1977/2024 , 2001

Bigarren hegazkinak New Yorkeko Trade World Centerren aurka izan zuen talkaren irudia.
Bigarren hegazkinak New Yorkeko Trade World Centerren aurka izan zuen talkaren irudia. (United Airlines Flight 175 I The Machine Stops I Robert J. Fisch | WIKIPEDIA)
Fernando Alonso

2001: Mende berri baterako zauri zaharrak

Itxaropenak ase ez dituen urte baten azken txanpan, «urte berri, asmo berri» esaera zaharrari eusten diogu. Hala gauzak, 2001eko urtarrilaren 1ean itxaropenerako bi fronte zeuden: urte eta mende berria. Bi itxaropen elkarturik, bizitzari bira zoriontsu bat emateko.  Baina XXI. mendea aurreko hamarkadatako zauri odoltsuetatik sortu zen; orbaindu gabeko zauriek munduaren haragi mindua sakonago urratu zuten.

Garai hartako gaitz asko mende hasieran bildu ziren: desberdintasun sozialak, pobrezia, inperialismoa, injustizia, inposizioa, intolerantzia...

Irailaren 11n New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoak hori guztia irudikatu zuen. Bat-batean, bazirudien gizateriaren kontraesanek elkarren artean talka egiten zutela.

Iraileko erasoak hainbat gauzen ondorio izan ziren; eta aldi berean, ondorio kate luzea eragin zuten. Haietako batzuk zuzenak, berehalakoak izan ziren; hala nola Afganistango inbasioa eta ondorengo esku hartzeak Iraken, Libian...

2001eko irailaren 12ko GARAko azala.

Beste batzuek segurtasuna eta «terrorismoaren aurkako gerra globala» izan zituzten ardatz. Hori baliatu zuten Espainiako eta Frantziako estatuek euskal independentismoaren aurkako erasoaldi orokor basati bati estaldura emateko. Testuingurua primerakoa zen AEB eta bere baliabideak Euskal Herriko gatazkan inplikatzeko.

Irailaren 11ren ondoren, jada ezer ez zela berdina izango behin eta berriz errepikatzeari ekin zioten. Euskal Herriari zegokionez, argi zegoen gauza asko jada ezin izango zirela modu berean izan, eta parametroak aldatu behar zirela aurrerapen politikoa bermatzeko.

Irailaren 11ko AEBetako erasoak ez ziren ezerezetik iritsi. Nazioarteko taulan, piezak geopolitikaren arabera mugitzen dira. Bin Laden, adibidez, CIAko produktua eta peoia izan zen, nagusiaren aurka irauli eta etxean bertan eraso egin zion arte.

Globalizazioa finkatzen ari zen, eta sistemak erresistentziari indarkeriaz erantzuten zion. G8ak goi bilera bat egin zuen uztailean Genevan. Borroka bortitzak izan ziren Poliziaren eta manifestarien artean. Horietako bat hil egin zen karabinero baten tiroaren ondorioz.

2001eko urriaren 24ko GARAko azala.

Urtea hasi zenean, Ipar Irlandako bake prozesua larri zaurituta zegoen. Hala ere, negoziazioek aurrera jarraitu zuten, akordio sendo bat lortu arte. Ondorioz, urriaren 23an IRAk desarmatzen hasia zela iragarri zuen, eta Tony Blairrek Irlandako lurretik soldaduak erretiratzen jarraitu zuen.

Hori han, zeren Espainiaren eta Frantziaren Euskal Herriarekiko jarrera erabat kontrakoa zen. 2000ko abenduan, PPk eta PSOEk «Askatasunen aldeko eta terrorismoaren aurkako akordioa» sinatu zuten. Estatu paktu bat zen, ezker abertzalearen kontrako borroka orokorrean eskuak libre izateko. Eta ez bakarrik ezker abertzalearen kontra, edozein independentzia guraren kontra baizik.

Guardia Zibilak Amnistiaren Aldeko Batzordeen egoitza miatzen Gasteizen. (Juanan RUIZ I FOKU)

Baltasar Garzon epaileak bazuen jada ibilbide bat norabide horretan egina. Itun horren ostean, jazarpena bizkortu zuen, sumarioak destajuan irekiz, antolakundeak legetik kanpo utziz eta komunikabideak itxiz.

Urtarrilaren 18an, berriz ere Pepe Rei espetxeratu zuen, eta apirilean 'Ardi Beltza' aldizkaria itxi zuen. 'Zabaltzen' liburu eta musika banatzailearen kontra jarraitu zuen; gero, 'Haika gazte' antolakundearen aurka jardun zuen; 'Xaki' elkartea itxi zuen; eta Arnaldo Otegi prozesatzen saiatu zen.

Apirilean 'Ekin' erakundea legez kanpo utzi zuen, legez kanporatze gehiagorekin jarraituko zuela iragarriz. Hurrengoa 'Haika' izan zen, maiatzean, eta abenduan, legez kanpo utzi zituen Amnistiaren Aldeko Batzordeak.

Baltasar Garzon epailearen aginduz, espainiar Poliziak Zabaltzen enpresa banatzailea miatu zuen zazpi orduz. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Halako jarduerek hamarnaka atxiloketa eta tortura salaketa eragin zituzten, eta gainera, goragoko epaitegiek atzera bota zituzten Garzonen hainbat sumario eta ekinbide. Horren adibide argiak dira honakoak: 'Ekin' auzia, zeinetan urte amaieran atxilotuak aske geratu ziren; 'Zabaltzen'-en sumarioaren artxibatzea; 'Egin' egunkariaren itxiera legez kanpokotzat jotzea; eta AEK-ren administrazio judiziala bertan behera uztea.

Horiek guztiak oso albiste onak izan arren, kaltea eginda zegoen. Nolanahi ere, ekainaren 16an 'Segi gazte' erakunde berria sortu zen, eta hurrengo astean, 'Batasuna' alderdia. Hurrengo urtean, biak izan ziren berriro Garzonen bazka.

2001eko abenduan 'Senideak' eta 'Gureak' errepresaliatuen senideen elkarteek bat egin zuten eta 'Etxerat' jaio zen. Legez kanpo utzitako Amnistiaren Aldeko Batzordeen funtzioa 'Askatasunak' hartu zuen, baina hilabete eta erdi geroago Garzonek debekatu zuen.

Ipar Euskal Herrian, urrian, Abertzaleen Batasuna eratu zen alderdi gisa.

Abertzaleen Batasunaren Biltzar Nagusia Uztaritzen. (Bob EDME I FOKU)

Maiatzean, EAEko hauteskundeak zirela eta, PP eta PSE estrategia komun batekin aurkeztu ziren. Mayor Orejak eta Redondo Terrerosek babestutako frontismoak mesede nabarmena egin zion EAJ-EAri: %80 inguruko parte hartzearekin, 600.000 boto baino gehiago jaso zituen.

EAJ-EAren emaitzarik onenak izan ziren; ezker abertzalearentzat, berriz, txarrenak. Juan Jose Ibarretxek errepikatu zuen lehendakari moduan EAJ, EAren eta IUren babesarekin.
Bestalde, Ipar Euskal Herrian, martxoko udal hauteskundeetan mugimendu abertzaleak aurrerapen handia izan zuen.

2001. urtean, Frantziak euskal presoak aldi baterako Espainiara eramateari argi berdea eman zion. Polizia lankidetza ere –Ertzaintza barne– indartu zuten. Hain zuzen ere, Ertzaintzaren espiral errepresiboagatik, ETAk jomugan ipini zuen. Erakunde armatuak politikariak eta epaileak ere jomugan jarri zituen.

ETAren atentatua Ertzaintzako bi kideren aurka Beasainen. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Horren ondorioz, segurtasuna indartu zuten, eta bizkartzainen laguntza ohikoa izaten hasi zen. ETAk 50 bat ekintza armatu egin zituen, aurreko urtekoaren antzera, baina zortzi hildako gutxiago eragin zituen.

2001ean 200 pertsona inguru atxilotu zituzten, eta horietako askok torturak salatu zituzten. Urrian, auzitegiko medikuak Iratxe Sorzabali egindako argazkiak agertu ziren. Elektrodo bidezko erreduren markak agerian geratu ziren.

Unai Romanoren torturen aztarnak ere azaldu ziren. Irail hasieran Guardia Zibilak atxilotu zuen. Ruiz Polanco epailearen aurrean torturak salatu zituen, baina hark ez zion jaramonik egin. Espetxeratu zutenean hain zen penagarria bere itxura, ezen Soto del Realeko orduko zuzendariak argazkilari forentse bat eskatu zuen.

Unai Romano 2002an askatu ondoren torturak izan zituen ondorioak erakusten zituen argazkiaren ondoan. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Martxoan, ETAk interes turistikoen aurka egingo zuela iragarri zuen, eta Espainiara ez joatea aholkatu zien turistei. Kanpaina armatu horretan, uztailaren 24an Olaia Castresana ETAko militantea hil zen, Torreviejako apartamentu batean gordetzen zuen materiala lehertuta.

Jose Luis Arrieta Zubimendi 'Azkoiti' errefuxiatu historikoa bihotzeko gaitz baten ondorioz hil zen uztailaren 19an Tolosan.

Donostiako Aste Nagusia amaitu eta berehala, abuztuaren 20an, gerra zikineko eraso bat Alde Zaharrean izan zen. Taberna batean abandonatutako jostailu batean kamuflatutako leherkari batek Maria Eraunzetamurgil hil zuen, eta haren 16 hilabeteko biloba larri zauritu.

2001eko abuztuaren 21ko GARAko azala.

2001ean euskal kirola distiraz bete zen, Edurne Pasaban Everesteko gailurrera iritsi zenean maiatzean. Hurrengo urteetan hamalau zortzimilakoak igo zituen munduko lehen emakumea izan zen. Joane Somarriba txirrindulariak, berriz, bigarren Tourra jarraian irabazi zuen. 2002an hirugarrena. Sopeloztarraren arrakastak ondorengo urteetan ere jarraitu zuen.

Edurne Pasaban Everesteko gailurrean. (www.edurnepasaban.com)

Kirolaren alde tristean, urrian Pumorira iristen saiatzen ari ziren bost euskal mendizale hil ziren Himalaian, eta abenduaren 26an, beste mendizale nafar bat ere hil zen Patagonian.
Japoniako Akirako munduko sokatira txapelketatik euskal taldeak bota zituzten, Sakanako emakumeek, urrezko dominak jasotzera podiumera ikurrin batekin igotzean, Espainiako ereserkia jartzean eta Espainiako bandera altxatzen hastean, podiumetik alde egin zutelako.

2001ean euskararen zauri irekiaren gainean UPNk gatz gehiago bota zuen. Administrazioan euskararen erabilera murriztu zuten, Eusko Ikaskuntzari eta UEUri emandako dirulaguntza izoztu zuten eta Oposizioetan ingelesa euskararen gainetik baloratu zuten.

Juan Jose Ibarretxek hartu du Korrikaren lekukoa Gasteizen. (Jon HERNAEZ I FOKU)

Hori guztia gaindituz, «Mundu bat euskarara bildu» leloarekin martxoaren 21ean hasi zen 12. Korrika Gasteizen, eta apirilaren 8an iritsi zen Baionara, 2.150 kilometro egin ondoren.
Ibarretxe lehendakariak lekukoa eraman zuen. Lehendakari batek lekukoa eraman zuen lehen aldia izan zen; eta oraingoz, azkena.