onartezina iruditzen zait.

Bukatzeko, esateko geratzen zaidan bakarra da "Independentea"-k argitaratzeari utzi diola, bai, baina Euskal Herrian eta munduan askatasunaren aldeko mugimendua geroz eta indartsuagoa dela, eta, dirudienez, honek batzuei min ematen diela (auskalo beren bizitzako zein prebenda edo estatus jarriko dugun kolokan…). Diruz ondo hornitutako komunikabide guztiek, euskarazkoek barne, ildo jakin bat markatzen jarraituko dute, baina pentsamendu librea inoiz hiltzerik lortuko ez duten zerbait da.

Recherche