Rafah: krimenetan kriminalena

Sinesgaitza dirudi Gazako palestinarrentzat bizi baldintzak oker daitezkeela pentsatzea, baina datu guztiek hori adierazten dute. Gerratik ihesi eskaini zieten azken aterpeak ez du aterpetzen, babeslekua izan behar zenak ez du inor babesten, etsita eta traumatizatuta dagoen jendeak ez dauka bizirik jarraitzeko ihesbiderik. Ez dago nora joan, nora ebakuatu, desesperazioaren presio-eltzea lehertzear da. Lau hilabete baino gehiago igaro dira Israelek Gazaren kontra gerra hasi zuenetik; Hamasen kontra zela zioen, baina lurrazpiko tuneletan gordetzen direnak baino gehiago lurralde hartan bizi den herria du jomugan, umeak eta emakumeak bereziki; belaunaldi osoak ezabatu nahi dituzte, eskuliburukoa den genozidioaren bidez. Eta krimenetan kriminalena den horren azken kapitulua, ustez Hamasen suntsipena eta bahitu israeldar guztien askapena ekarriko duena, Rafah hirian idazten hasi da. Milaka palestinarren odolarekin, sarraski neurrigabean, munduaren kezkei eta kritikei entzugor. Israelgo Armadari argi berdea eman diote.

Gerraurrean Gazak zituen 2,4 milioi biztanleen erdiak baino gehiago Rafah hirian pilatuta daude, plastikoen pean, ur edangarririk gabe, gosez, gaixotasunen artean, gerrako errefuxiatuentzako zorigaiztoko kanpamentu bilakaturiko gunean. Gazako iparraldetik behera iritsiak dira gehienak, eta ez daukate hegoalderago joateko aukerarik. Atzean utzi zituzten hiri eta auzoak hondamendi erabatekoan daude, eskolarik gabe, ospitalerik, meskitarik, zaborra biltzeko edo ura tratatzeko instalaziorik gabe. Eta, hala ere, Israelek eraso egingo diela ohartarazi dio munduari, ez erasotzeko eskatzea gerra galtzea nahi izatearen sinonimoa delakoan.

Rafah dagoeneko hondamendia da, hitzaren esanahi hertsienean. Eta Israelek iragarritako eraso militarra masa hilketa programatua izango da, etsaia behin betiko sarraskituko duela pentsatuz, gerraren nazioarteko legeak lotsagabe bortxatuz gauzatua. Baina bere helburuak lortuko balitu ere, alegia Hamas suntsitzea eta gazatarrak herrigabetzea, palestinarren etsipenak eta deshumanizazioak hor jarraituko dute, erresistentzia eta borroka berrien ernamuin.

Recherche