GAUR8

Eukalipto landaketak Urumean, adituen kezka Biodibertsitatearen Nazioarteko Egunean

Urumea bailaran gero eta ugariagoak diren eukalipto landaketek ekosistemetan dituzten eraginez ohartarazi dute hiru adituk sinatutako idatzi baten bidez. Gaur ospatzen den Biodibertsitatearen Nazioarteko Egunean, ikertzaileek «ardura eta ezinegona» azaldu dute «inpaktu berreskuraezinak» sor daitezkeelako eta eukalipto landaketa gehiago ez egitea eskatu dute.

Biologoek hartutako eukaliptuen landaketen irudia. (GAUR 8)
Biologoek hartutako eukaliptuen landaketen irudia. (GAUR 8)

Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan, Joserra Diez eta Ibai Olariaga Biologian doktoreek eta Iñaki Sanz-Azkue Biologian lizentziatuak euren «ardura eta ezinegona» azaldu dute idatzi baten bidez, Urumea bailaran gero eta ugariagoak diren eukalipto landaketen aurrean.

Hiru ikertzaileek sinatzen dute adierazpena eta bertan diotenez, azken urteetan eta, batez ere, azken hilabeteetan, landaketak ugaritu dira hainbat lurjaberen ekimenez erakunde publikoen baimenarekin. Nafarroarekin muga egiten duten Urumeako zenbait bailaratan ematen da egoera; Usoko errekan, Kartolan edo Olaberri bailaran eta Sagarretan, besteak beste, zehaztutakoaren arabera.

Adituek nabarmentzen dutenez, biodibertsitatearen aldetik «garrantzi handiko bailarak» direla baieztatu dute 2007tik hona egindako ikerketek eta, era berean, ezagunak dira eukaliptoek ekosistemetan dituzten «inpaktu berreskuraezinak».
«Bailaren litologiak, kokapenak eta malkartasunak baldintza bereziak sortzen ditu, eta horrek espezie mehatxatu ugariren bizitoki bihurtu du», azaltzen dute ikertzaileek.


Babestutako espezien bizitokia

Biologoek nabarmentzen dutenez, eukalipto landaketa hauek kontserbatu beharreko espezie ugarien bizitokia den eremuetan eragiten ari dira. Inguru horretan «sei landare mehatxatuen 112 nukleoen presentzia» dagoela aipatzen dute, eta «mundu osoan Euskal Herria inguruan baino aurki» daitezkeen batzuk.

«Landare mehatxatu populazio gehienak gune babestuetatik kanpo daude eta egindako ikerketan jada aurreratzen genuen moduan, baso ustiaketa mota batzuk arriskutsuak izan daitezke landare horien biziraupenerako», jaso dute idatzian.


«Fauna espezie babestuen presentzia ere nabarmena» dela diote biologoek. Izan ere, hamar urtetan zehar egin duten «azterketa herpeteologikoak» 15 espezie kokatzen ditu zonaldean, «eta horietatik zazpik Europa mailako babesa dute».

Adituek aipatzen dute Aranzadik bertako aleekin egindako ikerketek ondorioztatu dutela eukaliptoek «eragin zuzena» dutela espezie horien osasunean eta biziraupenean.

Gogorarazi dute, bestalde, Urumea bailararen kokapenak «Europa mailan babestuta dauden Leitzaran, Urumea eta Aiako Harria Kontserbazio Bereziko Eremuen korridore natural moduan jokatzen» duela, «euren arteko konektibitatea ahalmenduz».


Adituen eskaerak

Testuinguru horretan, ikertzaileek zenbait eskaera egin dituzte baso kudeaketan aldaketak egiteko. Urumean eukalipto landaketa gehiago ez egitea da lehena, dagoeneko daudenen artean «korridore naturalak sortzea» ere aipatzen dute, eta «errekatik 100 metroko distantzian bertako basoa mantentzea edo errestauratzea, bisoia edo muturluzearen kudeaketa planek adierazten duten bezala».

Eskaeren artean, basogintza plan egituratu bat egitea proposatzen dute, erreken eta espezie babestuen jarraipena egitea, «basogintza lanek neurri zorrotzak betetzea» eta horien jarraipena egitea edota «bailara hauei babes-maila handiagoa ematea», besteak beste.