Jose Luis Erdozia

Iruña Veleia gose greban

Laster, bi hilabete beteko ditu dagoeneko gose greban Gasteizen Joxemari Lejardi «Gabixola» bizkaitarrak. Berehala esaten da, bi hilabete ezer ere jan gabe. Esan bai, berehala, baina jasan beste kontu bat da. Oso barneratuta izan behar da aldarrikatzen dena, hainbeste denboran gorputzari ezer solidorik sartu gabe irauteko. Barneratuta eta horrekin batera, aldarrikatutakoa lortzeko beste irtenbiderik ez dela ikusten garbi izana. Eta baldintza horiekin guztiekin ere, gogorra baino gogorragoa hartutako erabakia.

Hala ere, ez dirudi tamaina horretako ekintzak beharko lukeen jarraipena edo isla izan duenik euskal gizartearengan. Gasteizko Alde Zaharrekoek edo gutxienik Aiztogile kalekoek bai izanen dute gose greba honen berri, hortxe ari baita burutzen Gabixola bere saioa, baina Euskal Herriko gainerako txokoetan ez du ematen ezer sumatu denik. Euskal komunikabide gehienek antzeko egoerei eskaini izan dieten arreta, ez diote oraingoan euskal kulturak inoiz izan duen aferarik garrantzitsuena argitzeko burutzen ari den honi eskaini. Haiek jakinen dute zergatik!

Gose greba honekin Eusko Legebiltzarrak Iruña Veleiako grafitoak laborategi egokietan aztertuko dituztelako bermea eskaini dezan lortu nahi da. Horretarako, jakina, ezinbestekoa da gertu egon daitekeen aferari buruzko azken epaiaren ondoren, Arabako Aldundiak zaintzan dituen grafitoak ez suntsitzea, lehen epaiketan entzundako zenbait testigantzak horretarako kezka sortzen du eta.

Horregatik, garrantzitsua izanen da larunbat honetan, irailak 19, 18:00etan Gasteizen, Bibat museotik (Aiztogile kalea, 54) Eusko Legebiltzarrera eginen den giza katean parte hartzea. Gonbidatuta zaude.

Recherche