KAZETA.INFO
BAIONA

Fernandez Iradiren ebazpenaren kontrako helegitea aurkeztu dute defentsak eta prokuradoreak

Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren ebazpenaren kontrako helegitea aurkeztu dute bai defentsako abokatuak, baita prokuradoreak ere. Zigorra etetea onartu zuen epaitegiak iragan ostiralean, baina ezarritako baldintza zorrotzek ez dute ziurtatzen aske geratuko denik.

Giza katea Baionan, Fernandez Iradiren askatasuna galdegiteko. (Bob EDME)
Giza katea Baionan, Fernandez Iradiren askatasuna galdegiteko. (Bob EDME)

Esklerosi anizkoitza duen Ibon Fernandez Iradi presoaren inguruan ostiralean eman zuten epaia «kontraesankorra» zela argudiatu zuen defentsak eta, hori dela-eta, helegitea aurkeztu dute.

Prokuradoreak zigorra ez eteteko eskatu zuen, eta pentsatzekoa da horregatik jarri duela helegitea.

Zigorra etetea onartu zuen epaileak, baina horrek ez du ziurtatzen aske geratuko denik. Izan ere, epaileak bi baldintza ezarri dizkio. Batetik, Estatu frantsesean bizitzeko debekua altxatzea eta, bestetik, hori lortuz gero, Pirinio Atlantikoetatik kanpo bizitzea. Lehen baldintza beste auzitegi batek erabaki beharko du eta horrek urtebetez atzera lezake bere kaleratzea.

Gainera, baliteke erabakia hartu behar duen epaitegiak eskaerari uko egitea eta, horrela, ostiraleko ebazpenak balioa galduko luke. Horregatik, lehen baldintzak dituen zailtasunak nabarmendu zituen abokatuak: «Ez badu debekua kentzea lortzen ez da aterako», ohartarazi zuen Maritxu Paulus Basurco abokatuak.