Joxe Iriarte, «Bikila»
Alternatiba

Polizia sindikatuei buruzko eztabaida munduan

Frantzian, txaleko horien mobilizazioetan polizien jazarpena ikaragarrizkoa izan zen. Zenbait agentek uko egin zioten legez kanpokotzat jo zituzten aginduak betetzeari; hala nola, deliturik egin ez zuten manifestariak atxilotzeari. Solidaires Unitaires Démocratiques SUDen filialak babestu egin zituen.

Mundu osoko poliziek bere baitan dituzten sindikatuen korporatibismoa aski ezaguna da. «Polizia Autonomikoak eta sindikatu gehienek hordago bat bota diote Herrizaingo Sailari. Barra librea nahi dute, Espainiako Guardia Zibilarena bezalakoa, zigorgabetasuna eta zapladatxoak bizkarrean». Iritzi hori azaldu digu GARAn Iñaki Egaña historialariak. Eta Kataluniatik, «Poliziarengan konfiantza izan behar dugula esaten digute, baina poliziarekiko mesfidantza inpunitateak sortzen du, instituzioek zein auzitegiek erantzun sendorik ematen ez dutenean». Anaïs Franquesa. Zuzenbide penaleko abokatua, "Argia"-ko elkarrizketan esana.

Mundu zabalera begira, aspaldiko kontuak dira ezker politiko eta sindikalaren baitako eztabaida sutsuak. XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako iraultzaile anarkista eta komunista zaharrek garbi zuten «ordenaren agenteak» ez zirela fidatzekoak, «ordena burgesaren azken bermatzaileak» baitziren, gobernuen aginduei men eginez, beren bizilagun, auzokide eta herrikideei eraso egin behar bazieten ere. Izan ere, beren eskubideak defenda zitzaten hierarken zapalketaren aurrean gauza bat zen (eta da); baina beste kontu bat zen (eta da) langileen mugimenduak «beste edozein langile» gisa beren lerroetan onartzea.


«Estatu kapitalistaren zerbitzura dagoen polizia bihurtutako langilea, polizia burges bat da, eta ez langile bat», idatzi zuen 1930eko hamarkadan jada erbesteratuta zegoen Trotskik, Alemaniako sozialdemokratekin ika-mikan; azken horiek, poliziek Hitlerren igoera geldiaraz zezaketela uste baitzuten. «Azken batean», zioten sozialdemokratak, «langileak omen ziren, eta, horietako batzuk, baita sozialistak ere».

Tesi horren aldeko adibide bat izan daiteke 2019ko martxokoa, Frantzian, txaleko horien mobilizazioetan polizien jazarpena ikaragarrizkoa izan zen. Zenbait agentek uko egin zioten legez kanpokotzat jo zituzten aginduak betetzeari; hala nola, deliturik egin ez zuten manifestariak atxilotzeari. Solidaires Unitaires Démocratiques SUDen filialak babestu egin zituen, eta Macronen «Gobernuaren aldeko Poliziaren instrumentalizazio politikoa», salatu zuen; mugimendu soziala indarrez soilik tratatzea eta Poliziaren eta herritarren artean gero eta urruntze handiagoa eragitea leporatuz. Beste adibidea, ELA-Ertzaintzarena, «neurriz kanpokotzat» jo dituela langileen aurkako kargak, eta beste polizia-eredu baten alde egin duela.

Alabaina, adibide horiek salbuespenak dira. Orokorrean poliziak, sindikalizaturik egon arren, bere nagusiari jarraituko dio, ezin duelako besterik egin. Estatuaren agindupean egotea da bere lanaren izaera; behintzat, Estatuak klase nagusiaren interesei erantzuten jarraitzen dien bitartean. Sindikatzea funtzionala egingo zaie gehiegikerietatik babesteko, eta euren karreran aurrera egiteko; are gehiago, soldatak eta lan-baldintza hobetzeen alde mobilizazioetan parte har dezakete; beste edozein sindikatuk bezala. Frantziaren kasuan, esaterako, duela urte askotatik hona polizien zati handi bat lan baldintza ederrak dituzten eta kontratu laboralak dituzten sindikatuetakoak dira. Baina, hortik gainerako langileen alde jartzera, tarte handia dago.

Frantzian ere, polizia sindikalizatuen artean SUDen pisua oso txikia da. Polizia sindikatu nagusiek, zenbait ikerketa unibertsitarioren arabera, jokabide korporatibo hutsa dute. Pariseko Zientzia Politikoen Institutuak eskatutako ikerketa batek, abenduan France Culture Estatuaren irratiak aipatutakoak, aditzera ematen du eskuin muturraren aldeko botoa gehiegi agertzen dela polizia sindikalizatuen artean, Marine Le Penen Rassemblement Nationalek Frantziako gizarte osoan duen pisuarekin alderatuta.

 Hors Service deritzon elkarteak, duela urte erdi, bere sare sozialetatik «ezker muturreko ekintzaileak hiltzeko» deia egin zuen; benetako tiroak egiteko aldarrikatzen dute. Hilabete berean Charlie Hebdo aldizkariak gogora ekarri zuenez, Frantziako sindikatuek deitutako mobilizazio garrantzitsu bakoitzean –berrienen artean: lan erreformaren aurka eta Segurtasun Globalaren Legearen aurka–, gehiegikeriak izan dira errepresioan, polizia sindikatu gehienek estali eta justifikatu dituztenak. Frantzian Poliziaren indarkeria dago, eta segurtasun-indarrek ankerkeria berezia dute desberdinekin eta azal zuririk ez dutenekin.


Amerikako Estatu Batuetan, Derek Chauvin poliziaren aurkako epaiketa martxoaren 8an hasi zen. Nola izan zen posible, erailketaren aurretik jokabide txarragatik Chauvinek, gutxienez, hamazazpi salaketa izatea eta Minneapoliseko Polizian lanean irautea?

Oxfordeko Unibertsitateak AEBetako ehun hiri handienei buruz 2018an egindako azterlan batek, ondorioztatu zuen polizia kontratuetan ezarritako babes maila zuzenean eta positiboki lotuta zegoela poliziaren indarkeria mailarekin eta zibilen aurka egindako beste abusu batzuekin.

Polizia batek Adama Traore erail zuenekoa gogoratuz, iaz arrazakeriaren aurka egindako  manifestazioak zirela eta, ekainaren 8an, Christophe Castaner, orduko Barne ministroak proposatu zuen, itolarria eragiten dituzten immobilizatze teknikak Polizia eskoletan ez irakasteko. «Metodo arriskutsua da», esan zuen prentsaurreko batean. Polizia sindikatu nagusiek erantzun zuten, ohartaraziz, segurtasun indarrei ezin zitzaizkiela kendu eraginkortasuna frogatuta dituzten kontrol baliabideak.

George Floyden erailketaren ostean, eta fiskaltzak haren hiltzailearen aurka egindako salaketari erantzunez, Minneapoliseko polizien sindikatuko presidenteak polizia saltzea leporatu zien politikariei, kazetari bati bidalitako gutun batean. Bob Kroll tenienteak Barack Obamaren gobernua kritikatu izan zuen aurretik, Polizia «estutzeagatik»; eta Trump laudatu du, hark bultzatutako «legea eta ordena» politikagatik.

Recherche