NAIZ

Eztabaida irekia antolatu du Gure Esku Dago-k Goierrin, ekaineko galdeketaren inguruan

Nork erabaki, zer erabaki eta zertaz erabaki adosteko eztabaida irekia antolatu du Goierriko Gure Esku Dago ekimenak Idiazabalen.

Idiazabal antolatu dute eztabaida irekia. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Idiazabal antolatu dute eztabaida irekia. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Goierriko herritar ugarik parte hartu dute ekainaren 19an egin behar duten galdeketaren inguruan Idiazabalgo frontoian Gure Esku Dago ekimenak antolatu duen eztabaida irekian.

Nork erabakiko duen, zer erabaki eta zertaz izan da eztabaidaren muina eta galdera adostea dute helburu.

Gipuzkoako Goierri eskualdea osatzen duten 22 herrietan datorren ekainean egingo dute galdeketa. Zumarraga, Urretxu, Ezkio-Itsaso, Beasain, Itsasondo, Legorreta, Legazpi, Gabiria, Ormaiztegi, Olaberria, Ordizia, Mutiloa, Arama, Altzaga, Gaintza, Lazkao, Zaldibia, Zerain, Segura, Idiazabal, Ataun eta Zegaman herri galdeketak egiteko asmoa agertu dute. Orotara, ia 70.000 biztanle.

Goierriko Gure Esku Dagok aise gainditu zuen erabakitzeko eskubidea gauzatzeko jarritako lehen erronka. Izan ere, 8.875 herritarrek babestu dute galdeketa.

Hurrengo pausua, adoste fasea izango da eta ‘Elkarrekin’ dinamika bezala izendatu dute. Dinamika horren baitan lan egingo duen Galderaren Batzordea aurkeztu zuten orain dela aste batzuk eta gaur Idiazabalen herritar eta eragile guztiei irekia izango den eztabaida antolatu dute.

Gogora ekarri dutenez, apirilaren 9an hirugarren eta azken fasea hasiko dute.