Herrirak «babesa eta gertutasuna» helarazi dizkie Xabier Lopez Peñaren senide eta lagunei. Euskal presoaren heriotzak «oinarrizko giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika anker baten ondorioak agerian» uzten dituela nabarmendu du ohar batean, eta salbuespeneko neurrien bitartez, egungo espetxe politikak euskal preso politikoen bizitzak «etengabeko errusiar erruleta batean murgiltzen» dituela salatu du.
«Sakabanaketa, isolamendua, zigorren luzapena, bizi baldintza negargarriak, erasoak, tratu ez duina, osasun asistentzia desegokia, larri gaixo dauden presoak espetxean mantentzea… Guztiak heriotzak eragiten dituen koktel makabro baten ingredienteak dira», adierazi du.
Martxoak espetxe politikaren ondorio «atzeraezinak era ezin gordinago batean» azaleratu ditu Herrirak gogora ekarri duenez. Hala, Xabier Lopez eta Anjel Figueroaren heriotzak, Jabi Martinezen bi lagunek izan zuten istripua eta Xabier Aranburuk, Oskar Barrerasek eta Arkaitz Bellonek jasandako jipoiak «horren eredu argia dira».
Figueroa eta Lopezen kasuak ez errepikatzeko «berme bakarra» gaixotasun larria duten presoak aske uztea dela nabarmendu du.
Basaurin eta Galdakaon
Horrekin batera, egungo espetxe politika aldatzeko, giza eskubide guztien errespetua lortzeko eta bakea eta konponbidea eraikitzeko ezinbesteko jo du «konpromisoak aktibatzen jarraitzea eta milaka herritarren bihotza kolpatzen duen eskubide urraketa honi erantzun sozial zabala eskaintzea».
Figueroa eta Lopezen kasuak berriro ez errepikatzeko eta indarrean dagoen «kartzela politika krudelarekin» amaitzeko «atsedenik gabe» lan egingo du Herrirak. Egoera salatzeko eta berriro errepika ez dadin exijitzeko, bi mobilizazio antolatu ditu: igandean, 20.00etan Basauriko Benta Plazan, eta astelehenean, ordu berean, Galdakaoko Zamakoa Plazan.