Aitor Montes Lasarte
Familiako medikua Aramaion

Mugaz gaindi

Gauza jakina da, eta hainbat bider esana, euskalgintzak ez duela osasun arloaren muga gainditu. Osasun zerbitzuak erdaraz jasotzera ohituta gaude, eltzea beteta ase bizi gara, eta ondo lo egin ezkero osasuna ondo doala jakinik, gazteleraren magal gozoan lokartu gara. Lokaztuta, hormak gainditu ezinik hormatuta, kolonizatuta, mugatuta.

Esnatzen hasi ote garen ezin esan, baina euskararen normalizazioan osasungoak duen garrantziaz jabetzen hasi dira eragileak, kontuan harturik eguneroko gauza dela, oinarrizkoa, eta milaka eta milaka langile garela. Egunero milaka harreman. Ustez ezina zena bultza eta bultza egiten da, eta Osakidetzak euskararen normalizazio prozesuan lehentasuna duela onartu da.

Ondo aditu duzu: Osakidetza. Izan ere osasungoak lehentasuna EAEn dauka. Euskal Herria tamalez zatituta dago, eta euskararen egoera ezberdina da Nafarroan, txarragoa, eta are txarragoa Ipar Euskal Herrian. Euskarak han ez dauka ofizialtasunik, euskal hiztunak ez dira esistitzen, ikustezinak dira. Hezkuntzak eta udal-administrazioak izango dute hemen lehentasuna beharbada. Baina osasungintzak ere badauka zer egiterik, badauka euskararen alorrean ekarpenak egiteko aukerarik, eta zentzu horretan proposamen bat egitera nator.

Gauza jakina da elkargoen edo herrien osasun erakundeen arteko hitzarmenak edo itunak daudela. Gobernuen arteko hitzarmenak osasun arloan, beste era batera esanda. Eusko Jaurlaritzak azken urteotan hainbat hitzarmen sinatu ditu inguruko lurraldeetako gobernuekin, hiritarrek lurralde horietan premiazko osasun arreta jaso dezaten, behar ezkero: Nafarroarekin, Kantabriarekin, Gaztela eta Leonekin, Errioxarekin, baita mugaz gaindiko Akitaniarekin ere.

Bestalde, esan gabe doa europar hiritarrok Europa osoan osasun zerbitzuak eskuratzeko eskubidea dagukagula, aldi baterako egonaldietan behintzat, eta hori bermatzeko Europako Osasun Txartela (EOT) sortu da. Beharrak asko laguntzen du, baina Danimarkan, ingelesez jakin ezean zail samar izango dugu laguntza egokia jasotzea, erabiltzaileak eta medikuak ez badute elkar ulertzen. Frantzian noski den dena frantsesez da, baita osasungoa ere.

Mundua ez da Frantzian amaitzen ordea, eta frantses hiztunek Bilbon edo aldameneko herrietan zerbitzua gazteleraz jasoko dute, ez frantsesez. Aldi berean, euskaldunok Frantzian premiazko arreta behar ezkero, frantesez jasoko dugu. Euskaraz ezta pentsatu ere, ez Bilbon ez Miarritzen. Izan ere mundua Bilbao bezalakoa da, baina apur bat handiagoa.

Esan bezala, osasungintzak bere ekarpena egin dezake, eta Osakidetza erabat euskaldunduz gero euskarari bultzada emateaz gain, euskara normaltasunera bideratzeaz gain, Ipar eta Hego Euskal Herria hurbiltzeko baliogarria izan daiteke. Osasun zerbitzuak euskaraz eskaintzea, han eta hemen, eta horren bitartez biak hurbildu. Osasun arreta euskaraz, mugaz gaindi.

Baina nola eskainiko dugu euskarazko osasun arreta Iparraldean, hemen eskaintzen ez bada? Eskaintzen eta eskaintzerik ez dira gauza bera; hemen, EAEn, euskaraz eskaintzea posible da, are gehiago, osasun sistema guztia euskalduntzea. Eta hala izan ezkero, hori lortuz gero, badago hizkuntzak kontuan harturik hitzarmenak edo itunak garatzeko aukera. Frantziarekin.

Osakidetzak frantsesez lan egiteko gauza diren lan taldeak sor ditzake, frantses hiztunei zerbitzua euren hizkuntzan eskaintze aldera, behintzat ospitale handietan eta hiriburuetan. Eta erabiltzaileei alta-txostenak frantsesez eman, une horretan bertan edo egun batzuk geroago bere etxera gutunaz bidali, edo e-postaz. Osasun arreta frantsesez, ahoz eta idatziz.

Baina dena ez da musu-truk, egindako lanak badu bere saria, eskainitako zerbitzuak ordainean zeozer behar du, gereziak gerezia dakarren legez, eta guk ere zerbait eskatu diezaiekegu. Osasun zentroetan eta ospitaletan errotulazioa elebitan adibidez. Erabiltzaileentzako oharrak edo idazkiak, frantsesez eta euskaraz. Gida-liburuak euskaraz, etab. Eta ahal den heinean, mediku euskaldunak, uda garaian bada ere.

Ezinezkoa dela esango duzue, se faire des illusions, utopikoa, hurrengo belaunaldiaren lana dela. Baina jendeak itsumustuan askoz zailagoak eta urrunagoak diren utopiak babesten ditu, dela independentzia, dela amnistia, dela sozialismoa. Hau askoz errazagoa da, Ipar Euskal Herria gertu daukagu, eta beti bezala, borondate apur batekin posible da. Borondatea da behar duguna, apur bat sikieran, jakinik mundua Bilbo bezalakoa dela, baina borondate apur bat gehiagorekin. Borondateak gaindituko ez duen mugarik ez baita.

Recherche