@iontelleria
Bilbo

Dispertsioaren aurkako argi-izpiz beteko da gaur Bilbo

Bilbo milaka herritarren topaleku izango da gaur Sarek dispertsioaren aurka eta euskal presoen eskubideen defentsan antolatu duen manifestazioan. Ez dira behar luketen denak izango, agian, baina izango direnak aldarri honen aniztasun eta zabaltasunaren adierazle izango dira.

Ez da ohiko manifestazioa izango, manifestazioa baino Zabalburun topo egingo duten jendetzak osatutako bi zutaberen artean osatutako argi mosaikoa izango baita. ‘Now Euskal Herrira’ aldarri, euskal presoei eta euren senideei ezarritako dispertsioa amaitzea eta presoen eskubideen errespetua xede.

Argi-izpiak izango dira ekimenaren protagonista eta bideo bidez hedatu du Sare ekimenak mobilizazioan zehar zer, nola eta, batez ere, noiz egin behar den. Ehunka bolondres Bilbora joango diren autobusetan, hiriburu bizkaitarreko metro irteeretan eta Autonomia eta Hurtado Amezaga kaleetan arituko dira argi-izpi horiek eskuz esku banatzen. Izan ere, mobilizazioko parte hartzaile bakoitzak bina izango ditu bere eskura, antolatzaileek esandakoan ertz batetik apurtu, ondo astindu eta eskuak zerura altxatzeko.

Mobilizazioaren momentu gorena izango da hori, mobilizazioa deitu zenean iragarritakoa betetzeko unea: «munduak entzun beza! Euskal presoak Euskal Herrira orain, now, maintenant, ahora». Aurrez, zutabe bana abiatuko da La Casilla ingurutik eta udaletxetik eta horien buru asteburu batez errepideak utzi eta euren senideen bisita galduta mobilizazioan egoteko hautua egin duten senideak.

Sarek «denak eroso» sentituko diren mobilizazioa izatea nahi du eta presoen gaia «akordioen eremura» eramateko urratsa eragingo duena. Azken egunetan presoen egoera hobetzeko urratsen inguruan hainbat adierazpen izan da; EAJko zuzendaritzako hainbat kidek ez dutela manifestazioan parte hartuko iragarri dute, EH Bilduk alderdi interesen gainetik presoen eskubideen defentsan bat egiteko beharra azpimarratu du eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak azken urtean emandako urratsen balioa azpimarratu eta pauso berriak emateko prestutasuna adierazi du azken agirian. 

Babes zabala eta anitza

Ika-miken gainetik kolore anitzeko herritarren babesa jaso du manifestazioak eta ehundik gora dira horiei aurpegia jarri diotenak. Zerrenda horretan dira Aimar Olaizola pelotaria eta Willy Toledo aktorea, Juan Kruz Lakasta kazetaria eta Pedro Miguel Etxenike fisikaria, Fermin Muguruza musikaria eta Maider Unda kirolaria, Anjeles Iztueta Lakuako sailburu ohia eta ‘La Otxoa’, Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohia eta Gemma Zabaleta PSEko kidea, Juanito Oiartzabal eta Piter Ansorena, Bernardo Atxaga...

Aniztasun horren isla ere, herriz herri garatu diren ekimen eta hamaika koloretako argazki edo bideoak:


Herriz herri jasotako bideo eta argazkien bilduma

Jarraipen berezia NAIZek eta GARAk

Goizetik hasi eta egun osoan Bilbon egon ezin duenak NAIZen bidez jarraitu ahalko du dispertsioaren aurkako mobilizazio erraldoia. NAIZeko eta GARAko kazetariak Twitter bidez ariko dira mobilizazioaren jarraipena egiten (Sarek #StopDispersionNow traola proposatu du), 16.45etatik aurrera Info7 irratiak osatuko duen irratsaio berezia izango da eta 17.30ean Hamaika Telebistaren kamerak gehituko zaizkio saioari. Eguneko bideoak eta argazkiak ere jaso ahala joango dira NAIZen argitaratzen. Mediabask eta Kazeta agerkariek ere jarraipen berezia egingo diote mobilizazioari. Guztiaren fruitu jasoa GARAren biharamuneko alean ikusi ahalko da, ohiko azal batekin aski izan ohi ez den egun horietakoa izango baita gaurko Bilbokoa.