NAIZ
BILBO

Arantza Zuluetak bizi duen egoeraren salaketarekin bat egin du mugimendu feministak

Puerto III espetxean isolamendu egoeran bi urte eta erdi baino gehiago daraman Arantza Zulueta abokatuaren egoera salatzeko ekimenarekin bat egin du Euskal Herriko mugimendu feministak, 40 talderen babesa bilduta. Bakartze egoeran genero aldagaiak daukan eraginaz ohartarazi dute.

Arantza Zuluetaren egoera salatzeko ekimenarekin bat egin dute 40 talde feministak. (ARGAZKI PRESS)
Arantza Zuluetaren egoera salatzeko ekimenarekin bat egin dute 40 talde feministak. (ARGAZKI PRESS)

Bilbon eginiko agerraldi batean, Euskal Herriko 40 talde feministak babesa adierazi diote Arantza Zuluetaren egoera salatzeko sortutako Arantza SOS ekimenari.

Azpimarratu dutenez, bi urte eta hamar hilabete dira Arantza Zulueta abokatua isolamendu egoeran dagoela Puerto III espetxean, 2014ko urtarrilean atxilotu eta kartzelaratu zutenetik. Egoera horrek berak dituen eraginak aipatu dituzte, horien artean egunean 20 ordu ziegan pasa behar izatea, ikasteko zailtasunak, kirola egiteko mugak, norbere burua zaintzeko aukera murritzak...

Ildo horretan, emakume izateak Zuluetaren egoeraren okertzean duen eragina «oso nabarmena» dela nabarmendu dute. «Gizonezkoentzako prestatutako espazioa da isolamendu modulua, eta beraz, gizonez inguratuta dago, espetxezain gizonek zelatatzen dute eta haren ziega miatzen dute, espetxezainen konfiantzazko presoak ibiltzen dira inguruetan zelatatzen, ziegatik ateratzen den aldiro ukimen bidezko miaketa bat egiten dio espetxezain emakume batek inguruan gizonak begira dituelarik...», azaldu dute.

«Isolamenduari, espetxeari, gehitu iezaiozue matxismoan eta boterean oinarritutako harremanetan bizi diren pertsonak eta buru-gorputzen osasunaren kontra doan koktel indartsuarekin aurkituko gara», gaineratu dute.

Egoera larri honen aurrean, Puerto IIIko presoek egindako salaketarako deialdiarekin bat egin dute talde feministek eta antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko deia egin dute.

Zuluetaren egoera salatzeko irekitako webgunean dagoen manifestua sinatzeko deia ere egin dute eta, horrez gain, Estatu espainoleko, baina batez ere, Andaluziar herriko mugimendu feministari elkartasun eta internazionalismorako deia egin diote.

«Haien lurretan, espetxe sistema espainolak emakume baten eskubideak sistematikoki urratzen dituela jakinarazi eta haiei ekintzarako eta mezuaren zabalpenerako deia egiten diegu», aldarrikatu dute.