Ibon Fernandez Iradik preso jarraituko du, Parisko Dei Auzitegiak ez baitu onartu ezarri zioten zigorra eteteko eskaera, nahiz eta lasartearrak gaixotasun larria duen. Argudio gisa dio ezinezkoa dela bere gaixotasunare eboluzioa aurretik jakitea eta bere egoera bateragarria dela espetxean egotearekin. Maritxu Paulus Basurco abokatua «haserretuta» agertu da erabakiarekin.
Erabakiaren aurka Kasazio Gortean helegitea aurkeztezko aukera du eta bost egun ditu horretarako.
Bagoaz koletiboaren iritziz Dei Auzitegiaren erabakia «politikoa» da. Hala ere, lasartearraren askatasuna aldarrikatzen jarraituko duela nabarmendu du.
Elkarretaratzeak Baionan eta Lasarten
Bagoazek deituta, Baionan elkarretaratzea egingo dute gaur 18.30ean Herriko Etxearen aurrean. Lasarten manifestazioa izango da Okendo plazan, 19.30ean.
Ibon Fernandez Iradik gaixotasun larria du –esklerosi anizkoitza– eta eritasun hori egoki artatzeko osasun arloko ekipo pluridiziplinar baten zaintza behar du. Parisko Auzitegiak iazko ekainean zigorra etetea onartu zuen, baina fiskalak eta defentsak helegitea jarri zuten, azken honek epaia «kontraesankorra» zela argudiatuta.
Iazko urriaren 30ean zigorren aplikazioa erabakitzen duen auzitegiak 3. mediku txosten bat eskatu zuen, lasartearraren askatasunaren inguruan erabaki aurretik. Txostenean bi medikuk onartu zuten gaixotasunak jarraipen berezia eta arreta pluridiziplinarra behar duela, eta Fernandez Iradiren egoerak okerrera egingo duela, baina hala ere egoera hori espetxean egotearekin «bateragarria» zela ondorioztatu zuten.