Joxemari Carrere
Kontalaria

Munduko Kontalaritzaren Eguna

Suedian antolatu zuten, udaberriaren hasierarekin, 1991ko martxoaren 20an ipuinak kontatzeko egun nazionala. Jardunaldi hori hartu ohi da geroago Munduko Kontalaritzaren Eguna izango zenaren hasieratzat. Suediatik Australiara pasatu zen ideia eta ondoren Latinoamerikako herrialde ezberdinetara. Mendearen hasierarekin Eskandinavia aldean ideia berreskuratu eta zabaldu egin zuten beste kontinenteetara egun ezagutzen den ospakizuna egituratu arte. Egun munduko herrialde ugaritan martxoaren 20an kontalaritzaren aldarrikapenaren eguna ospatzen da. Kontalariak elkartu eta ipuin-kontaketa saio kolektiboak egin ohi dituzte, emanaldi txiki eta handietan, herri txikietan, hiri handietan, basoetan, basamortuan, itsasbazterrean, antzokietan, lokaletan, guztietan narrazioek betetzen dituzte bazterrak eta hitzak airean barreiatzen dira. Udaberriak loraldia dakarren bezala, hitzek kontalaritzaren loraldia ekarriko dute, hitzarekin batera jaiotako giza sorkuntza zaharra etengabe berritzen den seinale. Istorioek, ipuinek, leiendek, kondairek pertsona humanoekin batera mendeetan bidaiatu dute elkarren ondoan, euren kezkak eta gogoetak argitu nahian; mundu ikuskerak agertzen; giza harremanak azaleratzen; ideiak azaltzen; baina, batez ere, hitzak elkarri esanez bizitzari gorazarre eginez.

Lema bat hartu ohi da urtero egunaren ikur gisa, aurten “Emakume indartsuak” delarik. Emakumeek mundu osoan, kultura guztietan ipuinetan duten presentzia nabarmena da. Disneyren eredutik ihesi, ipuinetan emakume indartsuak eta ausartak agertzen dira mundu osoan: sexualitatea bere gustura bizi duen Amazoniako Miritinga; eguzkiaren bila abiatu zen Mara ausarta; askatasunaren bila jipoitzen zituen senarretik aldendu ziren bi emakume inuitak; sorginak, belagileak beti besteei laguntzeko prest. Halakoak ugari aurkituko ditugu ipuinetan. Baina baita ere ipuinak kontatzeari ekiten diotenak, hitzaren gordailu gisa: emakume palestinarrek gordetzen duten hiyake ohitura zaharra, emakume artean kontatzen direlarik istorioak; edo, aspaldian, Palermon bizi izan zen Agatuzza Messia, letretan ezjakin, baina hitzetan aberats, kontakizunaren artisaua, irudimenaren argia. Aurten, bereziki, horiek guztiak izango dira gogoan eta ahotsetan munduan barrena egingo diren kontaketa saioetan.

Kontalaritzaren Eguna kontatzearen artea eta bere garrantzia aldarrikatzeko eguna da. Maiz haurrei zuzendutako aisialdi jardun gisa hartzen dena edo bestelako helburuak lantzeko –irakurketa, balioak, jarrerak, terapiak…– erabiltzen den tresna, gutxietsita agertzen da, bere horretan baliorik ez balu bezala. Istorioen kontaketa jardun artistiko eta sortzaile moduan ez da ikusten normalean, ikustea besterik ez dago kultur egitarauetan zer leku hartzen duen edo hedabideetan zer leku eta tratamendu ematen dioten. Ohikoa da kontalarien izenak edo ikuskariaren izenburua ez agertzea egitarauetan. Kezkagarria da ere ikustea azken urteetan helduentzako kontaketa saioek nolako beherakada egin duten, haurrentzako programazioetara zokoratuz. Kontalaritzaren Eguna horiek guztiak ere agerian uzteko aukera aproposa da, kontagintzaren kultur garrantzia azpimarratzeko jardun artistiko gisa, kontalaritza berriaren bideak ezagutarazteko; hau da, ipuinak kontatzearen duintasun sortzailea aldarrikatzeko.

Jende humanoak bere izatearen kontzientzia hartze beretik ipuinak, istorioak eta bestelako narrazioak asmatu eta kontatzeari ekin zion, bere izate hori bera ulertu nahian segur aski. Eta horrela jarraituko du izaten, esateko grina dagoenean, ez baitago oztoporik, erraldoia bada ere, isilaraziko duenik. Hala bada, hala bedi.

Recherche