@belastegi
Donostia

Guardia Zibilaren zitazioa jaso duten senideak ez dira deklaratzera joango

Etxeratek jakinarazi duenez, etxean zein telefonoz Guardia Zibilarengandik Intxaurrondoko eta La Salveko kuarteletara deklaratzera joateko zitazioa jaso duten senideak ez dira agertuko. Gaurtik hilaren 29ra bitartean deitu dituzte lekuko bezala deklarazioak egiteko, baina ez diete zehaztu zein kausagatik den, nahiz eta senideek uste duten abokatuen atxiloketen harira dela.

Etxerateko ordezkaria, gaurko agerraldian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Etxerateko ordezkaria, gaurko agerraldian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Etxerateko bozeramaileek, Maider Alustizak eta Urtzi Errazkinek, beste senide askoz inguratuta agerraldia egin dute gaur goizean Donostian gizarteari eta ordezkari politiko eta sozialei jasaten ari diren «jazarpenaren» aurrean babesa eskatzeko. Izan ere, 127 senidek (109 gipuzkoar eta 18 bizkaitar) zitazioak jaso dituzte Guardia Zibilaren eskutik, bai etxean bertan edota telefonoz. Horietan, gaur eta apirilaren 29a bitartean Intxaurrondoko eta La Salveko kuarteletara deklaratzera joateko eskatu diete.

Senideek jarrera tinkoa hartu dute eta banan-banan idatzi bat bidali diote Guardia Zibilari esanez ez direla joango. «Senideok zerbait badugu duintasuna da. Ez gara deklaratzera joango legalki ez gaudelako behartuta. Agindu poliziala beharrean agindu judiziala jasoko bagenu prest egongo ginateke joateko, baina espero dugu epaileak ez deitzea», esan dute. Era berean, Etxeratek uste du honakoa «senideen kontrako presio berri bat» eta kartzelan daudenei mina emateko beste modu bat dela.

Bozeramaileen esanetan, zitazioan ez zaie adierazten zein kausagatik joan behar diren deklaratzera, «dirua zuritzea» ikertzen duen auzi batean lekuko bezala joan behar direla besterik ez. Hala ere, uste dute abokatuen atxiloketekin zerikusia duela. «Falta zena! senideek abokatuei nola ordaintzen diegun azaldu behar izatea!», salatu dute.

Etxeratek uste du Estatuak «maniobra honen pieza» gisa erabiltzen dituela presoen senideak. Egoera horren aurrean, euskal gizarte osoari babesa eskatu diote.