Irune Lopez Carriba

Erlazio arriskua

Pil-pilean, hamaiketako kafe tarteko etenaldiko elkarrizketako protagonista sutsua, “Lau teilatu” abestia gabonaldian buruan errepikapenean bezala, hura gelditzeko aukera barik, datorkigu oraingo honetan Covid-19 goitizenarekin zurrumurru amaiezin berria. Hala ere, espekulazio itsuak, sekretupean bideraturiko datu bilketak eta berifikazio handirik gabeko larritasun gorakadak alde batera utziz, birusak txikitan nire arreta erakarritako gertaera-kate baten istorioa gogorarazi dit. Izan ere, antza denez, irudikatu dezakezun munduko edonor tarteko sei pausoetara dagoela diote; kontaktu zerrenda txikienetik hasiz, pertsona bat aukeratu eta Lurreko antipodetan lasai asko dabilen hautagaitik urruntzen zaituzten bost bitartekari aurkitzen omen dira soilik.

Sei graduko bereizketaren ideia: gizabanako ezagunen kopurua, zerrenda-kateko erlazioekin batera, esponentzialki hazi egiten dela oinarri hartuz.

Gaur egun, teknologia itzalezinak gaztaroan egun oso batez hain maitaturiko idoloekin lotuko gintuzkeen hurrengo ezagunak bilatzen entretenitu ohi gintuzten teoria xelebreak uxatu ditu. Gizabanakoen arteko elkarrekiko kontaktua sare sozialetara murriztu da. Edo zabaldu egin dela esan genezake, jada ez ditugulako sei bitarteko beharrezko munduko ia edozein pertsonarekin konexio bat zehazteko eta sendotzeko. Erlazio mekanismoa erraztu dugu, gizakion arteko ustezko gertutasunak, irudikaturiko limiteetatik at eraikitzen dela bermatuz.

Dena den, munduak mukizapi bat izaten jarraitzen duen bitartean, ez zapirik partekatu, eta kutsatze distantziak mugaturiko sei oinak gorde. Agian, batek daki, auskalo zein zerrenda erakargarriko hurrengo funtsezko katebegi izatea egokitzen zaizun, gakoa, oraingoan, tarteko kate-konexio egokiak aurkitzean datza eta.

Recherche