Aske Guneak herri harresiarekin bat egin dezala eskatu dio EAJri
Aske Gunean eginiko agerraldian, EAJri herri harresiarekin bat egiteko eskatu diote gazteek eta, era berean, Ertzaintza eurak atxilotzera ez bidaltzeko deia egin diete jeltzaleei. «Ez dezala Ertzaintza bidali Madrileko lege injustuak betetzera».
Adierazpen garrantzitsua iragarri dute Aske Gunetik gaur arratsaldean. Hala, ohiko elkarretaratzea egin ostean, agerraldia egin dute ehundaka pertsonek Bulebarrean hedabideen aurrean.
Bertan, EAJri herri harresiarekin bat egin dezala eskatu diote. «Bide honetan zintzoki eskua luzatzen diogu EAJri herri harresi honetan parte hartzeko», adierazi dute prentsaurrean.
Horrez gain, Ertzaintza «Madrildik inposatutako lege injustuak» betetzera eta eurak atxilotzera ez dezatela bidali exijitu diete jeltzaleei. Gogoratu atzo eman zuten zortzi gazteak atxilotu eta espetxeratzeko agindua.
Era berean, euskal gizartearen gehiengoa euren aurkako espetxeratze agindua betetzearen aurka agertuko litzatekeela azaldu dute. «Euskal Herri guztiak esperantzaz begiratzen gaitu. Jende asko kartzelaratu dute euren ideia politikoengatik, horregatik, nahikoa da esaten dugu», aldarrikatu dute.
«Herri harresi hau lege bidegabe horiek beteko ez ditugunaren oinarriekin sortu da», esan dute, eta EAJren oinarri sozialak berak ere Ertzaintza ez bertaratzea hobetsiko lukeen ustea aldarrikatu dute.
Halaber, arratsaldean Ertzaintzaren presentzia «handitu» egin dela salatu dute bertatik. Urko Pikaza absolbitua izan den gazteak Infozazpi irratiari eskainitako elkarrizketan esan duenez, «probokatzea eta sua piztea» da jokaera horren arrazoia.
Gainera, egunetik egunera jende gehiago ari da biltzen Aske Gunean eta, bertatik adierazi dutenez, 500 lagunetk gora izango dira bertan gaua pasatzen.
Lanuzteak eta mobilizazioak ikastetxe eta unibertsitateetan
Astelehenean egin zuten agerraldian, lanuzte eta mobilizazioetarako deia egin zuten ostegun honetarako. Ernai eta Ikasle Abertzaleek deituta, ikastetxe eta unibertsitateetan gazteenganako elkartasuna adierazteko eguna izango da beraz biharkoa.