Xanti Begiristain Madotz

Txistu entzunaldiak Iruñean

Azken urteotan, sarri samarrean joaten ari naiz Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora, Iruñean, txistu entzunaldietara. Azkena, aurtengo ilbeltzaren 28an izan zen. Gehienetan izaten dira Kontserbatorioko ikasleek emandako kontzertuak: ikasturte barrukoak, azterketak, ikasketen bukaerakoak, eta abar.

Ukaezina da ikasle gehienak, edo asko behintzat, euskaldunak direla, eta beste horrenbeste gertatzen da irakasleekin ere, hala eta guztiz ere, ohartu naiz, dena delakoarengatik, ikasleek, nahiz eta euskal hiztun trebeak izan, beldurra, lotsa, ausardia eza, edo beste zerbait dutela euskaraz egiteko eta aurkezteko beren emanaldiak, balirudike konplexuren batek ez diela uzten euskaraz egiten kontzertuaren oholtzatik. Nik ez dakit hori ote den, iruditzen zaielako espainiera akademikoagoa dela, euskarak ez duelako balio halako lekuetarako, irakasle erdaldunen batek errespetu handiegia inposatzen dielako, euskararekiko gutxiagotasun-konplexuren bat dutelako, edota abar. Kontua da, ni joaten naizen guztietan gelditzen naizela azalpenak euskaraz entzuteko gosearekin, zerbaiten falta banu bezala, eta are gehiago ere esanen nuke, alegia, nik esanen nuke euskaldunak ateratzen garela entzunaldi horietatik, gure hizkuntza-eskubideak zapalduta egon balira bezala, hau da, oso aho zapore txarrarekin geure-geurea den hizkuntzarekiko. Ematen du, halako eraikin eta areto dotoreetan euskaldunok kikildu eta onartu egin behar dugula, euskara baztertua egon behar dela, auto-zentsura eginez gainera, eta nik horri oso-oso gaizki deritzot, ezin dut inondik eta inola ere onartu.

Gainera, txistulariok, txistu zaleok, euskal herritarrok, oro har, ez al dugu, bada, joera esateko txistua Euskal Herrian, aspalditik oso sustraitua eta errotua dagoela, gogotik estimatzen dugula hemen izan zuen bilakaera, gure musika-kulturaren osagarri eta adierazle oso garrantzitsua dela, eta bat eta beste? Beno, bada, gero honelako jokamoldeak ikustea, nik uste dut ez dela batere logiko, koherente eta egokia, horrexegatik neronek animatuko nituzke txistulari euskaldun guztiak, ikasleak zein irakasleak, batez ere Iparralde eta Nafarroakoak, eta hauen artean bereziki Iruñerri, Erdialde eta Erriberakoak, jokabidea aldatzeko eszenatokietan, konplexurik gabe agertzeko, euskaraz egiteaz harrotasunez azaltzeko, azken batean, geure-geure hizkuntza da-eta, eta baita txistuarena ere; orain arte txistua eta euskara bat eginda ibili dira, eta hemendik aurrera ere hala beharko luke izan. Kontu egin dezagun, halako lekuetan ere, pixka bat demokratikoa den edozein pertsonak ere, ez duela argudiorik txistulari euskaldun bati haren hizkuntza debekatzeko, frankismoaren garaietan bezalaxe. Bestaldetik, bizitzaren beste edozein alorretan bezala, nik uste dut auto-zentsura praktikatzea oso gauza kaltegarri, negargarri eta adierazgarri negatiboa dela.

Bukatze aldera, esan beharra daukat, oro har, ikasleek erakusten duten maila tekniko eta musikala oso handia eta onargarria dela. Ea, bada, hurrengo emanaldietan sumatzen ote den aldaketaren bat, onerako, euskarari dagokionez.

Recherche