1977/2024 , 1 de Enero

Urtarrilaren lehenengoarekin hasi da memoriaren Artefaktua, etorkizuna eraikitzeko lanabesa

Urte berria ospatzearekin batera, artikulu hau irakurtzen ari bazara, Artefaktua martxan da, gaurtik aurrera egunero garatuko dugun memoria ariketa, etorkizuna egiten segitzea helburu duen ariketa, hain zuzen ere.

Guztiok jarraitu ahal izango dugu etorkizunaren Artefaktuaren ekimena interneten bidez.
Guztiok jarraitu ahal izango dugu etorkizunaren Artefaktuaren ekimena interneten bidez. (Gorka RUBIO | FOKU)

Interneten Artefaktuak egunero portada-orrialde bat izango du, eta bertan egun horretako edukia jasoko dugu. Egun bateko portadatik bestera pasatzeko nabigatu ahalko da, nahiz eta gaur bakarra izango duzuen, urtarrilaren 1ekoa. Bakarra bihar arte. Eguneroko arrastoa segituz osatuko dugu herri honen memoria.

2024ko egun bakoitzean, azken mende erdian data horretan bertan izan diren gertaera garrantzitsuenen erreportaje, argazki, azal eta iritziak eskainiko ditugu.

Portadaren goialdean, gure erredakzioan landutako artikuluak izango dituzue: eguneko kronika, garaian gure hedabideetan egindako kazetaritza lanak (euskal kazetaritzaren harribitxiak) eta gertakarien protagonisten edo lekukoen testigantzak eskainiko ditugu.

Segidan, egun horretan azken 47 urteotan argitaratutako egunkarietako orrialdeak (lehen orrialdeak gehienbat) eskainiko ditugu. Gaurko eguna, ordea, berezia izango da. Ez du atal hau izango. Urtarrilaren 1ean ez baita egunkaririk izaten. Bihartik aurrera izango duzue aukera historiarako orrialdeak egunero ikusteko. Horrela:



Ondotik, esaldi bat eskainiko dugu, egun horretan pertsonaia ezagun batek botatako esaldi esanguratsu bat. Batzuetan azalpen gutxirekin –esaldia eta kito–; beste batzuetan, aldiz, esaldi horri lotutako albistea edo elkarrizketa argitaratuko dugu berriro; eta, askotan, esaldiaren esanahia argitzen duen testuingurua azaltzeko artikulu berri bat egingo dugu.

Argazkien galeria etorriko da segidan. 22 urtetan egindako argazkiak eskainiko ditugu, Argazki Press agentzia sortu zenetik egindako epean, hain zuzen ere. Agentziak Foku du orain izena, duela urte batzuk deitura aldatu ostean. GARA egunkariaren sorrerarekin martxan jarritako komunikazio proiektu integralaren barruan, Foku fotokazetaritzaren erakusle nagusietakoa da Euskal Herrian.

Azken atala NAIZeko harpidedunentzat egongo da gordeta, haiek ere memoria ariketari ekarpena egin diezaioten.

Hauxe da, bada, interneten Artefaktuak izango duen egitura. Papereko produktuetan –nagusiki GARAn, baina baita Gaur8 eta 7k astekarietan ere– eta NAIZ Irratian ere izango du bere tartea memoriaren Artefaktuak. Telegram, Whatsapp, X, Instagram, Facebook eta TikTok kanalen bidez ere zabalduko ditugu edukiok.

Horrekin guztiarekin batera, duela kasik hiru urte harpidedunei bidalitako kaiera erabili ahal izango dute denbora honetan etxean gordeta izan dutenek. Ariketa propioa egin ahal izango dute.

Ekimen kolektiboa

Ekimen kolektiboa izan nahi du Artefaktuak. Horregatik, harpidedunek artefaktua.naiz.eus webgunean haien bizipenak, oroitzapenak edo haientzat garrantzitsuak diren argazkiak partekatu ahalko dituzte. 1977tik 2024ra bitarteko aldiko oroitzapen pertsonalak, familiarrak edo historikoak izan daitezke. Adibidez, 1983ko urtarrilaren 2an lehen aldiz aita/ama bihurtu bazinen, edo manifestazio garrantzitsu batera joan bazinen eta egun horretako argazki bat gordetzen baduzu, orduan 2024ko urtarrilaren 2an artefaktua.naiz.eus-en partekatu ahalko duzu.

Gogoratzeko duzuen edozer da esanguratsua. Helburua gure istorioak kontatzea da, gertatutakoari buruz dugun ikuspegia azaltzea, gure kontakizunak egitea.

GARAren 25. urteurrena betetzen den honetan, bagoaz Etorkizuneko Artefaktua osatzera. 1977an 'Egin' jaio zenetik, pertsona eta herri gisa hunkitu gaituzten gertaerak gogoratzeko dinamika hau osatzera. Belaunaldi ezberdinek elkar ezagutu ahal izan dezaten eta bakoitzaren nahiak partekatu ahal izan ditzaten.

Zergatik 1977tik?

Zergatik 1977tik GARAren 25. urteurrenaz ari bagara? Hori izan baitzen 'Egin' sortu zen urtea, eta itxi izan ez balute, GARArena ez den beste urteurren bat ospatzen ariko ginateke. Hemerotekari begiratuta soilik jabetzen gara herri hau desberdina izango litzatekeela gure hedabideak hor egon ez balira, haien berririk eta ikuspegirik gabe.

Hori dena gogoratzea goaz, gure etorkizuna gure oroimenean ere eraiki beharko delako.