‘Francoren bilobari gutuna’

Astelehenean Luhuson estreineko lana eskaini ostean herriz herriko birari ekingo dio ‘Francoren bilobari gutuna’ lanak. Hona sinopsia: «Iñakik hamar urte eta leuzemia ditu. Joxanek berrogeita sei urte eta gerra zibileko obus baten txatala buruan. Etorkizun bideragarririk ez duen ospitalean iragana eta oraina kateatzen dira Migel eta Kristina medikuen ametsetan. Itxarongeletan sekula agertzen ez diren pazienteen izen zerrendak entzuten dira ordena alfabetikoan eta Carmen Martinez-Bordiuk betetzen du bihotzeko aldizkari maiztuaren azala».

[Mina agertu eta sendagaia izan nahi duen antzezlana - Idoia Eraso]

Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiaren arteko elkarlanaren emaitza da antzezlana, Ximun Fuchs-ek zuzendu du Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi. Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Erika Olaizola eta Pako Revueltas dira aktoreak. Gaur iluntzean Gasteizen eskainiko dute lana, Azpeitian izango dira etzi eta hilaren 9tik 13a bitarte Donostian. 17an eskainiko dute Bilbon, 18an Leioan, 19an Donibane Garazian eta 26an Larresoron. Maiatza arte luzatuko da herriz herriko emanaldia. Xehetasun denak antzezlanaren webgunean topatuko duzue: franco.eus

02 NOV. 2016