Nonahi irribarreak piztu dituen askatasuna

Duela lau hilabete, kartzelatik atera berritan, Pablo Gorostiagak galdetu zuen zergatik eskatu behar zuen berak barkamena. Galdera berbera egin liteke Jose Luis Elkororen gainean, zortzi urteko espetxe zigorra bete duenean, azken bostak etxean kontrol zorrotzaren pean. Erakunde armatuko kide izateagatik zigortu zuten, “Egin” egunkaria bultzatu eta haren argitaldari Orainen Administrazio Kontseiluko partaide izateagatik. Egunkari hura legez kanpo itxi zuten 1998an; hala ere, hainbat lagun kartzelatu zituzten. Akusatuei ez zieten armarik bat ere harrapatu, ez ekimen armaturako planik ere. Egia esan, ez zegoen inongo erakunde armaturekin lotzen zituen frogarik, epaiketan peritu gisa jardun zuten guardia zibilek berek aitortu zutenez.  

Hala eta guztiz ere, batzuek uste dute Elkorok barkamena eskatu behar duela bere jardunbide luzeagatik, hainbat euskal herritarrek eskertzen dioten horregatik guztiagatik, hain zuzen. Esate baterako, frankismoaren amaieran, Bergarako alkate zela, hain eragin handia izango zuen euskal alkateen taldea sustatu zuelako, edo ikurrinaren eta amnistiaren alde gogotik lan egin zuelako. Baita Xibertako elkarrizketan parte hartu zuelako ere. Askok Herri Batasunaren zuzendaritzako kide gisa eta oro har ezker abertzalearen baitan Euskal Herriaren eskubideen alde eta irtenbide adostuen alde egindako ahaleginak ere eskertzen dizkiote. Eta, nola ez, “Egin”-en sorrera.

Bide luze horretan ezin konta ahala mintzaide izan ditu Elkorok aurrez aurre, hala nola Argala eta Txomin Iturbe, edo Xabier Arzallus eta Adolfo Suarez presidente espainiarra, betiere herri honentzako irtenbide demokratikoen bila. Eta adiskideak erortzen ikusi izan ditu, hala nola Xabier Galdeano, Santi Brouard edo, bertatik bertara, Josu Muguruza. Estatu espainolak, baina, barkamena eskatu behar duela uste du, bere bizitzako urterik onenak, eta txarrenak, bere herriarekiko konpromisoari eta gizarte justiziari eskaini dizkiolako. Euskal Herrian zehar, ordea, Elkorok askatasuna berreskuratu izanak irribarre ugari sortu ditu.

Recherche