
Ukatu egin dio Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak hirugarren gradua Ibon Iparragirre larriki gaixo den presoari. Aurrez epaile berak hartutako erabakiari erreforma helegitea aurkeztu zion Iparragirreren abokatuak, eta helegite horren ebazpena da orain SER irrati katearen bidez hedatu dena. Iparragirreren egoera egunez egun larriagoa dela salatu dute behin eta berriz senide eta ingurukoek, baina Castro epailearen ustez egoera «egonkorra» da eta ez da espero «epe motzean okerrera egiterik».
Auzitegi Nazionaleko epailearen argudioak horiek. Senide eta lagunek, aldiz, Iparragirreren egoerak etengabe okerrera egiten duela salatu dute azken hilabeteotan. Maiatzean Gasteizko Legebiltzarrean salatu zuen presoaren anaiak, Gotzon Iparragirrek, bere egoera. Esku artean zituzten azken datuak aipatuz, gaixo den presoaren defentsak 450etik 137ra jaitsi zirela salatu zuen anaiak, datu larria zela adierazi zuen osasuntsu dagoen pertsona batek 1.500 eta 2.000 arteko zifretan izan ohi dituelako defentsak. Hiesa du Ibon Iparragirrek.
Agerraldi berean Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia etorri orduko helegite berri bat aurkezteko asmoa adierazi zuen Gotzon Iparragirrek eta Castro epailearen erabakia horrenbeste atzeratzea salatu zuen, gaurko erabakia ezagutu artean ez baizuten alegazio helegitea jartzeko aukerarik. Pentsatzekoa da, beraz, senideek azken erabaki honi ere helegitea aurkeztuko diotela.
Orain ezagutu den ebazpenari bide eman zion helegitea aurkeztean, hainbat sendagilek Ibon Iparragirre «egiazko heriotza arriskuan» dagoela salatu zuten.

La devastación de Gernika por el bombardeo fascista de 1937, en las filmaciones de la UCLA

Aritz Otxandiano denuncia un ataque contra su vivienda: «Se han sobrepasado todos los límites»

Gogora quiere meter a ETA también en el Memorial 3 de Marzo de Gasteiz

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales
