Goierriko Gure Esku Dagok herri galdeketa aurrera eramateko sortuko diren lantaldeen berri eman du gaur eguerdian Lazkaoko Areria Aretoan eta herritarrei lantalde horietan parte hartzeko deia luzatu dute.
Ildo horretan, urtarrila bitartean herriz herri egingo duten sinadura bilketaren berri eman dute. herri galdeketak herritarren babesa izan dezan.
Helburua Gipuzkoako Goierri eskualdea osatzen duten 22 herrietan datorren ekainaren 19an galdeketa bat egitea da. Zumarraga, Urretxu, Ezkio-Itsaso, Beasain, Itsasondo, Legorreta, Legazpi, Gabiria, Ormaiztegi, Olaberria, Ordizia, Mutiloa, Arama, Altzaga, Gaintza, Lazkao, Zaldibia, Zerain, Segura, Idiazabal, Ataun eta Zegaman herri galdeketak egiteko asmoa agertu dute. Orotara, ia 70.000 biztanle.
Galdeketaren helburua herritarren borondateari bidea ematea da, protagonistak bihurtuz eta ahaldunduz. Aldi berean, Euskal Herrirako eredu bat eraiki nahi dute eta prozesua zilegi izateko ezinbesteko baldintzak jarri dituzte: «gizarte ekimena» izatea, «gardentasuna» eta «zabala».
Lan talde ezberdinak aurkeztu ondoren, epeak ere azaldu dituzte. Azaroa eta otsaila artean adostasunak lortzen saiatuko dira eta herrietako galderak biltzen. Apiriletik ekainerarte berriz, galdera zehatza proposatzeko unea iritsiko da eta ekainaren 19an galdeketa eguna.