1977/2024 , 2009

Patxi Lopez lehendakari karguaz jabetzeko ekitaldia Gernikako Juntetxean.
Patxi Lopez lehendakari karguaz jabetzeko ekitaldia Gernikako Juntetxean. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)
Fernando Alonso

2009: Lakuarako alfonbra gorria

Irailean euripean Brad Pitt eta Quentin Tarantino Donostiara heldu ziren 'Inglorious Bastards' (Ohore-gabeko sasikumeak) pelikula aurkezteko. Izan ere, filmak irailaren 18an 57. Zinemaldiko Zabaltegi-Perlak atala ireki zuen.

Adituen arreta zuzendariarengan eta pelikulan bertan bazegoen ere, Brad Pitt aktoreak protagonismo osoa bildu zuen. Maria Cristina hotelaren eta Victoria Eugenia antzokiaren arteko alfonbra gorritik pasatu zen Brad Pitt, zaleen berotasunaren erdian eta autografoak sinatzen esker-eskuin.

Bi egun Donostian eman zituen, eta denbora horretan elkarrizketak eskaini zituen, Tarantinorekin batera pelikula aurkeztu zuen, Chillida Lekun egon zen, Arzak jatetxean afaldu zuen eta, gaupasa egin ondoren, Donostia utzi omen zuen isilean eta aitzur ederrarekin.

2009ko martxoaren 2ko GARAren azala.

Hilabete batzuk lehenago, maiatzaren 5ean, protagonismo osoa Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiarentzat izan zen. Martxoaren 1eko EAEko hauteskundeen ostean, Espainiako unionismoa batu egin zen Lopez lehendakari izendatzeko eta EAJ Gobernutik botatzeko, lehenbiziko aldiz 30 urteren ondoren.

PSEren 25 legebiltzarkideei PPren 13ak eta UPyDren bakarra gehitu zitzaizkien, 39 boto lortuz; hau da, EAJ, Aralar eta EAren 35ak baino lau gehiago. EBren legebiltzarkide bakarra abstenitu zen.

Aldaketa politiko hori posible izan zen, ezker abertzalearen kontrako Espainiako Estatuaren estrategiari esker. D3M plataforma hauteskundeetatik kanpo utzi zuten, eta horrek Patxi Lopezi Ajuria Enerako alfonbra gorria ipini zion.   

Patxi Lopez (PSE) eta Antonio Basagoitiren (PP) bilera Lopez lehendakari izendatzeko. (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)

Dena den, Garzonek ez zuen bere protagonismoa galdu nahi, eta urtarrilaren 23an, Fiskaltzari aurrea hartu zion bederatzi pertsona atxilotzeko aginduz, haien artean, D3Mren bozeramaile Amparo Lasheras. Otsailaren 3an, operazioa jarraitu zuen Garzonek. Egun berean, bere kide Grande-Marlaskak Segi gazte abertzaleen erakundearen kontra jo zuen.

Espainiako Auzitegi Gorenak, otsailaren 8an, D3M legez kanpo utzi zuen. Bost egun geroago, Konstituzionalak ebazpena berretsi zuen. Ziotenez, aurkeztutako 84 hautagaietatik 82k «harreman estua zuten legez kanpo utzitako edo ezeztutako erakunde politikoekin edo hauteskunde hautagaitzekin».

Egoerak EAJ asko kezkatu zuen. Jelkideek agertoki politikoa aztertzen zuten, eta kontuak ez zitzaizkien ateratzen. Aitzitik, PSEk eta PPk gogoz txalotzen zuten, zeren EAJ Ajuria Enetik botatzea posible ikusten zuten.

Eta azkenean, horrela izan zen: ezker abertzalearen proskripzioak unionismoari bidea erraztu zion.  

D3M hautagaitza legez kanpo uztearen aurkako manifestazioa Bilbon, «Demokrazia orain» lelopean. (Monika DEL VALLE I FOKU)

D3M plataformak haien boto-papera hautetsontzietan sartzea eskatu zuen. Bozak baliorik gabekoak izan arren, kontagarriak ziren: 100.924 boto lortu zituen D3Mk.

Emaitza hori kontuan hartuz gero, Patxi Lopez ezin izango litzateke lehendakari izan, hiru eserleku gehiago beharko zituzkeelako. Baina Ajuria Enera heldu zen, eta berehala unionistek «Espainiako trantsizio demokratikoa» itxita geratu zela aldarrikatu zuten.

Armadako, Poliziako eta Guardia Zibileko agintariek Patxi López zoriondu dute lehendakari kargua hartu ondoren. (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)

Hiru hilabete beranduago, Europako hauteskundeak izan ziren, eta Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna kandidaturak ilegalizazioa gainditu zuen. Trabak traba eta boikota gorabehera, Alfonso Sastre antzerkigile eta kandidaturaren zerrendaburua Europar-parlamentario izatetik oso gertu geratu zen.

Bitartean, Pepe Mujica Uruguaiko presidente izatera ailegatu zen. Eta Ameriketako Estatu Batuetako Etxe zurira heldu zen Barack Obama, zeinak Bakearen Nobel Saria ere jaso zuen.

Azaroan, Alakrana Bermeoko atunontzia Somaliako uretan bahitu zuen pirata talde batek. Ontziaren 36 marinel 47 egunez gatibu egon ziren, eskatutako erreskatea ordaindu zuten arte.

Lopez Gobernuaren buru eta Rodolfo Ares gidari, unionismoak berehala ekin zion bere marka ipintzeari. Eta bi baliabide estrategikorekin hasi ziren: komunikabideak eta Polizia.

Alberto Surio Vocento taldeko kazetaria EITBko zuzendari orokor izendatu zuten, eta TVEko Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendari. Ongi hasteko, ETAren kontrako «pedagogia» egingo zutela esan zuten. Segituan, mapa aldatu zuten, Euskal Herriarekiko edozein erreferentzia ezabatu zuten, Espainiako erregearen diskurtsoa Gabonetan emititu zuten...

Rodolfo Ares Barne sailburuak Ertzaintzaren webgune bat aurkeztu du Bilbon, ETAri buruzko informazio anonimoa emateko. (Monika DEL VALLE I FOKU)

«Fronte guztietan ETAri aurre egitea» helburu, Ertzaintzan «berrantolaketa eta modernizazio plana» aurkeztu zuten. EAJk Ertzaintza gatazkan sartu bazuen, Gobernu berriak engaiamendu gehiago agindu zuen, baita jendartean eragin handiagoa ere.

Hiru urte eta erdi iraun zuen legealdiak. Denbora horretan, Aresek eredu polizialean funtsezko aldaketak egin zituen, Ertzaintza askoz bortitzagoa eta espainolagoa bilakatuz. Bere fundazio-printzipioetatik gero eta gehiago aldendu zuen Ertzaintza; eta hori gutxi balitz, udaltzaingoak ere sartu zituen deriba maltzur berean.

Ertzaintzaren buru Jose Antonio Varela ipini zuten, Jon Uriarteren ordez. Uriartek kargua utzi zuenean, Ertzaintzak Manex Castrori egindako torturak eta Balzaren dimisio eskaera mahai gainean zeuden.

Maiatzeko egun haietan Jon Anza errefuxiatuaren desagerpenaren berri eman zen. Apirilaren 18an Baionan hartu zuen trena Toulousera joateko, eta bidean bere arrastoa galdu zen. Handik egun gutxira, ETAk aitortu zuen Anza erakundearen militantea zela, baita desagertu zenean diru kopuru handi bat zeramala ere. Orduan, Rubalcabak esan zuen Anzak ospa egin zuela diruarekin eta, ondorioz, ez zela bere arazoa, ETArena baizik. Espainiako Gobernuko ordezkari Mikel Cabiecesek, berriz, desagerpena «anekdota»-tzat jo zuen.

 

Jon Anza errefuxiatuaren desagerpena argitzeko manifestazioa Donostian. (Gari GARAIALDE I FOKU)

Geroko informazioen arabera, Guardia Zibil batzuek Anza bahitu zuten, eta itaunketak egin ostean, hilzorian zegoela abandonatu zuten. Kasik urte bat beranduago Toulouseko gorputegian identifikatu zuten.

2009. urtean zehar gutxienez sei gazte eta preso ohi bahitu zituzten. Poliziari laguntzeko esan zieten, eta mehatxatu egiten zituzten uko eginez gero.

Espetxeetan presoek hainbat jipoi salatu zituzten. Presoen ahaideek ere jazarpena eta erasoak pairatu zituzten. Urtea bukatzear zela, EPPK-k borroka dinamika berri bati ekin zion.

ETAren historian azken ekintza hilgarria uztailaren 30ean Palma de Mallorca ondoko herri batean izan zen. Guardia Zibilaren auto bateko behealdean itsatsitako leherkari batek bi guardia akabatu zituen.

2009ko ekainaren 20ko GARAren azala.

Ezker abertzalearen kontra borrokatzea eta hari legitimitatea kentzea helburu, Lopezen Gobernuak dirua eta baliabideak jarri zituen.

Presoen argazkiekin tematu ziren. Haien irudiak kaleetatik ezabatuz arazo politikoa desagertuko zelakoan. Modu obsesiboan oldartu ziren presoen irudien kontra; lokalak asaltatu zituzten argazkiak kentzeko eta kalean istilu mordoa eragin zuten. Herrietako jaietako giroa ere larriki aztoratu zuten.

Ertzainek preso politikoen irudiak kendu dituzte Bilboko Aste Nagusiko txosnetan. (Juanan RUIZ)

Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakari Miguel Sanzek gurutzada horri eutsi zion, eta presoen argazkiak zituzten tabernak ixtea proposatu zuen. Sanz amorratuta zegoen, 16. Korrika Tuteratik irten zelako.  

Oldarraldiak, 18/98 zigortuen espetxeratzea, 'Egunkaria'-ren auziaren hasiera, dozenaka gazteren atxiloketak... Hori guztia gaindituz, ezker abertzaleak agertoki politiko berri baten alde lan egiten jarraitu zuen. Hala, bere militantziaren gogoeta eta eztabaida sustatu zuen, eta beste prozesu politikoen eskarmentua bildu eta aztertu zuen, nazioarteko adituen engaiamendua lortuz.

Urrian, Garzon epailearen aginduz, Donostiako LABen egoitzan guardia zibilak sartu ziren atxiloketa batzuk egiteko. Donostian eta beste zenbait lekutan hamar lagun atxilotu zituzten. Batasunaren Mahai Nazionala berrosatzen saiatzea leporatu zitzaien, 'Bateragune auzia' delakoa.

Polizia-operazioa LABen Donostiako egoitzan. Irudian, Arnaldo Otegi, atxilotuetako bat. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Lehen aipatutako debatea moztea eta zatitzea eragitea ziren operazioaren helburuak. Hori saihesteko, 'Fase politikoaren eta estrategiaren argipena' dokumentuaren edukia publikoa egin zuen ezker abertzaleak. Egun batzuk geroago, azaroaren 14an, 'Altsasuko Adierazpena' izan zen.

2009ko azaroaren 15eko GARAren azala.

Hau guztia funtsezkoa izan zen ziklo politiko berrirako; estrategia politiko-militarra gainditzeko.

Baina unionismoa independentismoaren apurketa bilatzen ari zen, disidentzien bila zebilen, eta gertaeren bilakaerarekin ez zeuden oso pozik. Espetxeetan debatea oztopatzeko, adibidez, egoera tenkatu zuten. Helburua argia zen: presoen eta kanpokoen arteko harremanak moztea.

Madrilen batzuek pentsatzen zuten hori plan ona zela. Brad Pittek, 'Ohore-gabeko sasikumeak' filmeko Aldo Raine tenienteak, argi zuen: «Kaka soinua du horrek, baina zer gehiago egin dezakegu? Etxera joango al gara?».