INFO

Ehunka lagun bildu dira Ondarroan, bi langileren heriotza eragin duen istripua salatzeko

Manifestazio jendetsua egin dute ehunka herritarrek Ondarroako kaleetan barrena, astelehenean Santa Clara izotz fabrikan izan zen lan istripuaren ondorioz zendutako bi langileak gogoratu eta gertakari hura gaitzesteko.

This browser does not support the video element.


Ondarroan deituta zegoen bi orduko lanuztearen baitan, asteleheneko lan istripua salatzeko manifestazioak ehunka lagun bildu ditu herriko kaleetan barrena. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek deitu zituzten mobilizazio hauek eta Udalak bat egin zuen deialdiekin.

Herriko komertzioen artean jarraipen handia izan du lanuzte deialdiak.

Manifestazioa eguerdiko 12.30ean abiatu da Zaldupe zubitik, ‘Lan istrupurik ez. Prekarietatea hiltzailea’ lelopean, eta 40 bat minutu beranduago Ondarrako portuan bukatu da. Txistulari batek jotako ‘Internazionala’ eta ‘Eusko Gudariak’ doinuekin bukatu da protesta.

Mobilizazioan parte hartu dutenen artean izan da Ainhoa Etxaide, LAB sindikatuko idazkari nagusia, eta salatu du lan arloan ematen ari den prekarizazioak ondorio lazgarriak dituela. Gaineratu du enpresa eta administrazioek ez dutela arazoari irtenbidea emateko neurririk hartu.  

ELA sindikatuko Leire Txakartegik adierazi du «onartezina» dela 2016ko lehen hilabeteotan izandako lan istripuek 14 langileren heriotza eragin izana.

Sindikatuen deialdiaz gain, Ondarroako Udalak ezarritako bigarren dolu eguna dute gaur herrian.

Istripua astelehehean jazo zen, Santa Clara izoztegian izandako leherketak amoniako isuri bat eragin zuenean. Alberto Badiola eta Javier Elu langileak, 55 eta 53 urtekoak, zendu ziren bertan.