Gontzal Fontaneda

Birgaikuntza

Denbora-makina honezkero asmatu ote da? Bestela, ulertezinak dira Euskal Herriko Unibertsitateko bi hizkuntzalarik 2008an egin zituzten txostenak. Arkeologoek III. mendean kokatzen zituzten euskarazko grafito batzuk (orain arte aurkitutako esaldirik zaharrenak) faltsuak zirela adierazten zuten.

Bidaiatu ote dira hizkuntzalariak III. mendera eta horrexegatik zekiten ziurtasunez garai hartako euskara nolakoa zen, eta agian ekarri ote dituzte erdialdeko arabar euskaldun haiei egindako grabazioak,… ala balio handiagoa dute bada teoria batzuek froga ukigaiek baino?

Pieza arkeologikoetako idazkunak arbuiatzen zituzten eta arkeologoek eurek grabatu zituztela esan ere egiten zuten. Adierazpen hori oso larria da, III. mendeko euskara inork ere inoiz entzun ez duelako. Orain bai, pieza arkeologikoak irakurri behintzat egin daitezke: hortxe daude eta III. mendekoak dira, kontrakoa frogatzen ez den bitartean.

Grafitoak noiz egin ziren egiaztatzeko, konponbidea oso erraza da, arkeologoek hasiera-hasieratik eskatzen ari direna:

1) pieza horiek atzerriko laborategi fidagarri eta inpartzial baten eskura jartzea, aztertu eta grafitoei data jar diezaien.
2) atzerriko talde arkeologiko fidagarri eta inpartzial bat eratzea, aurkikuntza hartako leku berean induskatzeko, ea grafito gehiago agertzen den.
Hain zaila da horren gauza erraza egitea?  

Hala ere, Arabako Foru Aldundiak teorietan oinarritzea hautatu zuen, eta 444/2008 zenbakiko foru-agindua eman zuen, zeinez arkeologoak egotzi baitzituen, geroago aztarnategia unibertsitearen eskuetan jartzeko. Foru-agindu hartako adierazpen batzuk ez dira egia. Horregatik, SOS Iruña-Veleia, Martin Ttipia eta Euskeraren Jatorria elkarteek Arabako Batzar Nagusiei eskaera bat aurkeztu diete, aldundiari informazioa galda diezaioten, aztertu eta bidegabekerien erantzukizun politiko eta administratiboak xedatzeko.

Horretaz ari naizela, Araban altxor arkeologiko horri begiramena hiru elkarte hauek bakarrik diotenez gero, zertan ari dira hainbeste euskaltzale, historialari, zientzialari,… ez ikusia egiten?

Gasteiz 2017, Eliseo Gilen birgaikuntzaren urtea.

Recherche