INFO

Galderaren Batzordea aurkeztu du Goierriko Gure Esku Dagok

Eskualdeko aniztasunaren erakusle, 27 lagun arduratuko dira «ahalik eta herritar gehienen parte hartzearekin» ekainaren 19an egingo duten galdera adosteaz.

Galdera adosteaz arduratuko den lan taldea aurkeztu dute Goierrin. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Goierriko Gure Esku Dagok aise gainditu du erabakitzeko eskubidea gauzatzeko jarritako lehen erronka. Izan ere, helburua herri herri 5.000 sinadura, botoa emateko eskubidea duten herritarren %10 ingurua jasotzea zen helburua, eta 8.875 herritarrek babestu dute ekainaren 19rako antolatu duten galdeketa.

Hurrengo pausua, adoste fasea izango da eta ‘Elkarrekin’ dinamika bezala izendatu dute. Dinamika horren baitan lan egingo duen Galderaren Batzordea aurkezten dute larunbat goizean Zumarragan. Agerraldian azaldu dutenez, 27 lagunek osatuko dute lan taldea «Goierriren aniztasunaren adierazle».

«Bere lan nagusia ahalik eta herritar gehienen parte hartzearekin denok gure senti dezakegun galdera formulatzea izango da», nabarmendu dute.

Bide horretan, hurrengo hitzordua otsailaren 27an Idiazabalen izango da. Bertan, herritar eta eragile guztiei irekia izango den eztabaida irekia antolatu dute.

Gogora ekarri dutenez, apirilaren 9an hirugarren eta azken fasea hasiko dute, «erabakiarena». Agerraldian esan dutenaren arabera «galdera zehaztuta, bai ala ez, erantzun bakoitzaren argudioak lantzeko bitartekoak jarriko ditu Elkarrekin dinamikak, herritarrek ahalik eta bitarteko gehienekin egin dezaten euren hautua». «Ekainaren 19a prozesu honen ospakizuna, elkarrekin egindako bidearen ospakizuna eta jaia izango dira, emaitzaz harago», azpimarratu dute.

Heldu den ekainaren 19an galdeketak egingo dituzte ere Diman eta Bakaikun. Astebete lehenago Azpeitian egingo dute independentziari buruzko galdeketa, eta Ispasterren ere ekainerako jarri dute hautestontziekin hitzordua.

Galdeketen dinamika 2014an hasi zuten Etxarri Aranatzen eta 2015ean jarraitu zuen Arrankudiaga eta Zollon.