NAIZ.INFO
DONOSTIA

Lanuzteak eta mobilizazioak ostegunean, Donostiako gazteen aldeko konpromisoa erakusteko

Ernai eta Ikasle Abertzaleak gazte eragileek deituta, ‘Konpromiso eguna’ deitu dute ostegun honetarako ‘Aske gunean’. Era berean, Izagirre hiriko alkatearekin bilkura egin dute zortziek Udalean.

‘Aske gunean’ egin duten agerraldiaren irudia. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
‘Aske gunean’ egin duten agerraldiaren irudia. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Pasa den astean Donostiako gazte zigortuen alde zabaldu zuten ‘Aske gunean’ agerraldia egin dute ostegun honetarako, hilaren 18rako, deitu dituzten lanuzte eta mobilizazioen berri emateko. Ekimen hauek «elkartasuna konpromiso» bilkatzeko helburua dutela azaldu dute.

Modu horretan, Ernai eta Ikasle Abertzaleak gazte eragileek deituta, lanuzteak egingo dituzte Donostiako ikastetxe eta unibertsitateetan. Horrez gain, 13.00etan manifestazioa egingo dute Artzain Onaren katedraletik abiatuta. Arratsaldean, aldiz, ‘Aske gunea’ indartzeko deia egin dute.

Izagirrerekin bilkura zortzi gazteek

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak espetxeratzeko arriskuan dauden zortzi donostiar gazteak hartu ditu Udalean. Modu horretan, zuzenean gazteen ahotik jakin ahal izan du haien egoeraren berri.

Jasaten ari direnaren aurrean bere elkartasuna adierazi die alkateak gazteei eta sententzia eskubide zibil eta politikoen aurkakoa dela azpimarratu du. «Bake bidean pausuak ematen ari garen garaiotan horrelako erabakiak ulertezinak dira», adierazi du.

Eguneko kronika

Goizero bezala, 08.30etan «giza harresi» bezala izendatutako zutabeak abiatu dira Easo plazatik, Katalunia plazatik eta Hernanitik gazte kondenatuei euren etxeetatik Bulebarrera laguntzeko. Hala, 09.10erako 250 pertsona ziren ‘Aske gunean’ dena martxan jartzeko.

Formatuari dagokionez, aldaketa bat izan da gaurkoan, karpa «handiago» bat modu «iraunkorrean» egoteko jarri baitute gazteek.. Muntaketaren ostean, asanblada egin dute, eguneko lan banaketa zehazteko.

10.30etan Juan Karlos Izagirre hiriko alkatearekin izan dira zortziak. 10.45etan, aldiz, ‘Tortura Euskal Herrian’ hitzaldia eskaini dute Euskal Memoriako kideek.

Pixkanaka eragile sozial ezberdinak hasi dira gunera gerturatzen, auziperatuei babesa eskaini asmoz Era berean, 12.00etako elkarretaratzean parte hartu dute. 14.00etan bazkaria egin dute.

15.30etan jarraitu dute gazteek egitarauarekin. Desobedientziaren inguruko tailerrean ikuspuntu juridikotik landutako desobedientzia izan dute aztergai, Ahiert Larrarteren eskutik.

Preso politikoekin lotutako bi dokumental proiektatu dituzte jarraian. 17.30etan ‘Barrura begiratzeko lehioak’ bota dute eta 18.30etan, aldiz, ‘31 urte’, Gatzaren inguruko dokumentala. 19.30etan elkarretaratzea egin dute, egunero bezala.

20.00etan zutabeak eraikiko dituzte berriro, gazteei euren etxeetara laguntzeko.