Ukberri.net webguneak jakinarazi duenez, Urtzi Paul Larreak urriaren 28an Sevillako espetxean hasi zuen gose greba utzi egin du, osasun arazoak direla medio.
Bere senideek esan dutenez, bederatzi kilo galdu ditu eta giltzurrunetako mina ere badu.
Bihar itxialdia hasiko du getxoztarrak, beste bi kide egiten ari diren bezala.
Sevilla II espetxean, hortaz, hamar presok jarraitzen dute gose greban, bertako bizi baldintzak salatzeko: Iker Agirre, Gurutz Agirresarobe, Koldo Aparicio, Asier Arzalluz, Juan Mari Etxebarri, Garikoitz Etxeberria, Jesus Goikoetxea, Manuel Gonzalez, Juan Lorenzo Lasa Mitxelena eta Roberto Lebrero.
Etxeratek jakinarazi duenez, hamar kilo baino gehiago galdu dituzte. Presoen senideen elkarteak gogora ekarri duenez, «Sevillako espetxean aspalditik bizi dute tentsio egoera gogor bat». Muturreko bizi-baldintzak jasaten dituztela ohartarazi du zuen: «beti isolamenduko moduluan izaten dituzte; ez diete inolako aktibitaterik egiten uzten; patiora irteterakoan metal detektagailutik igaro arazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten dizkiete gorputz osotik, noiznahi barrabilak edo zakila ukitzera helduz, tentsio une handiak bizi dituzte».
Arkaitz Bellonek jipoia jasan zuela ere salatu zuen Etxeratek; «aurrez-aurreko bisitetatik bueltan miaketa integralak (osoki biluztera behartuz) egin izan dizkiete; senideei ere miaketak egin izan dizkiete aurrez-aurrekora edo lokutorietara sartzeko eta honen ondorioz zenbait bisita galdu dituzte; eta abar luze bat».
Agerraldia Lizartzan
Beste alde batetik, herritar talde batek prentsaurrekoa eman zuen atzo Lizartzan, bertako semea den Garikoitz Etxeberriari, Uztegikoa den Txus Goikoetxeari eta gose greban dauden presoei elkartasuna adierazteko.
Horrez gain, Sevillako espetxean jasaten dituzten baldintzak salatu zituzten.