Imanol Marañón

Mila esker Benito

Urrundik heldu naiz eskutitz hau idaztera. Ez naiz kontziente noiz edo nola entzun nituen zure lehen kantak. Ziur aitaren R-12an izango zirela edota etxeko tokadiskoan. Aitak zure disko guztiak ditu, baita 45-ekoak ere. Beti pentsatu izan dut, zure disko guztien errekopilazio handiena gure etxean zela. Eta gure etxean musika jartzen bazen Benitoren kantak ziren beti musika aparailutik irteten zirenak.

Nire haurtzaro eta nerabetasunak, nere herriko neskatxa maitez, formez, urrundik heldutakoez edota Bizkaia maitez beterik izan ziren. Nire gaztetasunetan olerkiei eginiko hurbiltzea Orioko bardoaren ahotsari jarraiki egin nituen. Atarratzeko gaztelutik, Orbaizetako arma olara ziztu biziko bidai batean murgildurik bizi nintzen. Eta bidai haietan, Zuberoatik Bizkairako tarte haietan ahots batek besarkatzen ninduen.

Gaur jakin izan dugu Benito Lertxundik eszenatokiak utzi dituela. Dagoeneko merezitako erretiroa hartu duela, behintzat zuzeneko agerraldietaz. Eta notizia irakurri bezain laster, Orion izan nintzen azken kontzertuaz oroitu naiz. Urte pare bat izango dira, abendua zen Kataluniatik gurasoei bisita egitera etorri nintzen eta Benitok zuzenekoa zuen Orion. Hara joan ginen. Hotz ikaragarria pasa genuen ateak zabaldu zituzten arte. Gaur, hotz hura gorputzean sartu zait notizia irakurri bezain laster. Baina handik gutxira, amonaren etxe pizgarriko sukaldeko suak bezala, Benitoren ahotsak berotu nau, kontzertu hartan bezalaxe.

Mila esker Benito gure/nire historiaren parte izateagatik. Mila esker nire bizitzari musika jartzeagatik eta Euskal Herriko musika eta euskarazko musika haundi egiteagatik. Betirako gure bihotzetan izango zara. Disfruta ezazu erretiroaz.

Recherche