1977/2024 , 1993

Ertzaintzako agenteak Hernaniko 'Egin' egunkarian egindako miaketan.
Ertzaintzako agenteak Hernaniko 'Egin' egunkarian egindako miaketan. (Andoni CANELLADA | EGIN)
Fernando Alonso

1993: Hondo urdinaren gaineko tortura eta jazarpena

Antzerki muntaketa baterako zazpi elementu dira ezinbestekoak. Muntaketa politiko-polizialentzat, berriz, esan liteke nahikoa dela giroa sortzea, baliabideak sintonizatzea eta guztiari hondo oso bat ematea. Hondo horrek 1993an kolore nagusi bat izan zuen: urdina.

Hondo urdinaren gainean proiektatu zen lotsaren kolorea, NBEk Espainia tortura praktikagatik seinalatu zuenean. Hondo urdina izan zuen EAJk eta PSOEk 'Egin' eta Egin Irratiaren aurka egindako jazarpen doilorrak ere.

Izan ere, hitza isilarazitakoen zerbitzura jartzea beti izan da erantzukizun arriskutsua. Are gehiago kazetaritza jardunean. 
'Egin'-en aurkako jazarpen sistematikoa aspalditik zetorren, eta horretan arituak ziren, bereziki, Lakuako Gobernua eta jelkideen ingurunea. 
'Egin'-i legez zegozkion dirulaguntzak ukatu zizkioten; eta beste horrenbeste publizitate instituzionalarekin.

1993ko martxoaren 17ko 'Egin'-en azala.

Jabier Salutregiren edo Pepe Reiren aurkako ekimen judizialak ere egon ziren, eta iritzi artikulu bategatik erredaktore bat atxilotu zuten. Urte batzuk lehenago ere egon ziren atxiloketak, prozesamenduak eta isunak. Hori guztia kazetaritza-lana egiteagatik. 
Bestalde, Egin Irratiari lizentziak ukatu eta kendu egin zizkioten, eta zigor handiak iragarri zituzten. 
Gazte jelkideek prentsaurrekoak eta kanpaina egin zituzten 'Egin'-en eta bertako langileen kontra, eta kalera irten ziren kartelak jartzera eta panfletoak botatzera.

Testuinguru horretan, instalazio eta antenen kontrako sabotajeak ere ugaritu egin ziren. Martxoan, Joseba Arregik, Kultura kontseilari eta Ardanzaren Jaurlaritzako bozeramaileak, modu esplizituan aitortu zuen 'Egin'-en aurkako boikotak izaera politikoa zuela.

Baldintzak sortuta eta bitartekoak edukita, aukera baino ez zitzaien falta. Eta hori ETAk Bilbon Joseba Goikoetxea Ertzaintzako sarjentu nagusia eta jelkidea tiroka hil eta bederatzi egunera iritsi zen.

Joseba Goikoetxea zihoan autoa, Bilbon atentatuan hil zutenean. (Luis JAUREGIALTZO I EGIN)

Hala, abenduaren 1ean, Auzitegi Nazionaleko Bueren epailearen aginduz, Ertzaintza Hernaniko eta Bilboko 'Egin'-en erredakzioetan sartu zen. Aitzakia hauxe: ETAren Iraultza zergaren kontrako operatibo batean aurkitutako paper batzuk. Ziotenez, dokumentazio hori 'Egin'-eko Ikerketa taldetik ateratakoa zen. Beraz, Ikerketa taldea eta taldearen buru zen Pepe Rei Poliziaren helburu bihurtu ziren. Hain zuzen ere, egun haietan Pepe Rei ospitalean zegoen, bihotzean ebakuntza bat izan ondoren.

1993ko abenduaren 2ko 'Egin'-en azala.

Zortzi orduko okupazioaren ondoren, agenteek ehunka karpeta, ordenagailu eta material informatiko eraman zituzten. Agindu judizialaren xede zen auzian baino, bazirudien interes handiagoa zutela EAJri eta PSOEri eragiten zieten ustelkeria politikoko kasuei buruzko dokumentazioan. 


Operatiboa amaitu gabe zegoela, Juan Mari Atutxa Barne sailburuak 'Egin'-en aurkako akusazioak egin zituen. Kontrako norabidean, egunkariarekiko eta bertako langileekiko elkartasunak ere ez zuen erregistroa amaitu arte itxaron, eta jendea manifestatzen hasi zen. 
Elkartasun adierazpenik handiena abenduaren 18an izan zen. 55.000 pertsonak baino gehiagok Bilboko kaleak bete zituzten, adierazpen askatasunaren aldeko eta 'Egin'-ek jasandako harrapaketaren aurkako aldarri batean. «Jarraitzen dugu, eta jarraituko dugu», adierazi zuten. 


BilboN burututako 'Egin'-en aldeko manifestazio erraldoia. (Alfredo ALDAI I EGIN)

Ordurako, Ajuria Eneko Itunaren inguruak «begizta urdina» deiturikoa martxan jarria zuen, ETAren eta ezker abertzalearen aurkako «protesta soziala» sustatzeko. 
Ardanza lehendakariak uztailaren 27an deitu zuen Ajuria Eneko Itunaren bilera, ETAk Julio Iglesias Zamora enpresaria bahitu eta egun batzuetara. EA ez zen hitzordu horretara joan. Bilera horretan, «talde bakezaleak» bultzatzea eta behar den laguntza guztia ematea adostu zuten; bai eta ezker abertzalearen aurkako estrategia komuna zein izango zen ere.

Ardanzak irailean egindako adierazpenen arabera, «mundu marjinal, delinkuentzia huts» bihurtzen ari zen ezker abertzalea. 
Ajuria Eneko Itunak irailaren 11n deitutako manifestazioan jendetza elkartzeko eginahal guztiak egin bazituzten ere, hurrengo astean Herri Batasunak egindako deialdian milaka pertsona gehiagok parte hartu zuten.

Oraindik ez zuten belo urdina zabaldu apirilean, torturagatik Espainiak Nazio Batuen aurrean kontuak eman behar izan zituenean. NBEko kontalari bereziak egindako txosten batean, agerian geratu zen Espainiako Estatuko torturen praktika, bereziki euskal atxilotuekin egina. 
Hain zuzen ere, kartzelako baldintzek hil zuten Pello Mariñelarena euskal presoa. La Sante espetxean zegoen, handik Fresneseko Espetxe Ospitalera eraman zuten, eta bertan hil zen. 


1993ko irailaren 25eko 'Egin'-en azala.

Poliziaren tratuaren aurpegirik krudelena irailean geratu zen agerian, Gurutze Iantziren eta Xabier Kalparsororen heriotzekin; Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren eskutik hil ziren, hurrenez hurren. Aurretik, abuztuan, Juan Calvo hil zen Arkautiko Ertzaintzako ziega batean. Bilbon taxi bat lapurtu eta ihes egiteagatik zuten atxikita. 


Gurutze Iantziren atxiloketa iraileko operazio batean gertatu zen, eta operatibo hartan Guardia Zibilak hogei pertsona baino gehiago atxiki zituen. Uztailaren hasieran, ETAk Julio Iglesias Zamora enpresaria bahitua zuen, eta Guardia Zibila, Ejertzitoaren laguntzarekin, Hernani inguruan eta Adarra mendian bilaketan ari zen, lur eta aire bidezko makro-operatibo batean.
 Bahiketa horrek iraun zuen 117 egunetan, ehun pertsona baino gehiago atxilotu zituzten. Horietako gehienak aske geratu ziren; kuadrilla osoak eraman zituzten. Askatu egin zituzten, bai, baina haien testigantzek eta batzuek gorputzean zituzten torturen aztarnek argi erakutsi zuten jasandako tratua. 


Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi.

Gurutze Iantzi ez zen bizirik atera Madrilgo Tres Cantoseko Guardia Zibilaren kuartelean jasandako itaunketetatik.
 Gau horretan bertan Xabier Kalparsoro 'Anuk' ez zen bizirik atera Bilboko Indautxuko komisariatik, Durangon noraezean eta erabateko nahasmendu egoeran agertu ondoren. Aparkatutako furgoneta baten barruan ustekabean harrapatuta, Durangoko Udaltzaingoaren aurrean hasieratik ETAko kide gisa identifikatu zuen bere burua, eta, bitxia bada ere, ez Ertzaintzako ez Guardia Zibileko kideek ez zuten haren ardura hartu nahi izan.

Beraz, Espainiako Poliziaren esku geratu zen eta Indautxura eraman zuten. 
Ordu batzuk geroago, komisariako bigarren solairutik erori zen. Oso larri eraman zuten Basurtuko ospitalera eta bertan hil zen bi egun geroago. 
Espainiako Poliziarekin egon zen denboran, Ertzaintzako kideek mendira eraman zutela esan zioten. Durangoko udaltzainek esan zuten 'Anuk' haien ziegetan zegoen bitartean hiru ertzainek galdekatu zutela. 


1993ko urriaren 8ko 'Egin'-en azala.

Xabier Kalparsorok hil baino egun batzuk lehenago gutun bat helarazi zion ETAko zuzendaritzari, abuztuan atxilotu zutela eta substantzia motaren bat eman ziotela esanez, buruko nahasmendua eragin, kontrolatuta izan, eta, era horretan, erabili ahal izateko. 
Erakunde armatuak Kalparsororen gutun hori publiko egin baino egun batzuk lehenago, Jose Luis Corcuera Espainiako Barne ministroak aitortu zuen abuztuko legez kanpoko atxiloketaren aukera, baita «mendira eraman» izana ere.

Torturaren aurkako ekitaldia, 2022an, Indautxuko Polizia komisaldegiaren aurrean, Xabier Kalparsororen aurpegia proiektatzen den unean. (Aritz LOIOLA I FOKU)

Hori gertatzen zen bitartean, Ajuria Eneko Itunak buru-belarri ekin zion bere belo urdina zabaltzeari, gastuei eta baliabideei erreparatu gabe.
 Espainian, Felipe Gonzalezek ekainera aurreratu zituen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak; eta Gobernuan mantendu zen arren, akordioak bilatzera behartuta ikusi zuen bere burua. Hego Euskal Herriko hautetsontziek PSOE jarri zuten buru Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta PP-UPN Nafarroan. Euskadiko Ezkerra jada PSEn sartuta zegoen. 


Frantziako Estatuan, martxoko hauteskundeetan, PSFk kolpe handia jasan zuen, lau milioi boto galdu zituen, eta 75 eserleku baino ez zituen lortu. Ondorioz, Mitterrand presidenteak Edouard Balladur neogaullista izendatu zuen gobernuko presidente.

Filipe Bidart, Poitiers-eko epaitegietan 1993an, garaiko argazki ikoniko batean. (Bob EDME I EGIN)

Iparraldean abertzaleek beren hauteskunde kuotari eutsi zioten. 
Nafarroan, Itoizko urtegiaren eraikuntzaren inguruko gatazka gaiztotu egin zen proiektuak aurrera jarraitu ahala. Miguel Sanzen esanetan, obra Madrilen mende zegoen, eta, handik, Borrell ministroak ziurtatu zuen urtegia dena delakoaren gainetik eraiki egingo zela. Hala mintzatu zena, Josep Borrell, Europako diplomaziaren buru da gaur egun. 


Maiatzaren erdialdean Arabako espedizio bat Everesten gailurrera iritsi zen. Zoritxarrez, han bertan, urrian euskal alpinista bat hil zen.
 1993an Mandelak eta De Klerkek Bake Nobelaren Saria partekatu zuten.

Nelson Mandela eta Frederik De Klerk. (NOBEL FOUNDATION ARCHIVE)

Bestalde, Alfonso Sastrek Espainiako Antzerki Sari Nazionala jaso zuen Madrilen. 
Urte horretan kulturak bezainbeste euskarak Joxemi Zumalabe, Estitxu, Nicanor Zabaleta edo Lazkao Txiki galdu zituen. 
Lazkao Txikik ebakuntza egin aurreko egunean, irribarrez, hauxe esan zion anestesistari: «Zuk jarriko nauzu lotan, baina bihar esnatzeko zeinek jarriko dit despertadorea?». Inork ezin izan zion komatik ateratzeko iratzargailua jarri.