Xabier Lasa
Aralarko Koordinatzailea Nafarroan

Nafarroako maskarada

Ohi denaren kontra Euskal Herrian aurtengo inauteri hoberenak ez dira Tolosakoak izan, Iruñera aldatu dira mentura politikoaren gutiziaz. Nafarroan festa itzela bizi izan baitugu balizko gobernu aldaketaren harira eta protagonista nagusiek euren benetako aurpegia estali dute disimulu-galarik dotoreenak jantzita; inauteritako printzipioari txintxo atxikiak: mozorroa norberaren benetako izaeratik ahalik eta urrunen.

Denen artean dirdiratsuena egon da Roberto sozialista, orotan gazte eta lirain. Oilarraren mozorroa aukeratu zuen otsailaren 12an eta berehala kukurrukuka hasi PSNko egoitzako leihotik: «Ikerkuntza batzordeak akusazioak frogatzen baditu eta Barcinak dimititzen ez badu, guk kanporatuko dugu zentsura-mozio baten bidez». Hain zegoen harro, hain hanpatu, ezen inork gutxik pentsa baitzezakeen hiru asteren buruan oilanda bilakatua ikusiko genukeela oilarra. Norbaitek dio goiz batean «le PSOE c’est moi» oihukatzen atzarri zela oilategian. Zenbat luma eta kolore, zenbat dirdira eta lore. Alabaina, egunsentiak joan ahala oilarraren kantuak indarra galdu du, aireren faltagatik edo, eta adoregabetu zaigu, lilura oro urtu zaion arte. Nafarroatik gaindi, Madrilgo nagusi gorenen menetara makurtzen dela erakutsi digu oilar sozialistak eta gurea berriz ere merke saldu du Espainiako interesen mesedetan. Oilarra oilo, lumatu eta salda egiteko noiz eramango zain. Duintasun eske dabil orain izkinetan, dimisioa aurkezteko aski biltzen ote duen.

Bestelako planta erakutsi du Barcina presidente andereak ‘Nafarroa Kapitaina’ren mozorro hipermediatikoa janztea erabakita. Antza horrekin Nafarroa Forala maltzurren eta gaizkileen erasoen aurka defendatzeko beti prest dagoen superandrea dela transmititu nahi izan du. CANeko dietak eskuratu zituenean biktimaren tankera aukeratu eta ongi atera bazitzaion ere, oraingoan oldarkorragoa agertzea erabaki du. ‘La Navarre c’est moi’ errateraino iritsi ez arren –horretan oilarra baino azkarragoa da- argi utzi du zein den bere mezua mintzatu den guztietan: Nafarroa gaizkiaren indarrek sortutako konplot baten helburu bihurtu da, Espainiatik bereizi eta Euskal Herria delako entelekian integratzeko plan bat asmatu dute abertzaleek gure Autonomi Erkidegoa sorginez eta trollez osatutako euskal lurralde abegi gabe horren eskuetan paratzeko. Konfabulazio horretan UPN eta Barcina presidentea bera suntsitzeko helburua dago eta munduko gaiztoenen artean gaiztoenak diren EH Bildukoek, euren trikimailuez baliatuta, PSN tentela engainatzea erdietsi dute oraingoan. Presidente andereari ere, baina, egunak aurrera joan ahala, mozorroa belztu zaio eta Nafarroaren salbatzaile izatetik, PSNren borrero ankerra izatera iragan da. Madrilen, azkenean, Rubalcaba ahalguztidunak bere erregua entzun du: Estatu arrazoia lehenik.

Bistan denez EH Bildukook ere inauterietan parte hartu dugu, baina guk aukeratu ordez besteek prestatu digute mozorroa: mamuarena. Barcina andereak, Rubalcaba eta Valenciano sozialisten laguntzaz, EH Bilduren mamua Nafarroa osoan zehar zabaltzeko taktika baliatu du, gehiegikeriaraino iristea axola gabe. Batzuoi Manifestu Komunistaren lehen paragrafoa gogorarazi digu gure herrialderako testu berregokitu bat prestatua baileukan: «Mamu bat hedatzen ari da Nafarroa osoan zehar: EH Bilduren mamua. Mamu horren kontra konjuratu dira, txakur-talde santuan, Nafarroa Zaharreko indar guztiak: enpresarioak eta Opus Dei, Iruñeko Gobernua eta Madrilgoa, El Pais eta Diario de Navarra, sozialista salduak eta neoliberalak…».

Horrela, egunak joan egunak etorri, karnabala bukatu da eta soineko faltsua kendu behar izan dugu denok. Maskararik gabekoan aurpegiak berera itzuli dira eta horra hor ondorioa: ez sozialistek ez Barcinak ez dituzte krisi politikoa konpontzeko hauteskundeak deitu, ez diote herriari hitza eman nahi, nahiz hori irtenbiderik demokratikoena izan. Horrek, noski, arrazoi bat du, izan ere oraingoan kolokan dagoena ez da Gobernua soilik, Nafarroan aspalditik ezarria dagoen botere-sistema osoa baizik, eta egoera horren onuradunak nola beren ordezkari politikoak diren UPN-PP-PSN ez daude prest gauzak egun batetik bestera aldatzen uzteko eta hamarkada luzeetan mantendu duten agintea heiek kontrolatzen ez dutenei nolanahi emateko. Larrituak daude eta eskura dituzten ahalmen eta indar guztiak mugiarazteko ordena eman dute, ‘Nafarroa Kapitaina’ buruan dutela.

Beraz, inauteri hauetan gatazka politikoa ez da bukatu Nafarroan, hasi besterik ez du egin eta, aurten ezinezkoa bada, heldu den urteko maiatzeko hauteskundeetan mugarri garrantzitsu bat zeharkatuko du. Gauzak ongi eginez gero, Nafarroa berria eraikitzen hasteko benetako alternatiba garela sinetsita, serio eta elkarturik lan egiten badugu, ez da mozorrorik egonen gure indarrari aurre egiteko gai denik. Nafarrei beste era batez gobernatzeko benetako alternatiba garela erakutsi behar diegu tarte horretan.

Recherche