Hezkuntza sistema agortuak eraldatu

Euskal Herriko hezkuntza sistemak agortuak daudela uste zabaldua da. Birpentsatu egin behar direla, berrikuntzaren ahalegina biderkatu eta jauzi kualitatibo bat eman behar dela uste dute hezkuntzan diharduten langile eta eragile ugarik. Indarrak eta proposamenak metatu dira eraldaketaren alde, gure herriak Hezkuntza Hitzarmen berri bat behar duela adostasun zabal baten parte da, oinarri-oinarrizkoa dela inork ez du zalantzan jartzen. Lur partekatu bat da hori, esku askoren artean landua. Agortze horren sintomak ezin ukatuzkoak diren bezala, eraldaketarako gogo eta gakoak mahaigaineratu dira. Herri erronka latza da hau, baina badago indarra eta etor liteke argi handi bat.

Hezkuntzaren egoera horretan demografiak zein ondorio dituen; horren berri ematen duen pieza aski interesgarria dakar gaurko egunkariak. Populazioaren piramidea biratu eta buelta ematen ari da Euskal Herrian; aldaketa demografikoa itzela da, jaiotza-tasa izugarri jaitsi da eta horrek hezkuntzan (eta beste hainbat esparrutan) eragin handia du. Aldaketa kuantitatiboa eta kualitatiboa da; atzerritik etorritako familien haurrak ia %30 dira dagoeneko (2000. urtean %2). Ikasgela eta ikastetxeetan gero eta aniztasun handiagoa dago. A eta B ereduek ikasle ekonomikoki zaurgarrienak hartzen dituzte, baita atzerritik etorritakoak ere, alde handiz gainera. Eta eredu horietan dago kurtso errepikatze gehien eta ikasten jarraitzeko espektatiba txikienak. Gizarteak, oro har, bizkar eman die eredu horiei, baina batzuetan ematen du mantendu egin behar direla, «pobreak eta etorkinak» bertara bideratzeko.

Ez da bidezkoa eta onargarria, errotik da berdintasunaren aurkakoa. Hezkuntza Hitzarmen berriak oso kontuan hartu eta eraldatu beharko lituzkeen errealitateak dira. Nazio ikuspegiz beti, etorkizunaren gaineko bisio berri eta komun batetik. Erradikaltasunez, sakonetik, arazoen muinera joanez. Eta anbizio handienarekin jokatuz, munduko esperientzia aurreratuenen arrastoan koka gaitzan.

Recherche