Tasio Erkizia
Pentsioduna

Pentsiodunok, urtebete borrokan

Ez da bakarrik pertsona nagusiei dagokigun gaia, soldata batetik bizi garen gizateria osoari dagokiguna baizik.

Urtarrilaren 15ean urtemuga garrantzitsua ospatzen dugu. Urtebete da astero-astero mobilizazio jendetsuak burutzen hasi ginela milaka pentsiodunok. Hasieran, ustekabean harrapatu gintuzten. Momentuko haserrealdiaren ondorioa zirudien. %0,25eko igoera iragartzeko bidalitako eskutitza irain gisara hartu ondorengo erantzun beroaren itxura zeukan. Agerian inor ez zen egin deialdiaren erantzule. Ez zen inolako pankartarik agertu. Ez geneukan megafonorik jendetzari hitza zuzentzeko. Zinez, anonimoa zirudien. Baina hori bai, jendea bor-bor eta sutan, haserre, iraindua, sumindua. Eta haserrealdiak kutsatuta bezala elkarturik sentitu ginen eta Bilboko udaletxe aurrean bezala, beste udaletxe ugariren ateetan geundenok, bat-batean asmatu genituen oihuak eta elkarretaratzearen dinamika. Hasierako bilkuren bukaeran, aurretik «adostua» izan bagenuen bezala, ahoz aho zabaldu zen: «Datorren astelehenean berriro hemen». Herritar askok itxaroten zuen deialdia izan zen urtarrilaren 15ekoa.

Geroztik, astelehen eta hilabete asko pasatu dira. Astero, huts egin gabe, euri zein eguzki, hotz zein bero, negu zein uda bilkura zabala egiten jarraitzen dugu. Batzuetan jende gutxiago eta beste batzuetan gehiago, baina oraingoz, Bilbon behintzat, 2.000 pertsonaz azpitik inoiz ez eta tartean izugarrizko manifestazioak. Hasierako indar eta haserre berdinaz baina koordinazio gehiagoaz. Sigla eta alderdikeria guztiak baztertuz baina, egunetik egunera izaera politiko sakonagoa agertuz eta desberdinen arteko errespetua ziurtatuz. Arian-arian, udaletxeetako atariak sinbolo bihurtu dira. Duintasunaren eta protestaren sinbolo eta erreferentea. Baina ez da soilik Bilbo, dinamika berdinean murgildurik baitaude Donostia, Iruñea, Gasteiz, Eibar eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat herri eta hirigune. Baita Estatuko beste hainbat hiritan ere.

Zergatik mobilizazio indartsu hauek? Mobilizazio guztiz koiunturalak dira? Aro berri baten atarian ote gaude? Martxoaren 8an emakumeen aldetik ezagutu genuen oldartze prozesuaren gisako zerbait aipatu dezakegu? Benetan, pentsiodunen matxinadaren aurrean aurkitzen ote gara? Ez natzaizue euskal iraultzaren subjektu berrien inguruan teorizatzen hasiko, baina merezi du mobilizazio horiek dituzten iturburu desberdinen inguruan hausnarketa egitea. Lehenik esan behar dut, faktore desberdinak uztartzen dituen haserre gunea bihurtu direla asteleheneko udaletxeetako elkarretaratzeak. Eta bestetik, ez dela fase berri baten hasiera ez bukaera, urrats bat gehiago baizik, askatasun sozial, ekonomiko, kultural eta politikoen aldeko etengabeko ibilbide honetan.

Haserrealdi honen sustraiak aipatzen hasita, lehena, pentsiodun askoren pobreziaren adierazpena dela esango nuke. Isilean gorde arren, Bilboko auzoetan eta Ezkerraldean oso hedaturik dagoen prekarizazio prozesu zabalaren ispilu. Mobilizazio horien sustraian, ezinegona eta hilabete bukaerara ezin heldu asko dago. 700 euroz azpitik kobratzen duten milaka senar-emazte eta familia ezkutatzen dira, miserian bizi diren milaka alargunen garrasia. Jendea kalera irten da azken urte hauetan familietako pobrezia izugarri hedatu delako. Beraz, ez da bakarrik pertsona nagusiei dagokigun gaia, soldata batetik bizi garen gizateria osoari dagokiguna baizik.

Bigarren faktore bat, batez ere mobilizazioen iraunkortasunean zuzenean eragin duena, sindikatu eta alderdi guztien sigla alderdikoiak gaindituz, errespetuan finkaturik koordinazioan eta batasunean datza. Desberdintasun guztien gainetik, funtsean hiru aldarrikapenek bildu gaituzte: KPIaren igoera pentsiodun guztientzat; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta hurrengo belaunaldientzat pentsio publiko duinak bermatuko dituen akordioa. Batasuna mantentzea ez da beti erraza eta batzuen batzuk lehertzen saiatu dira, «mugimendu honen atzean ezker abertzalea dago» bezalako ergelkeriak zabalduz. Eskerrak, ohikoak diren joko zikinak, pentsiodunek beraiek errotik moztu dituztela esanaz: «¿qué se creen que a los 70 años nos vamos a dejar manipular?».

Hirugarrenik, kasualitatea ote da Euskal Herrian, eta Bilbon bereziki, sustraitu izana pentsiodunen mugimendu hau? Alegia, azken 40 urte hauetan bultzatu ditugun borroka sozialak eta laboralak ereindako haziaren fruitu ere ez al dira mobilizazio jendetsu hauek guztiak? Eskubide politiko eta sozialen aldeko urte luzeetako borrokak ez al ditu sortu horrelako mugimenduentzat oinarri eta kultura politikoa? Baiezkoan nago. Zein neurritan ez dakit, baina ereiten denean eta lurra lantzen saiatzen garenean, beti loratzen delakoan nago. Gizarte justu baten alde borrokatzea beti merezi du.

Eta azkenik, zenbait pentsiodunen artean nabaritzen dudan autoestimuaren faktorea aipatuko nuke. Mugimendu indartsu baten kide sentitzen dira, lorpen txikiak bederen bideratzen dituen taldeko partaide, eta horrek jarraitzera animatzen ditu. Astelehenetako elkarretaratzeak, identifikazio faktore bihurtu dira. Ez doaz beharturik, gustura aurkitzen direlako baizik. Mugimenduarekin bat egiten dute eta horrela babesturik sentitzen dira.

Bistan da, kontraesanak eta desberdintasunak sakonak dira. Ez da dena polita eta gozoa. Baina gizarte berdinagoaren alde funtsezko pentsioek duten garrantziak biltzen gaitu, aberastasuna banatzeko gaiak duen zentralitateak indartzen gaitu. Prekaritatea gainditzea gizarte duinaren bidean ezinbesteko lorpena da, eta burujabetzaren funtsezko oinarria. Horretan diraugu.

Recherche