Nik ere salatzen dut
Nik ere gogor eta indar guztiekin salatzen dut Espainiako eta Frantziako Gobernuek mantentzen duten egoera gaizto eta maltzurra euskal preso, deportatu eta atzerriratuekin, arrazoi hauengatik:
1-. Gobernu horiek ez dituztelako betetzen Europako lege, araudi eta gomendioak, gai hauetan.
2-. Gobernu horiek lege ez-demokratiko batzuk asmatu eta inposatu zituztelako, presoak, deportatuak, ihes egindakoak eta beren familiak gehiago zigortzeko, hau da, gaztigu erantsia emateko eta mendekua praktikatzeko.
3-. Aipatutako gobernuei, sakabanaketak, bakartzeak, jipoitzeak eta urruntzeak ez dizkietelako ekarri beraiek espero zituzten emaitza politiko eraginkorrak, baina, hala eta guztiz ere, eta 28 urte edo gehiago igaro badira ere, berdin-berdin mantentzen dituztelako neurri bidegabe horiek.
4-. ETA erakunde armatuak, duela bost urte baino gehiago, behin betiko utzi zuelako armen borroka eta bere armagabetzea saiatzen ari delako egiten, bi gobernu handi horien oztopo guztien gainetik.
5- Preso horiek eta gainerako pertsona guztiek, errudun izanda ere, beren giza eskubide unibertsalak dauzkatelako, estatu demokratiko orok bete beharrekoak.
6-. Frogatuta dagoelako neurri horiek ez dutela batere laguntzen presoak birgizarteratzen, eta, hori izan behar dutelako helburu nagusia espetxeek, alegia, bere atxiloak birgizarteratzea.
7-. Preso gaixo larriek eta adinean aurrera joandako gatibuek ezin dituztelako jaso behar bezalako tratamendu klinikoak eta zainketa arretak.
8-. Presoen, deportatuen, deserriratuen eta abarren senideak, ahaideak, lagunak eta auzokoak ez direlako errudunak. Horiek ez dute inolako deliturik egin, baina, hala ere, honako zigor erantsi doako hauek pairatzen dituzte sarritan: istripuak, heriotzak, zauriak, elbarritzeak, kontrolak, jazarpenak, estresak, gastu ekonomiko ikaragarri handiak, debekuak, denbora galtze handi-handiak, guraso eta aitona-amona zaharrak ezin joan izatea beren senitartekoak ikustera, bidaiak luzeegiak eta latzegiak direlako, haurrek beren gurasoekiko haurtzaroa galtzea, eta abar, eta abar.
9-. Espainia eta Frantziako gobernuek ez dutelako erakusten batere borondate onik, konponbidea eta bizikidetza egokia lortzeko gure gizartean. Eta
10-. Afera hau sakonki aztertuz gero, beste hamaika arrazoi gehiago ere erraz aurki litezkeelako, egoera eta jokabide desegoki hauek salatzeko.
Nik ere gorputz eta arimaz salatzen dut!!!