Hitzez hitz 'Egin'-ek 1989ko urtarrilaren 6an argitaratutako albistea, Joxe Azurmendiren hausnarketa sakona jasotzen duena, gainera:
Nabarnizko Udaletxeak aho batez erabaki berri duenez, hemendik aurrera euskara hutsezko dinamikari helduko zaio Bizkaiko herri honetan. Horrenbestez, hamalau dira Hegoaldean Euskal Herrian Euskaraz erakundeak luzaturiko proposamenaren alde agertu ziren Udaletxeak.
Izan ere, Nabarnizko Udalak ezer erabaki aurretik, jarrera horren alde agertu ziren Dima, Munitibar, Aulesti eta Ondarroako udalak Bizkaiko aldean. Gipuzkoan, berriz, Orexa, Altzo, Ikaztegieta, Lizartza, Zaldibia, Leaburu, Zizurkil eta Orendain herrietako udal agintariek aintzakotzat hartu zuten EHEren proposamena. Eta Nafarroan, bestalde, Oiz herriak hartu du erabakia.
EHEk argitu bezala, «euskararen etorkizunerako ezinbestekoak diren euskara hutsezko guneak sortu nahi dira kanpaina honen bidez. Hau da, epe labur batean, bere udalerriak euskara hutsez funtzionatzera bultzatuko dituzten udalak sortzea eta hauen arteko elkartasuna bideratzea. Edo nahiago baldin bada –zehazten du EHEk–, indar politiko abertzaleen arteko akordio bat euskararen inguruko puntu honi dagokionez: 'Herri euskaldunetan lurraldetasunezko elebakartasuna' praktikara bideratzea».
Bere populazioaren %80 baino gehiago euskalduna den hainbat udalerritara igorri du Euskal Herria Euskaraz erakundeak proposamena, eta beraiek argitu bezala, indar politiko desberdinek, elkarturik, bere egin dute asmo euskaltzale hau. Ez dira bakarrik zinegotzi abertzaleak izan proposamen honen alde agertu direnak. Euskal gizartean eztabaida piztea lortu du, neurri batean, proposamenak. Kontrako usterik duenik badagoen bezala, aldeko hainbat eta hainbat agertu dira dagoeneko.
Praktika euskalduna
Joxe Azurmendi, Zorroagan Filologia Fakultateko irakaslea, bat dator udaletxe elebakardunak planteatzearen beharrarekin. Hori soziolinguista guztien aburua dela gaineratzen du: «Ez dut uste hizkuntza batek bere espazio elebakarrak behar dituela inork ukatzen duenik», dio.
Dena den, ekimena oinarrizko abiapuntua besterik ez litzateke, ze geroago «gure elebakartasuna –azaltzen du– Euskadi osoak jarri beharko du praktikan». Auzia maiz eztabaidagai suertatu izan delako, Azurmendik segidan aldarrikatzen du ez duela, inola ere, kulturalki elebakartasuna defendatzen. Bere ustez, eguneroko praktika izan behar du euskaldunak.
Beste hainbat herrialdetan gertatzen den legez, bertoko hizkuntzaz gainera zenbait berba atzerritarretan mintzo da populua, nahiz eta aipaturiko eguneroko praktika hori bertoko hizkuntzan burutu. Gainera, euskaldunok ezagutzen ditugun erdarak galtzea pobretasuna litzatekeelakoan dago. «Inposatu, biolentziaz inposatu zaigu; baina inposatu zaigunez, eta ikasi dugunez, ez daukagu zergatik ahaztu», defendatzen du.
Baina euskara biziko baldin bada eguneroko praktikan espazio elebakarrak behar dituela deritzo, eta hori «ez da berez ateratzen». Adierazten duenez, aspaldian ikastoletan sortu zen gisa honetako gune elebakarra, eta orain, berriz, lehenbailehen Administrazioan eta bizitza publikoan sortu behar zaizkio euskarari espazio elebakarrak. «Horretan, noski –aitortzen du–, ezin hasiko gara Bilbotik, baizik eta aukerarik emankorrena eskaintzen duten tokietatik; hain zuzen, jadanik euskaraz hutsezko dinamika maila bat duten herrietatik».
Orain arte euskararen alde egin diren kanpaina guztiek kontrako jarrera probokatu zutela azpimarratzen du Joxe Azurmendik. «Hauek barbaro batzuen ekintzak dira», esaten dela gogorarazten du. Bestalde, esaten du, itxuraz, hemen ez dagoela euskararen kontrako inor, teorian denak daudelako herri honetan euskararen eskubideen alde.
Dena den, baieztapen horretan sumatzen du Azurmendik kontraesanik: «Denak euskararen alde gaude, baina zerbait konkretua egin nahi den momentuan kontrako jarrera pila jasotzen da, 'barbaro' akusazio pila».
Itxuraz gauzei buelta eman nahi zaiela, hizkuntzaren prozesua irauli egin nahi dela, baina zetazko guanteekin, erabakitzen du. Labur esanda, Azurmendik salatzen du hemen tortilla jan nahi dela arrautza puskatu gabe. «Hori ez da inon egiten –dio–. Hipokrisia ikaragarria dago gizarte honetan euskarari buruzko arazo guztietan, eta ez zaio heldu nahi, ez da erreakziorik probokatu nahi».
«Ez du esan nahi –argitzen du segidan– astapotrokeriak egin behar direnik euskararen arazoan. Aldrebes, inoiz baino gutxiago egin litezke hizkuntzaren kapituluetan horrelako gauzak. Erabat puntu humano eta minbera bat ukitzen delako, eta hori badakigu inork baino hobeto guk. Hor kontuz jokatu behar dela, konforme. Baina hor oso firme jokatu behar dela ere bai, eta nik firmetasun hori orain artean ez dut ikusi».
Elebitasunaren mamua
Euskal Herria banatzen duten egitura administratibo guztietan ematen da elebitasuna eta euskal elebakartasunaren arteko eztabaida, inor gutxi ausartzen baita frantses zein espainoleko hutsezko funtzionamendua defendatzen. Azurmendik ondo ezagutzen du eztabaida, baina ez iritzi guztiak.
«Elebitasuna defendatzen dutenak ez dakit zertan ari diren –argitzen du–. Egon daitezke asmo politiko batzuk pentsatzen dutenak, esaterako, Araba, Bilbo eta beste hainbat leku erdaldunak izan behar dutela, nahiz eta gauza izango diren euskaldunen hitzak ulertzeko. Eta, aldiz, Gipuzkoako mendialdea, Zuberoa eta beste hainbat, euskaldunak izanik gauza izango dira besteei ulertzeko».
«Horrela ulertzen baldin bada gure elebitasuna –gaineratzen du–, hori flamendarren eta baloniarren soluzioa da, eta horrek 'a palos' ibiltzea bultzatzen du, ez besterik. Hori ez da elebitasuna, hemen komunitate bakar bat izango bagara, elebitasun horrek ez du komunitate bakar bat inoiz sortuko. Horrek bi komunitate sortuko ditu, elkarren artean etengabeko gatazkan biziko direnak. Eta ni, gainera, egurraren alde egongo naiz», dio.
Gatazkak sortuko ez dituen egoera bat ezin pentsa genezakeela aldarrikatzen du Joxe Azurmendik, «ez baldin badugu, behintzat, hipokritak izan nahi».
Erdaldunen elkartasuna
Hamalau dira dagoeneko Hego Euskal Herrian euskara hutsezko funtzionamendua erabaki duten Udaletxeak. Horren garrantzia kontuan izanik, Azurmendik azpimarratzen du herri honetako udaletxe guztiek badutela hamalau horiekiko erantzukizunik. Herri batek sekula uko egiterik ez daukan gauzetako bat jada irabazita duen kontzientzia maila dela deritzo. Euskara guztiona eta guztiontzat dela nonbait aldarrikatzen bada ere, faltsutzat jotzen du uste hori.
«Zoritxarrez, ez da guztiona –salatzen du–. Hobe izango balitz, baina ez da. Ez bakarrik praktikan ez delako, baizik eta ez delako gogorik erakutsi orain arte guztiona izan dadin. Guztiona izango da denek nahi dutenean, gutxienez beraiena ere izan dadila, baina nahi izan benetan».
Dena dela, ba omen dirudi momentu honetan gutxienez kontzientzia hori baduela herri honek: guztiona izan behar duela. Baina bere hitzetan horrek esan gura du «gaur berea ez duenak ere, baita udaletxeak ere, hori bere helburu bezala aitortu egin beharko duela, eta gutxienez moralki bere babesa erakutsi beharko diola hori praktika lezakeen udaletxeari».
Irabazirik dauden kontzientzia mailak ez direla galdu behar irmoki aldarrikatzen du, eta ez galtzeko bide bakarra kontzientzia praktikatzea dela, eta aitortzea. «Udaletxe hauek ere hori egin behar dute –esplikatzen du–, orain egin behar dute. Gero, noiz iritsiko diren euskaldun hutsak izatera, hori beste kontu bat da».
Legeen erasoa
Esandakoari ezer kendu gabe, Azurmendik ondo daki legeak indarrean direla. Baina dioen legez, legeek eta paperek «garatzen uzten duten praktikak bezainbeste» balio dute. Hegoaldearen kasuan «ez da inportantea gisa honetako edo bestelako Autonomia Estatutua, Amejoramendua zein Konstituzioa edukitzea –defendatzen du–, inportantea da zein dinamika garatzen den horrekin».
«Ez diet legeei inolako garrantzirik kentzen –segitzen du–, baina niretzat gaurko Euskadi hau ez da nire ametsetako Euskadi, ez sozialki ez nazionalki. Une honetan garatu dezakegun dinamikari dagokionez, legearekin konfliktoak edukitzea, ez dut bakarrik ontzat, baizik eta behar-beharrezkotzat».
«Euskara hutsean funtzionatzea erabaki duten udaletxe hauek konfliktoan eroriko dira –aitortzen du amaitzeko–, baina jakin behar dute, hala ere, aitzindariak direla eta hori egin beharra daukatela; Ikastolek eduki zuten, orain udaletxeek edukiko dute, eta benetan euskararen alde jokatu nahi duen edozerk edukiko du konflikto baten problema, bai legala baita soziala ere».