Tasio Erkizia

Lurraren defentsa irmoa

Arbonako etxaldea eskuratzea urrats garrantzitsua litzateke eta horretarako guztion atxikimendua beharrezkoa izango da.

Lurraren defentsa irmoa eta eredugarria da, ELB nekazarien sindikatuak eta Lurtzaindia herri erakundeak bultzaturik, Iparraldeko baserritar zein herritar talde batek Lapurdiko Arbona herrian burutzen ari diren ekimena. Zinez eredugarria espekulaziorako saldu nahi duten hamalau hektareako lursaila okupatu egin dutelako helburu argiarekin: lur horiek herritarrentzat elikadura produzitzeko erabiliak izan daitezela eta ez espekulaziorako.

Salgai dagoen etxaldea ederra da. Toki politean kokatua, lur nahiko lauan; erraz lantzeko modukoak dira eta, batez ere, oso ondo kokatuak: Miarritzetik kilometro gutxira, kostatik hurbil, espekulatzaileentzat bereziki erakargarria. Egun Parisen bizi den bertako antzinako familia batena da etxaldea eta eroslea, berriz, Suitzan bizi den pertsona dirudun bat.

Oraindik salerosketa guztiz burutu gabe dute, baina aurreakordioa sinatua, eta, beraz, diru seinalea jarria du jadanik erosleak. Eta adostua duten prezioa ez da edonolakoa, alajaina: 3.300.000 euroan egina omen dute akordioa. Nekazaritzarako berreskuratu nahi dutenentzat ikaragarrizko diru kopurua. Eskandalagarria.

Hala ere, lurra berreskuratzeko helburua lortzeko bidean,  aurretik aipatutako herri eragileek SAFER deitutako Frantziako Estatu erakundearen aurrean etxalde hori erosi eta nekazaritzarako erabiltzeko borondatea erakutsi zuten –Frantziako Estatuan bada lege bat zeinaren arabera nekazaritzarako erabiltzen diren lurrak saltzerakoan lehentasuna duten helburu bererako erabili nahiko luketen erosleek–. Eta, beraz, horri eutsiz, ELBk eta Lurtzaindiak eskatu zioten Estatuko erakundeari bereiz zezala, alde batetik, baserria eta berari lotu ahal zaizkion hiru hektareak, eta bestetik, elikadura produzitzeko erabilgarriak diren beste hamaika hektareak. Eta beraiek prest leudekeela nekazaritzarako lurrak erosteko. Bere lana egin du SAFER deituriko erakundeak eta lur horiek 100.000 euro inguruan baloratu ditu. Orain, saltzailearen erantzunaren zain daude.

Abuztuaren 8an, hogei pertsonako taldea Arbonaraino hurbildu ginen, bertatik bertara ekimena ezagutu eta gure solidaritatea adieraztera. Bertan zeuden, txanda egiten, gaztetxe bateko dozena bat gazte, herri ekimena sostengatuz. Lurtzaindiaren izenean Urruñako Kristina Elizondo eta bere lagun Kotte aurreratu ziren ongi etorria eman eta behar genituen azalpen guztiak egokiro eskaintzera. Atsegingarria da lurra hain sakon eta trinko defendatzen duten militanteak ezagutzea. Lurrik gabe, bizitza akabo baita.

Ez da erraza izanen lurraren aldeko erronka berri hau irabaztea, baina bai beharrezkoa. Aurretik, badira Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan horrelako beste hogei etxalde, herri iniziatibaz erosiak eta herri erakundeek kudeatuak; horien artean, askorentzat aski ezaguna egingo zaigun Zuberoako Kako baserria. Arbonako etxaldea eskuratzea urrats garrantzitsua litzateke eta horretarako guztion atxikimendua beharrezkoa izango da. Deialdi zabala prestatzen ari omen dira hurrengo asteetarako eta guztioi dagokigu, modu batera edo bestera, ekimena sustatzea.

Izan ere, hau ez da Lapurdiko arazoa, Euskal Herri osoari dagokigun gaia da, ez esateagatik mundu zabalaren gakoa dela. Kapitalismoak, zoritxarrez, lurra merkantzia hutsa bihurtu du, salerosketarako tresna erabilgarria, batzuentzat negozio iturri borobila. Baina lurra zerbait gehiago da. Gu gara, gure parte da, gizateriaren arnasgune nagusia, guztion bizitokia, pertsonak egiten gaituen substratu kolektiboa. Lurra guztion ondasuna da eta, beraz, berau berreskuratzea, oinarrizko eskubidea.

 Nekazaritza lurrak gure eguneroko janarekin dute lotura, pertsonon oinarrizko beharrarekin; eta gurean, Euskal Herrian, hain txikia denean bertoko jakien ekoizpena, elikadurarako lur egoki-egokiak negozio edo turismoari begira jartzea ez da zilegi. Instituzioek, hainbestetan aipatu arren Km 0 eta bertoko ekoizpena..., lurrak edozein eta edonolako interes merkantilisten mesedetan erabiltzea babestea lotsagabekeria galanta da. Horrelako jokaerekin, negozio partikularra guztion biziraupenaren aurretik jartzen ari gara. Negozioa, pertsonon gainetik.

Abuztuaren 16an, Euskadi Irratiko goizeko solasaldian, Arbonako gaia eztabaidagai izan zuten. Eta Begoña Sanzberro solaskideak argudio oso esanguratsua erabili zuen: ondo iruditzen zait baserritarrak egiten ari diren borroka, baina ez da egokia «okupazioa», propietate pribatuaren  aurka doalako. Begoña, hori da, hain zuzen, nekazariek eztabaidan jartzen dutena: lurra, ondasun kolektiboa izanik ez dela bidezkoa banaka batzuen negoziorako erabiltzea. Arbonan ez dute lurraren sozializazio orokorra eskatzen, baina espekulazioari stop esan nahi diote. Orain arte nekazaritzarako erabilitako lurrak aurrerantzean ere helburu bererako erabiltzea. Interes kolektiboa negozio pribatuaren gainetik jartzea, alegia.

Denon ondasuna den lurra irmo defendatzea biziraupenaren alde egitea da, norberaren burua modu kolektiboan babestea. Lurra salgai jartzen duen herriak bere burua saltzen du, bere etorkizuna arriskuan jarriz. Aldiz, berau defendatzea kolektiboa zaintzeko modu biziki egokia da. Arbonan ilusioa pizten duen ekimena martxan da.

Recherche