NAIZ
BILBO

Bi eguneko dolua eta manifestazioa deitu dituzte Ondarroan

Santa Clara izotz fabrikan izandako istripuaren ondorioz zendu ziren Alberto Badiola eta Javier Elu langileen heriotzak salatzeko mobilizazioa deitu dute sindikatuek biharko eta Udalak bi eguneko dolua ezarri du. Suhiltzaileak Ondarroan izan dira goizean, lantegian amoniako usaina zabaldu delako berriro.

Bi langileren heriotza eragin zuen istripuaren ondotik bilkura berezia egin dute Ondarroako Udalean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Bi langileren heriotza eragin zuen istripuaren ondotik bilkura berezia egin dute Ondarroako Udalean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Ondarroako Santa Clara lantegian atzo izan zen istripuan gertatutako Javier Elu eta Alberto Badiola langileen heriotza salatzeko, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek bi orduko lanuztea deitu dute biharko, goizeko 11.30etik 13.30era. Eguerdiko 12.30ean manifestazioa egingo dute.

Hildako langileen senide eta lagunei elkartasuna adierazteaz gain, sindikatuok istripuaren arrazoiak argitzeko berehala ikerketa bat egin dezala eskatu diote Osalani.

Horrez gain, Ondarroako Udalean bilkura berezia egin dute, hildako beharginen lagun eta senideei elkartasuna adierazteko. Biharko manifestazio deialdiarekin ere bat egin du Udalak, zeinak bi eguneko dolua ezarri duen.

Suhiltzaileak, berriro Ondarroan

Bestalde, amoniako usaina zela-eta, suhiltzaileek atzo istripua izan zuen Ondarroako Santa Clara izotz fabrikara joan behar izan dute.

Lantegi inguruan zegoen jendea urrundu egin dute, badaezpada.

Ordubete inguru eman dute bertan eta isuri berri baterako arriskurik ez zegoela baieztatu ondoren, joan egin dira.

Osalaneko teknikariak ere lantegian izan dira goizean, istripuaren inguruko ikerketa lanak egiten.