Aitor Montes Lasarte
Familiako medikua

Organigrama aldatu behar da Osakidetzan

Euskaldunok hamaika ikusteko jaioak garela esaten dugu, baina egia esan nik ez dut hain argi ikusten. Osasungintzan behintzat euskara eta euskaldunok ikusezinak gara, ez gaituzte kontuan hartzen eta osasun laguntza eskaintzea beti bigarren mailako kezka izan da kudeatzaileentzat. Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendariek euskararekiko eta euskaldunekiko duten jarrera ezikusiarena izan ohi da; ez dute beharrik ikusten.

Honen guztiaren erakusgarri, erakundeko euskara zerbitzuaren kokapena litzateke. Osakidetzak badauka bere euskara zerbitzua, Gasteizko zerbitzu zentraletan bazter batean ahazturik, ia ikusezina izaterainokoan. Horrez gain, zerbitzu erakunde bakoitzean euskara teknikari bat dago gutxienez, txoko batean isolaturik; ikusezinak dira, euskaldunak osasungoan bezala, astia alferrik galtzen ari direlakoan gogaiturik.

Osasun arreta euskaraz, ahoz eta idatziz, maila guztietan (lehen mailako arretan zein espezializatuan) lortzea dugu helburu; edonon, edonoiz, behar den moduan. Hau da kalitateko osasun zerbitzua. Baina horretarako euskaldunak ikusgai bihurtu behar dira eta euren nahia, eskaera eta beharrei erantzun egokia eman. Hau guztia lortzeko baina, lan astun honetan ezinbestekoa den lidergoa eskuratu behar luke euskarak eta euskara zerbitzuak erakundean. Txoko batean eskuak loturik ez dago festarik. Plazaren erdian dago festa. Euskarak, bai Gasteizen (erakunde nagusian edo zentralean), bai erakunde bakoitzean zeharkako lerro estrategikoa izan beharko luke, zerbait lortuko bada. Beste era batera esanda edo ondo ulertzeko: Osakidetzako organigrama aldatu behar da lehenbailehen. Nekez egingo dugu aurrera hau ez badugu aldatzen.

Historia klinikoa euskaraz garatzeko eta euskararen normalizazioa bultzatzeko duen garrantzia kontuan hartuz, Osakidetzako euskara zerbitzuak beste garrantzi bat beharko luke, zerbitzu sendo bat osatuz giza baliabide aldetik. Giza baliabideetako unitatetik at utzi eta Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendaritza nagusian kokatu beharko litzateke, inter pares, informatika, aholkularitza juridiko, asistentzia sanitario, kalitateko, kudeaketa ekonomiko eta giza baliabideetako unitateen zuzendaritzak bezala. Horrela balitz, aurrerantzean, edozein proposamen, antolakuntza edo berregituraketa garatzerakoan euskara ere kontuan hartuko litzateke.

Hori ez ezik euskara batzordeak ezinbestekoak dira. Esan bezala, edozein zerbitzu unitateren (dela Erakunde Sanitario Integratua, Eskualde edo ospitalea) proiektuetan parte hartzeko eskumena izan beharko luke, euskararen normalizazioan zerbait mamiatsuagorik lortzeko. Gaur egun erakunde bakoitzean bost zuzendari daude: zuzendari gerentea, ekonomikoa, zuzendari medikoa, giza baliabideetakoa  eta erizain zuzendaria. Talde honetan euskara batzordeko zuzendaria txertatu beharko litzateke.

Proposamen hau Osakidetzako II. Euskara Planean jasota ez dagoen arren lehentasunezkoa dela esan genezake, eta Historia Klinikoa Elebitan garatzeko batzordean gai hau jorratu dugu dagoeneko. Ildo horretan neurriak hartu behar dira. Esan gabe doa organigrama aldatzea Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendariaren esku dagoela, eta Gasteizko Legebiltzarrak ere badauka zer esan. Eusko Jaurlaritzak eta Osasun sailak euskara eta euskaldunak ikusgarri egin behar dituzte, periferiatik ateraz erakundeko erdigunera sartuz, hezur-muineraino.

Nik behintzat horrela ikusten dut. Batzuk alde eta beste batzuk aurka egongo dira: eder edo itsusi zein begik ikusten duenaren arabera beti. Baina hauteskundeak gainean dauzkagu, denbora ez da gelditzen eta edozer gauza gerta daiteke, izan ere hamaika ikusteko jaioak gara. Euskararen aldeko konpromisoa neurri zehatz, konkretu eta eraginkorrekin agerian uzteko aukera daukate Eusko Jaurlaritzak, Urkullu Lehendakariak eta Darpon Osasun sailburuak. Osakidetzako organigrama aldatzea alegia, besteak beste. Denbora galdu barik euskara zerbitzua transbersalago jarri eta behar dituen giza baliabideetaz hornitu. Euskara zehar-lerro bihurtu behar dute. Egin diezaiotela euskarari entzuna eta ikusia, behar duen arreta eta tornua.

Organigrama aldatu behar da horretarako, aldatu eta kitto. Eta horrela ez bada egiten, agian egun batez beste batzuk egingo dute. Urik ezean alferrik errota, baina ikusiaz gero edozein profeta.

Recherche