1977/2024 , 2005

Juan Jose Ibarretxe lehendakaria Pernando Barrena eta Arnaldo Otegi ordezkari abertzaleekin bildu zen 2005eko urtarrilean.
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria Pernando Barrena eta Arnaldo Otegi ordezkari abertzaleekin bildu zen 2005eko urtarrilean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Fernando Alonso

2005: Prestaketak

Egoera aldatzeko aukera agertzen denean, inplikatutako alde bakoitzak lurra prestatzeari ekin ohi dio, abantailazko posizioa lortzeko. 2005. urtea hiru arretagunerekin abiatu zen: ezker abertzaleak egindako Anoetako Proposamena, Ibarretxeren Plana eta Zapatero presidentearen ustezko 'talantea'.

Ezker abertzaleak egindako gatazka ebazpenaren kontzeptuari zegokionez, mugimendu independentistak eztabaida eta birkokapen prozesu bat garatu zuen, agertoki berri baterantz. Aldi berean, kaleetan mobilizazioa mantendu zuen; baita harreman politikoak ere.

Arnaldo Otegi, 2004ko azaroan Anoeta belodromoan egindako «Orain herria. Orain bakea» ekitaldian. Batasunak gatazka konpontzeko proposamena aurkeztu zuen. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Juan Jose Ibarretxek, berriz, urtarrilean, Rodriguez Zapaterori hitz egiteko eskaera egin zion, eta Gasteizko Parlamentuko presidenteak lehendakariaren plana Madrilen aurkeztu zuen. Otsailaren 1ean, Espainiako Gorteek Ibarretxeren Plana erabat baztertu zuten. Lehendakariak han bertan, eta zuzenean, ikusi ahal izan zituen kontrako 313 botoak eta aldeko 29 botoak.

2005ko otsailaren 2ko GARAko azala, Madrilgo Gorteetan Ibarretxe Planari emandako gaitzezpenari buruzkoa.

PSOE, PP, IU, Coalicion Canaria eta Chunta ez zeuden espainiar subiranotasuna lagatzearen alde. Ez haiek, ez Gotzainen Biltzarrak. Azken hauek ez zuten aukerarik galdu Espainiako subiranotasuna zalantzan jartzea moralaren aurkakoa zela aldarrikatzeko.

Hori bai, ezin izan zioten Joan Pablo II.a Aita Santuari kontsulta egin, une horretan osasun egoera kritikoan zegoen eta. Apirilaren 2an, Juan Pablo II.a hil zen. Egun batzuk geroago, hilaren 19an, 'fumata' zuria egon zen Vatikanoan, eta «arrantzalearen eraztuna» Benedikto XVI.aren atzamarrera pasatu zen.

Bere plana Madrilen baztertua izan eta hurrengo egunean bertan, Ibarretxek hauteskundeetara deitu zuen apirilaren 17rako. Jelkideen maniobra taktikoa izan zen, sinetsita baitzeuden ezker abertzalearen bozak ezin izango zirela hautetsontzietan egon.

Baina independentismoak zirrikitua aurkitu zuen, eta EHAKri, Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistari, botoa emateko eskatu zuen. EHAK, bi urte lehenago sortutako alderdia, 2008an Garzon epailearen bazka izan zen.  

Hauteskunde autonomikoetarako EHAK-ren hautagai-zerrendak eta boto-orriak aurkezpena. (Jon HERNAEZ I FOKU)

Azkenean, jelkideei maniobra ez zitzaien espero bezala atera, EAJ-EAk lau parlamentari eta ia 150.000 boto galdu baitzituen. EHAK-k, aitzitik, bi eserleku irabazi zituen, Euskal Herritarrok-ekin alderatuta. PSEk bost egin zituen gora, eta PPk lau. Gertatutakoa «Espainiarentzat tragedia bat» zela esan zuen Aznarrek.

Gasteizko Exekutiboan unionistarik egon ez zedin, inbestidura saioan EHAK-k bi boto eman zizkion Juan Jose Ibarretxeri. Beraz, gehiengo sinplearekin -34 alde 33ren kontra-, ekainaren 23an Juan Jose Ibarretxe lehendakari izendatu zuten hirugarren aldiz, eta Gobernua osatu zuen EArekin eta IUrekin.

Moncloak, lehendakariaren planari iskin egiteaz eta ezker abertzalea ahultzen saiatzeaz gain, etorkizuneko edozein agertoki baldintzatzeko asmoz, presoak bahitu gisa hartu zituen. Bai gobernuko erakundeek bai biktimen lobbyek sustatuta, euskal preso politikoen kontra egin zuten. Hala, erredentzioak ukatzeari edo jada emandakoak berraztertzeari ekin zioten, ikasteko eskubidearen kontra jo zuten, eta bide ziztrinak erabili zituzten zigorra betea zutenak edo gaixo larriak ez askatzeko.

Fernando Lopez Aguilar Justizia ministroak berak ekainean ohartarazi zuen Fiskaltzak espetxe-ateraldi guztiak errekurrituko zituela. Urriaren amaieran, Jose Angel Altzuguren presoa hilik aurkitu zuten Soriako bere ziegan. Hamar egun lehenago, eta depresio larri baten ondorioz, tratamendu mediko betean zegoela, bere etxetik atera zuten geratzen zitzaion zigorra betetzeko. Horrelako gaitzarekin kartzelatzea gomendatzen ez bazen ere, espetxeratu ez ezik, isolamenduan sartu zuten.

Jose Angel Altzuguren Soriako espetxean hildako presoaren gorpuari harrera Beran. (Gari GARAIALDE I FOKU)

Mercedes Gallizok, Espetxe Erakundeko arduradunak, irailean ohartarazi zuen Gobernuak sakabanaketari eutsiko ziola. Hau esan baino bi hilabete lehenago, preso baten ahaideek zirkulazio istripua izan zuten, eta neska gazte batek egun batzuk pasatu zituen bizitzaren eta heriotzaren artean.   

Handik gutxira, bi presoren lagunek beste ezbehar larri bat izan zuten. 2005ean sakabanaketa politikak eragindako istripu gehiago izan ziren, eta istripuek hamar bat zauritu eragin zituzten.

Estatua prozesuan abantaila politikoen bila zebilen, eta horren parte zen presoak helburu hori lortzeko erabiltzea. Asmo hori zapuzteko, EPPK-k urte hasieratik borroka dinamika iraunkorra abiatu zuen espetxe guztietan: gose greba, protesta eta txapeoekin.

2005. urtearen amaieran ia 700 lagun zeuden sakabanatuta lau estatutako 88 espetxetan. Hamabost baino ez zeuden euskal espetxeetan. 
Euskal Herrian egoera hori bizi zen bitartean, Irlandan prozesua aurrera zihoan, arazo larriak izan arren. Otsailean, Ingalaterrako Gobernuak barkamena eskatu zuen «Guildfordeko lauen» kasuagatik, eta, geroago, lege bat egin zuen erbesteratuen itzulera errazteko.

Nazioarteko batzorde batek gainbegiratuta, IRAren armen uzteak bere ibilbidea jarraitu zuen; eta, azkenik, arrakastaz amaitu zen. Uztailaren 28an IRAk bide politiko eta demokratikoen aldeko apustu garbia iragarri zuen. Egun batzuk geroago, Erresuma Batuko tropen erretiratzea hasi zen.

2005eko uztailaren 29ko GARAko azala.

2005ean Tony Blairrek berriro lehen ministro kargua hartu zuen, eta Sinn Feinek ehun urte bete zituen alderdi politiko gisa. 
Blairrek Irlandan arazoak gainditu arren, islamismoaren frontea ireki zitzaion, eta uztailaren 7an, Londresen, 56 hildako eta 700 zauritu eragin zituen. II. Mundu Gerratik izandako erasorik hilgarrienak izan ziren. Hilaren 21ean beste leherketa batzuk egon ziren, eta horiek zauritu bakarra eragin zuten.

Hau Londresen, inbaditutako Irak gerra zibilerantz zihoan liztor-habia kontrolaezina zen bitartean.

Bakeak Ekialde Hurbiletik oso urrun jarraitu zuen. Israelek Palestinar herritarren aurkako jazarpenari eutsi zion, Gazatik alde egin zuen arren.

Juan Maria Atutxak ere alde egin zuen, bere kasuan Gasteizko Legebiltzarretik. Amorraturik joan zen, ezin zelako berriro bertako lehendakari izan.

Espainiako Auzitegi Nazionaletik Baltasar Garzon eszedentzia labur baterako joan zen. Eta bere estiloari eutsiz egin zuen; hau da, hamalau pertsona atxikitzeko agindua eman eta gero.

Bestalde, gazte abertzaleen aurkako 'Jarrai-Haika-Segi auzia'-ren epaiketa otsailaren 7an hasi zen. 42 gazte deitu zituzten, horietatik 23 jada espetxeetan zeuden. Espetxeratze egunetik lau urte betetzear zirenez, preso zirenak askatu behar izatea saihesteko, auziaren azken fasea bizkortu zuten.

Aste batzuk iraun zuen epaiketan, gazteek, inputazioak desegiteaz gain, izaera alai eta borrokalaria erakutsi zuten, nahiz eta zigor luzeen arriskua zuten lepo gainean.

Epaia ekainaren 20an atera zen, eta «legez kanpoko elkarteagatik» zigortu zituzten, ez «erakunde terroristagatik». Horrek nabarmen murrizten zuen espetxe zigorra. Bazirudien Garzon ez zela berearekin atera. Baina berehala Fiskaltzak eta AVTk epaiaren aurkako errekurtsoa jarri zuten, eta orduan bai, 2007ko urtarrilean Auzitegi Gorenak «terrorismoagatik» zigortu zituen gazteak, kartzela zigor handiak ezarriz.

Gazte abertzaleen aurkako makroepaiketaren aurkako protesta ekintza Bilbon. (Marisol RAMÍREZ I FOKU)

Ezkerreko independentismoaren belaunaldien arteko transmisio-katea hausteko anbizio espainiar atabikoak aurrera jarraitu zuen, eta gazte abertzaleen aurkako sarekada ugari eta handiak egin ziren. Horietako bat Grande Marlascak agindu zuen, 2009ko azaroan, hogeita hamar lagun baino gehiago atxilotuta.

'Jarrai-Haika-Segi auzia' «18/98» izeneko sumario matrizearen multzoko lehen epaiketa izan zen. «18/98» auziaren ahozko epaiketa azaroaren 20an hasi zen, eta ia urte eta erdi geroago amaitu, 2007ko martxoan.

Inplikatutako ia 50 lagunetako bat Jon Idigoras agintari historikoa zen, baina ez zen aulkian eseri, ekainaren 3an hil zelako. Hil eta bi egunera agur jendetsua jaso zuen bere jaioterrian, Zornotzan.

Jon Idigoras 2004an Anoeta belodromoan egindako ekitaldian. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Idigoras hil baino pixka bat lehenago, maiatzaren 17an, Espainiako Kongresuak ETArekin hitz egiteko baimena eman zion Zapaterori, betiere baldintza batzuk betez gero. PPk kontra bozkatu zuen.

Hilabete bat geroago, ekainaren 18an, ETAk kargu hautatuen aurkako ekintzak etengo zituela iragarri zuen.

Bazirudien pieza batzuk taularen azpitik mugitzen ari zirela, gainean jarri baino lehen. Eta bien bitartean, «Ni ere bai!» abestuz Korrika 14k Euskal Herria zeharkatu zuen.