Naiz.info
Sevilla

Sevillako espetxean dauden 11 euskal preso gose greban dira bizi-baldintzak salatzeko

Sevillako espetxean dauden hamahiru presoetatik hamaikak gose greba abiatu dute, kartzelako bizi-baldintza gogorrengatik. Jipoiak, isolamendua eta miaketa integralak salatu dituzte.

Sevillako espetxean dauden euskal presoek borrokaldia hasi dute kartzelan dituzten bizi-baldintzen salaketa egiteko. Hamahiru presoetatik hamaikak abiatu dute gose greba (Iker Agirre, Gurutz Agirresarobe, Koldo Aparicio, Asier Arzalluz, Juan Mari Etxebarri, Garikoitz Etxeberria, Jesus Goikoetxea, Manuel Gonzalez, Juan Lorenzo Lasa Mitxelena, Roberto Lebrero eta Urtzi Paul) eta beste bik (Javi Agirre eta Iñaki Arakama) arrazoi ezberdinengatik ez dute gose greba abiatu baina bat egin dute borrokaldiarekin.

Etxeratek jakitera eman duenez, «Sevillako espetxean aspalditik bizi dute tentsio egoera gogor bat». Muturreko bizi-baldintzak jasaten dituztela ohartarazi du ohar bidez: «beti isolamenduko moduluan izaten dituzte; ez diete inolako aktibitaterik egiten uzten; patiora irteterakoan metal detektagailutik igaro arazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten dizkiete gorputz osotik, noiznahi barrabilak edo zakila ukitzera helduz, tentsio une handiak bizi dituzte».

Arkaitz Bellonek jipoia jasan zuela ere salatu du Etxeratek; «aurrez-aurreko bisitetatik bueltan miaketa integralak (osoki biluztera behartuz) egin izan dizkiete; senideei ere miaketak egin izan dizkiete aurrez-aurrekora edo lokutorietara sartzeko eta honen ondorioz zenbait bisita galdu dituzte; eta abar luze bat».

Egoera horien aurrean espetxeko zuzendariarekin bildu izan direla jakinarazi dute iturri berberek, baina, diotenez, emaitzarik lortu gabe. Epaile zein espetxeetako idazkaritza orokorrari bideratutako kexa eta salaketek ere ez omen dute emaitzarik izan.