Maddi Alvarez

Donostiako Parte Zaharreko datuak

Ekainaren 11an, Donostiako Udal Gobernuaren boletin ofiziala dirudien “Diario Vasco”-k −berari soilik ematen baitizkiote honelako informazioa− artikulu bat argitaratu zuen Parte Zaharrean ostalaritzaren alorrean egiten (omen) diren ikuskapenei buruz. Nire ustez artikuluaren helburua zen erakustea udalak nolako lana egiten duen gure auzoa zaintzen. Bertan ematen dituzten datuei erreparatuta, ordea, eta kalkulu txiki batzuk tarteko, garbi ikusten da zein den benetan gure auzoan ematen den egoera:

«Se han efectuado más de dos centenares de inspecciones» dio testuak. Eta izenburuan irakurtzen dugunez «han realizado 185 actas por incumplimiento», beraz gehien-gehienek ez dute indarrean dagoen araudia betetzen!

Terrazei buruz: 51 inspekzio, 39 akta (batzuk baimenik ez zutelako!), hau da, %76,5ek ez dituzte arauak betetzen. Bestalde, 56 taberna-almazen ikuskatu dira. Kontrolak egiten hasi direnetik, 24k legeztatzeko tramiteak hasi dituzte, beraz legez kanpo egon dira martxan orain arte (baimenik gabeko terrazak dauden bezala), eta beste 17 itxi egingo dituzte, hots, %73k ez dituzte arauak betetzen. Hau da, establezimenduen hiru laurdenak ez dute legea betetzen.

Azkenik, egun (eta gau) santu guztia −«las 24 horas de los 365 días del año»− auzoan sartuta pasatzen omen dute kontrol poliziala egiten, baina 2024ko lehenengo 4 hilabeteetan aforoaren 9 inspekzio egin dituzte. Bederatzi bakarrik?! «Tanto las patrullas como los policías de paisano (...). Son efectivos que detectan infracciones e informan a la UCOM». Nora daude begira bada, zapatetara?! Auzoan bizi garenok egunero ikusten ditugu arau hausteak: nonahi uzten dituzte terrazako altzariak edo botilez betetako kaxak, gauean ostegunetik aurrera beti dago jende piloa kalean edaten, oihuka, eta taberna batzuetan musika altuegi egoten da... Zaborra/kartoia finkatuta duten ordutegia baino lehen ateratzen dute kalera edo auzoko kontainerretara botatzen dute, poltsa erraldoietan, askotan trabatuta utziz, eta abar.

Eta sute asko sukaldeetan...

Egia baldin bada kontrol horiek egin direla, eta hainbeste arau-hauste aurkitu baldin badira, ondorio bakar bat atera daiteke: orain arte ez dutela beren lana egin, eta ondorioz, ostalaritzan dagoen inpunitate giroa dela nagusi gure auzoan.

Recherche