NAIZ

Migratzaileen ia %60k enplegua du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, gehienak zerbitzuetan

Ikuspegi Behatokiaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi diren etorkinen ia %60k enplegua du, gehienek (%75,5) zerbitzuen sektorean. Orokorrean, emakumeek lanaldi ez osoak dituzte eta zerbitzuetan aritzen diren migratzaileen %95 dira.

Lan egiten duten migratzaile gehienak zerbitzuen sektorean daude, Ikuspegiren arabera.
Lan egiten duten migratzaile gehienak zerbitzuen sektorean daude, Ikuspegiren arabera. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren biztanleria etorkin landunari buruzko azken txostenak dioenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi diren migratzaileen ia %60 lanean ari da, gehienbat zerbitzuen sektorean. Gainera, sektore honetan aritzen diren %95 emakumeak dira, gizonek industrian eta eraikuntzan ere lan egiten dutelako.

Eustaten eta Lanbideren Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkestako (BJA) datuekin egindako txosten honen arabera, emakume etorkinen laneratzea (%52,7) gizonena (%68) baino 15 puntu txikiagoa da.

Bestalde, enplegua duten atzerritarren %69,7k kontratu mugagabea du, %26,4k aldi baterako kontratua du eta %3,9k kontraturik gabe egiten du lan.

Migratzaileen %73,1ek lanaldi osoa du. Arlo honetan, ordea, desberdintasun handia dago generoari dagokionez; izan ere, lanaldi osoa duten emakumeen ehunekoa (%56,2) gizonena (%89,5) baino txikiagoa da, 30 puntutik gorako aldearekin.

Bilakaera positiboa

Inkestak migratzaileen enpleguak pandemian izan duen bilakaera ere aztertu du, eta egiaztatzen du landunen ehunekoa nabarmen jaitsi zela lehen urtean (2019tik 2020ra, 6,1 puntu gutxiago), baina goranzko joera berreskuratu zuela 2021etik aurrera.

2022an, 2019an zegoen landunen ehunekoaren antzekoa lortu zen eta goranzko joera ikusten da 2018tik 2019ra.

Emakumeen eta gizonen arteko aldeei dagokienez, kontratatutako emakumeen kopurua beti txikiagoa izanik, 2020aren ondoren kontratatutako pertsonen kopuruak gora egiteko joera zertxobait nabarmenagoa da emakumeen artean gizonen artean baino.