Buru gaixotasunak, gure garaiaren adierazgarri
Gaur, Osasun Mentalaren Munduko Eguna, buru arazoen inguruan kontzientziatzea helburu duen eguna da. Osasun mentala pertsonaren eta bere ingurune soziokulturalaren arteko jendarte- eta jokabide-oreka egoera da; egoera horretan parte hartze soziala, oztopoei aurre egiteko gaitasuna, eta ongizatea eta bizi kalitate ona lortzeko errealitatearen eta bere buruaren pertzepzioa eta ustea ditu pertsonak. Ongizate emozionala, psikologikoa eta soziala. Gai horren inguruan hausnartzeko egun aproposa da, hala esan ohi da; dena den, ez luke izan behar hain ohikoa eta kezkagarria den arazo horretaz hausnartzeko eta hari aurre egiteko neurriak pentsatzeko egun bakarra.
Itxuratik harago, azken urteetan buru gaixotasunak areagotzen joan dira, eta pandemiaren ondoren nabarmenago sumatu dira. Baina buru gaixotasunak ez dira ezkutatu behar; aitzitik, horiek detektatzeko eta jasaten dituztenei garaiz laguntzeko agerian behar dira. Antsietate nahasmenduak, depresioa edo elikadura portaera batzuk, ohikoenetako zenbait aipatzearren, beren kausak dituzte, eta batzuetan ondorio ikaragarriak. Ez dira arlo jakin bati dagozkion gaixotasunak, baizik eta, esate baterako, ikasleen artean gertatzen direnak eta baita lan munduan ere, maiz lan baldintza kaskarren ondorio, eta kasu horretan, beraz, horiek ere aintzat hartu behar ditu prebentzioak. Zer esanik ez, gure osasun sistema egokitu beharra dago arazoaren tamainara. Onartu beharra dago, halaber, medikuntzak ezin dituela jendarteko arazo guztiak konpondu, eta gaixotasun mentalen kausak gizarte arlo guztietan daudela, egoera sozioekonomikoan, bizimoduan... eta horietan ere eragin beharra dago, sendabide bila.
Gaur egun osasun mentalaren arazoak ezin dira jarduera zehatz bati lotu, eta esan liteke gure garaiaren adierazgarri direla. Horren aurrean, ez dirudi ezikusia egitea jokaerarik onena denik; aitzitik, onartu egin behar da, laguntza eskatzea normalizatu, gaixotasuna ezagutu eta, inor estigmatizatu gabe, ahal den neurrian sendabidea jarri. Hartarako, errazagoa izango da konfiantza giroa sumaraztea, erakunde publikoek emandako konfiantzatik hasi eta jendarte osora hedatuta.